Partekatu edukia
Arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen otsailaren 20ko 2/2023 Legearen zioen azalpenean adierazten denez helburua lan- edo lanbide-egoera batean arau-hauste penal edo administratibo larriak edo oso larriak detektatzen dituzten eta testuan bertan araututako mekanismoen bidez jakinarazten dituzten pertsonak babestea da.
Legeak “Barneko Informazio-Sistema” delakoaren araubide juridikoa ezartzen du.
Barneko informazio-sistema horren barruan daude kanala, hau da, informazioa edo komunikazioak jasotzeko postontzia edo bidea, Barneko Informazio-Sistemaren Arduraduna eta komunikazioak kudeatzeko prozedura.
Barneko informazio-sistemak kanpoko kanal batekin batera jardungo du; kanal honen bidez arau-hausteak jazartzeko helburu horrekin informazioak edo komunikazioak igorri ahal izango zaizkie Informatzailea Babesteko Agintaritza Independenteari edo sor daitekeen agintaritza edo organo autonomiko baliokideari.
Barneko informazio-sistema, legean adierazitakoaren arabera, lehentasunez erabili beharko da informazioa bideratzeko; hori horrela da erakundean bertan arduraz eta eraginkortasunez jokatuz gero ikertutako jardueren ondorio kaltegarriak geldiaraz litezkeelako. Hala ere, lehentasun hori adierazi ondoren, informatzaileak jarraitu beharreko bidea aukera dezake, barnekoa zein kanpokoa, bere ustez gertatzen diren inguruabarren eta errepresalia-arriskuen arabera.
Legeak barneko informazio-sistema ezartzea aurreikusten du bai sektore pribatuan, bai sektore publikoan. Bereziki Nafarroako Ararteko erakunde honi dagokionez aurreikusten da barneko informazio-sistema eduki beharko dutela konstituzio-organoek, garrantzi konstituzionala dutenek eta aurrekoen antzeko erakunde autonomikoek.
Legean aurreikusten da behartutako erakunde edo organismo guztien administrazio-organoek edo gobernu-organoek barneko informazio-sistema kudeatzeko pertsona fisikoa izendatzeko eta kargutik kentzeko edo kargugabetzeko eskumena izango dutela.
Administrazio- edo gobernu-organo horrek berak, ezartzen denaren arabera, informazioak kudeatzeko prozedura onartu beharko du, eta sistemaren arduradunari dagokio izapideak arduraz egitea.
Ebazpen honen xede den barneko informazio-sistemaren ezarpenari buruzko kontsulta egin zaie Nafarroako Ararteko erakundean zerbitzua ematen duten langileei.
Ondorioz, adierazi den otsailaren 20ko 2/2023 Legearekin, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearekin eta erakunde horren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamenduarekin bat etorriz, honakoa
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.- Nafarroako Ararteko erakundean arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen otsailaren 20ko 2/2023 Legean adierazten den barneko informazio-sistema ezartzeko agintzea, Ebazpen honen eranskinean azaltzen diren terminoetan.
Bigarrena.- Aipatu den legearen 8. artikuluan aurreikusitakoa betez, Barneko Informazio-Sistemaren arduradun izendatzea Nafarroako Ararteko erakundeko idazkari nagusia. Arduradunaren izendapena Informatzailea Babesteko Agintaritza Independenteari jakinaraziko zaio, edo, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen den agintari edo organo eskudunari.
Hirugarrena.- Ebazpen honen eranskinean aipatzen den Barneko Informazio-Sistemaren informazioak kudeatzeko prozedura onartzea.
Laugarrena.- Ebazpen hau Nafarroako Ararteko erakundeko idazkari nagusiari eta kudeaketa-teknikariari helaraztea, eta erakundeko langile guztien artean zabaltzeko agintzea.
Bosgarrena.- Ezarri den barne-kanalari eta kudeaketa-prozedurari buruzko informazioa, bai eta helburu bera betetzeko aurreikusitako kanpo-kanal baten existentziari buruzko informazioa ere, Nafarroako Arartekoaren web-orrian argitaratzea xedatzea
Iruñea, 2023ko uztailaren 3a.
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Eranskina. Otsailaren 20ko 2/2023 Legean azaltzen den barneko informazio-sistema. (365 KB)
Partekatu edukia