Bilaketa aurreratua

Instituzioaren kudeaketarekin erlazionatutako ebazpenak

Maiatzaren 8ko ebazpena, zeinaren bidez Atarrabiako Udalari errekerimendua formalki egiten zaion informazioa premiaz bidal dezan, eta, zigor-ondoreetarako, ohartarazten zaion haren jarrera arau-hauste astuntzat joko dela ez laguntzeagatik.

2019 uztaila 04

: 13

Maiatzaren 8ko 13/2019 EBAZPENA, zeinaren bidez Atarrabiako Udalari errekerimendua formalki egiten zaion informazioa premiaz bidal dezan, eta, zigor-ondoreetarako, ohartarazten zaion haren jarrera arau-hauste astuntzat joko dela ez laguntzeagatik.

  1. 2019ko urtarrilaren 8an, erakunde honek idazki bat bidali zion Atarrabiako Udalari, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergan edo gainbalioan egindako likidazioarekin lotuta, (…) jaunak eta (…) andereak aurkeztutako kexari buruz informazioa eskatzeko.

    Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24.1 artikuluarekin bat etorriz, hamabost egun balioduneko epea ezarri zen Udalak gai horri buruzko informazioa eman zezan.

  2. Behin legez ezarritako epea igarota, eta Udalari eskatutako informazioa jaso ez zuenez, Nafarroako Arartekoak beste bi bider egin behar izan zuen informazio-eskaera hori, 2019ko otsailaren 13ko eta 2019ko martxoaren 25eko data zuten idazkien bidez, eta hamar egun balioduneko epe gehigarria eman zitzaion batean zein bestean.
  3. Orduan ere erantzunik jaso ez zuenez, Arartekoak beste idazki bat bidali zuen joan den apirilaren 11n, eta Atarrabiako Udalari gogorarazi zion erakunde honi laguntzeko legezko betebeharra duela eta ohartarazi zion ez zela laguntzen ari.
  4. Denbora luzea igaro arren eta behar den informazioa eskatzeko behin eta berriro errekerimenduak egin arren, ez da Atarrabiako Udalaren erantzunik jaso, eta hori ez dator bat Nafarroako Arartekoari laguntza emateko legezko betebeharrarekin, eta kalte egiten dio herritarrek beren eskubideak babesteko erakundeetara jotzeko duten ahalmenari.
  5. Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24. artikuluak hauxe xedatzen du:
    1. “Kexa onartu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak bidezko ikerketa labur eta informala bultzatuko du, kexaren suposamenduak argitzeko. Kasu guztietan, eskabidearen edukiaren berri emanen dio dagokion erakunde edo sail administratiboari, haren buruak, edo haren gaineko batek, txosten idatzi, deklarazio edo dokumentazioa igor dezan, hamabost egun balioduneko epean. Epe hori zabaldu egin ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren iritziz inguruabarrek hala eskatzen badute.
    2. Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute administrazio publikoen zerbitzuko langileek edo haien gainekoek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak uste ahal izango du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi egingo du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian, halakorik bada, kalifikazio hori nabarmendu egingo du.
    3. Gauza bera gertatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren jarduna eragotzi edo oztopatzen duen edozein jokabiderekin”.
  6. Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Lege beraren 26.1 artikuluak hauxe xedatzen du: Foru Komunitateko botere publiko guztiek Nafarroako Foru Erkidegoko Arartekoari laguntzeko betebeharra dute, lehentasunez eta premiaz, haren ikerketa eta ikusketa guztietan.
  7. Uztailaren 3ko 4/200 Foru Legearen 31.1. artikuluak xedatzen du administrazio publikoetako zerbitzuko edozein organismok edo pertsonak Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren ikerketei kontra edo oztopo egiteari eusten badio, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak txosten berezi bat egin dezakeela horri buruz, urteko txostenean dagokion atalean hori azpimarratzeaz gain.
  8. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak arau-hauste astuntzat tipifikatu du Nafarroako Arartekoan aurkezten diren kexak tramitatzen ez laguntzea(56.2 artikulua, l letra).
  9. Zigor Kodearen 502.2 artikuluak xedatzen du desobeditze-delitu gisa tipifikatuta dagoela Espainiako Arartekoari edo autonomia-erkidegoetako kideko organoei, hots, Nafarroako Arartekoari, laguntzeko betebeharra ez betetzea, eta Arartekoaren, Kontuen Auzitegiaren edo autonomia-erkidegoetako kideko organoen ikerketak oztopatzen dituzten agintariak edo funtzionarioak zigortzen ditu, nahiz horiek eskatutako txostenak bidaltzeari uko eginez edo bidaltze hori bidegabe luzatuz, nahiz horiei trabak jarriz, ikerketa egiteko beharrezkoak diren administrazio-espediente nahiz agiriak eskuratzeko.
  10. Hori horrela, Arartekoaren ustez, Atarrabiako Udalak ez du bete, behin eta berriro, Arartekoari laguntzeko duen betebeharra, eskaerak, oroitarazpenak eta ohartarazpenak egin zaizkion arren. Parlamentuko erakunde honen jardunaren kontrakotzat eta oztopatzailetzat baino ezin da jo ez-betetze hori.
  11. Bidezko erantzukizun juridikoa zehazte aldera, erantzukizun penala barne, esan beharra dago nahitaezko txostena eskatzeko errekerimendu guztiak Atarrabiako Udaleko alkateari bidali zaizkiola, eta alkateak honako eskumen hauek dituela, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluarekin bat etorriz: udal-gobernua eta udal-administrazioa zuzentzea; Udalaren ordezkari izatea; udal-zerbitzuak eta udal-obrak zuzentzea, ikuskatzea eta bultzatzea; langile guztien goi-buruzagitza betetzea; eta beste udal-organoei ez dagozkien gainerako eskumen guztiak. Horregatik, erantzukizuna eskatzearen ondoreetarako, alkatea joko da Atarrabiako Udalak Nafarroako Arartekoari ez laguntzearen erantzuletzat.
  12. Nafarroako Arartekoak Nafarroako Parlamentuari aurkeztu behar dion 2018. urteko txostenean aipatzen da Nafarroako Arartekoari lagundu ez dion erakundea dela Atarrabiako Udala, ez baitu bidali erakunde horrek Q17/758 espedientean eskatutako informazioa, lau informazio-eskaera egin zaizkion arren. Era berean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako 2017. urteko txostenean, Q16/303 espedientean Nafarroako Arartekoari behar bezala lagundu ez zion erakunde gisa ageri da Atarrabiako Udala. Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako 2016ko txostenean ere, Nafarroako Arartekoari behar bezala lagundu ez zion erakundetzat ageri zen Atarrabiako Udala.

Aurreko guztia kontuan hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24.1, 26.1, 32.1 eta 34.2 artikuluetan eta Zigor Kodearen 502.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz,

EBATZI DUT:

  1. Atarrabiako Udaleko alkateari formalki errekerimendua egitea, Nafarroako Arartekoak Q19/03 espedientean eskatutako informazioa bai ala bai bidal dezan, lehentasunez eta premiaz, 2019ko maiatzaren 21eko 14.00ak baino lehen, eta agintari horri eta Atarrabiako Udalari ohartaraztea Nafarroako Arartekoari ez laguntzea arau-hauste astuna dela.

    Jakinarazpenetarako helbide elektronikoa hau da: info@defensornavarra.com

  2. Atarrabiako Udaleko alkateari eta erantzule izan litezkeen guztiei ohartaraztea, Zigor Kodearen 502.2 artikuluarekin bat etorriz, eskatutako informazioa jasotzen ez bada, Nafarroako Arartekoak gertatutakoaren berri emango diola Fiskaltzari edo gertatutakoa salatuko duela eskumena duen organo judizialean, agindu horretan xedatutakoarekin bat etorriz, desobeditze-delitu baten ustezko egile direla uste izateagatik.
  3. Nafarroako Arartekoari lagundu ez dioten entitateen erregistroan sartzea kasua, eta dagokion publizitatea egitea erakunde honen web-orrian, eta Atarrabiako Udalak kasu honetan ez laguntzeko erakutsitako kontrako jarreraren berri ematea Nafarroako Parlamentuari, kasua dagokion txostenean sartuta.

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia