Maiatzaren 8ko ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, zeinaren bidez Erriberako Mankomunitateari ohartarazten zaion, zigor-ondoreetarako, haren jarrera arau-hauste astuntzat joko dela ez laguntzeagatik.
2019 maiatza 08
Nº: 14
Maiatzaren 8ko EBAZPENA, Nafarroako Arartekoarena, zeinaren bidez Erriberako Mankomunitateari ohartarazten zaion, zigor-ondoreetarako, haren jarrera arau-hauste astuntzat joko dela ez laguntzeagatik.
2018ko abenduaren 4an, erakunde honek idazki bat bidali zion Erriberako Mankomunitateari, okerrak direlakoan, zabor-zerbitzuen tasa batzuen erreklamazioarengatik premiamenduzko prozedura bat bertan behera ez uzteagatik (…) jaunak aurkeztutako kexari buruz informazioa eskatzeko.
Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24.1 artikuluarekin bat etorriz, hamabost egun balioduneko epea ezarri zen Mankomunitateak gai horri buruzko informazioa eman zezan.
- Behin legez ezarritako epea igarota, eta Mankomunitateari eskatutako informazioa jaso ez zuenez, Nafarroako Arartekoak beste bi bider egin behar izan zuen informazio-eskaera hori, 2019ko urtarrilaren 15eko eta 2019ko martxoaren 25eko data zuten idazkien bidez, eta hamar egun balioduneko epe gehigarria eman zitzaion batean zein bestean.
- Orduan ere erantzunik jaso ez zuenez, Arartekoak beste idazki bat bidali zuen joan den apirilaren 11n, eta Erriberako Mankomunitateari gogorarazi zion erakunde honi laguntzeko legezko betebeharra duela, eta ohartarazi zion ez zela laguntzen ari.
- Denbora luzea igaro arren eta behar den informazioa eskatzeko behin eta berriro errekerimenduak egin arren, ez da Erriberako Mankomunitatearen erantzunik jaso, eta hori ez dator bat Nafarroako Arartekoari laguntza emateko legezko betebeharrarekin, eta kalte egiten dio herritarrek beren eskubideak babesteko erakundeetara jotzeko duten ahalmenari.
- Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24. artikuluak hauxe xedatzen du:
- “Kexa onartu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak bidezko ikerketa labur eta informala bultzatuko du, kexaren suposamenduak argitzeko.Kasu guztietan, eskabidearen edukiaren berri emanen dio dagokion erakunde edo sail administratiboari, haren buruak, edo haren gaineko batek, txosten idatzi, deklarazio edo dokumentazioa igor dezan, hamabost egun balioduneko epean. Epe hori zabaldu egin ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren iritziz inguruabarrek hala eskatzen badute.
- Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute administrazio publikoen zerbitzuko langileek edo haien gainekoek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak uste ahal izango du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi egingo du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian, halakorik bada, kalifikazio hori nabarmendu egingo du.
- Gauza bera gertatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren jarduna eragotzi edo oztopatzen duen edozein jokabiderekin”.
- Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Lege beraren 26.1 artikuluak hauxe xedatzen du: Foru Komunitateko botere publiko guztiek Nafarroako Foru Erkidegoko Arartekoari laguntzeko betebeharra dute, lehentasunez eta premiaz, haren ikerketa eta ikusketa guztietan.
- Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 31.1. artikuluak xedatzen du administrazio publikoetako zerbitzuko edozein organismok edo pertsonak Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren ikerketei kontra edo oztopo egiteari eusten badio, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak txosten berezi bat egin dezakeela horri buruz, urteko txostenean dagokion atalean hori azpimarratzeaz gain.
- Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak arau-hauste astuntzat tipifikatu du Nafarroako Arartekoan aurkezten diren kexak tramitatzen ez laguntzea(56.2 artikulua, l letra).
- Zigor Kodearen 502.2 artikuluak xedatzen du desobeditze-delitu gisa tipifikatuta dagoela Espainiako Arartekoari edo autonomia-erkidegoetako kideko organoei, hots, Nafarroako Arartekoari, laguntzeko betebeharra ez betetzea, eta Arartekoaren, Kontuen Auzitegiaren edo autonomia-erkidegoetako kideko organoen ikerketak oztopatzen dituzten agintariak edo funtzionarioak zigortzen ditu, nahiz horiek eskatutako txostenak bidaltzeari uko eginez edo bidaltze hori bidegabe luzatuz, nahiz horiei trabak jarriz, ikerketa egiteko beharrezkoak diren administrazio-espediente nahiz agiriak eskuratzeko.
- Hori horrela, Arartekoaren ustez, Erriberako Mankomunitateak ez du bete, behin eta berriro, Arartekoari laguntzeko duen betebeharra, eskaerak, oroitarazpenak eta ohartarazpenak egin zaizkion arren. Parlamentuko erakunde honen jardunaren kontrakotzat eta oztopatzailetzat baino ezin da jo ez-betetze hori.
- Bidezko erantzukizun juridikoa zehazte aldera, erantzukizun penala barne, esan beharra dago nahitaezko txostena eskatzeko errekerimendu guztiak Erriberako Mankomunitateko presidenteari bidali zaizkiola, eta, Mankomunitatearen Estatutuen 21. artikuluaren arabera, hura dela Mankomunitatearen legezko ordezkaria eta bozemailea haren kanpo-harremanetan. Horregatik, erantzukizuna eskatzearen ondoreetarako, Mankomunitatearen presidentea joko da Erriberako Mankomunitateak Nafarroako Arartekoari ez laguntzearen erantzuletzat.
- Nafarroako Arartekoak Nafarroako Parlamentuan aurkeztu behar duen 2018. urteko txostenean, Nafarroako Arartekoari Q17/816 espedientean lagundu ez dion erakunde gisa ageri da Erriberako Mankomunitatea.
Aurreko guztia kontuan hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24.1, 26.1, 32.1 eta 34.2 artikuluetan eta Zigor Kodearen 502.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz,
EBATZI DUT:
Erriberako Mankomunitateko presidenteari formalki errekerimendua egitea, Nafarroako Arartekoak Q18/881 espedientean eskatutako informazioa bai ala bai bidal dezan, lehentasunez eta premiaz, 2019ko maiatzaren 22ko 14.00ak baino lehen, eta agintari horri eta Erriberako Mankomunitateari ohartaraztea Nafarroako Arartekoari ez laguntzea arau-hauste astuna dela.
Jakinarazpenetarako helbide elektronikoa hau da: info@defensornavarra.com
- Erriberako Mankomunitateko presidenteari eta erantzule izan litezkeen guztiei ohartaraztea, Zigor Kodearen 502.2 artikuluarekin bat etorriz, eskatutako informazioa jasotzen ez bada, Nafarroako Arartekoak gertatutakoaren berri emango diola Fiskaltzari edo gertatutakoa salatuko duela eskumena duen organo judizialean, agindu horretan xedatutakoarekin bat etorriz, desobeditze-delitu baten ustezko egile direla uste izateagatik.
- Nafarroako Arartekoari lagundu ez dioten entitateen erregistroan sartzea kasua, eta dagokion publizitatea egitea erakunde honen web-orrian, eta Erriberako Mankomunitateak kasu honetan ez laguntzeko erakutsitako kontrako jarreraren berri ematea Nafarroako Parlamentuari, kasua dagokion txostenean sartuta.
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea