Partekatu edukia
23/18 EBAZPENA, maiatzaren 25koa, datu pertsonalen tratamenduaren gaineko neurri jakin batzuk hartzen dituena Nafarroako Arartekoaren erakundean.
2018ko maiatzaren 25ean indarrean izango da 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (aurrerantzean, Europar Batasunaren Datuen Babeserako Erregelamendua).
Europar Batasuneko Erregelamendua agintari publikoei aplikatzekoa da, eta Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, zenbait eginkizun bete beharra dakarkie haiei.
Europar Batasuneko erregelamendu hori erakunde honetan beteko baldin bada, ezinbestekoa da zehaztea Nafarroako Arartekoa agintari publikoa dela, ordenamendu juridikoak eman dizkion botere publikoak betetzen dituela eta interes publikoko xedeak betetzea dela bere jardueraren oinarria. Bere oinarrizko araua uztailaren 3ko Foru Araua da, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta gerora beste lege batzuk eman dira, erakunde horrek dituen funtzioak edo eginkizunak handitzeko eta indartzeko. Oinarrizko arau hori du, hain justu, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa [hori arautzen dute Europar Batasunaren Datuen Babeserako Erregelamenduaren 6.1 artikuluak eta artikulu horretako c) eta e) letrek].Era berean, arau horrek adierazten du zein den erakundearen egoitza nagusia (eta bakarra).
Era berean, argitzen da erakundeak, datu pertsonalen tratamendua egiteko, ez duela interesdunen adostasunik eskuratu behar, eta datu horiek administrazio eta erakunde publikoei komunikatzeko aukera ematen duela indarreko legediak.Argitzen da, halaber, Nafarroako Arartekoaren eginkizun instituzionala arautzen duten legeek, eta, bereziki, herritarren eskubideak bermatzekoek (abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 18 ter artikulua) arautzen dutenari begiratuta, Administrazio publikoen betebeharra dela kexetan ematen diren datu pertsonalak komunikatzea, legeak adierazten duen informazioa eskatzen dienean interesdunei, haien adostasunaren premiarik gabe.
Ebazpen honen proiektuaren aldeko txostena eman du Nafarroako Arartekoaren erakundean egiten den datu pertsonalen tratamendua Europar Batasunaren Datuen Babeserako Erregelamendura egokitzeko Batzordeak. Batzorde horren kide oso dira erakundeko datu pertsonalen babeseko ordezkaria eta tratamenduaren erantzulea eta arduraduna.
Ondorioz, 2005eko azaroaren 21ean Nafarroako Legebiltzarreko Mahaiak onartutako Nafarroako Arartekoaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Araudiaren 7. artikuluan xedatutakoa betez,
HAU EBAZTEN DUT:
Agintari publikoa.
Nafarroako Arartekoa, Europar Batasunaren Datuen Babeserako Erregelamenduaren eta garapeneko gainerako arauen ondorenetarako, agintari publikoa dela xedatzea, eta honako arau hauek agintzen dizkioten funtzio publikoak betetzen dituela bere jardunean:
goitza nagusia.
Nafarroako Arartekoaren egoitza nagusia (eta data honetan, bakarra) honako helbide honetan dagoela zehaztea: Emilio Arrieta kalea 12 behea, 31002 Pamplona-Iruña (Nafarroa).
Datuen tratamenduaren zilegitasuna.
Datu pertsonalen babesaren tratamendua egiteko zilegitasuna duela xedatzea, Europar Batasunaren Datuen Babeserako Erregelamenduaren 6.1 artikuluko c) eta e) letrek arautzen duena aintzat hartuta, eta, berariaz, interes publikoko eginkizunak betetzeko jardun-eremuan eta ordenamendu juridikoak ematen dizkion botere publikoak egikaritzean.
Oinarri juridikoa.
Adieraztea tratamenduaren oinarri juridikoa osatzen dutela, Europar Batasunaren Datuen Babeserako Erregelamenduaren 6.1 artikuluko c) eta e) letren ondorenetarako, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak, Nafarroako Arartekoari buruzkoak [1.3, 11., 11 bis, 13., 16., 17., 19., 20., 21., 24., 26., 32. eta 35. artikuluak], Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 18 ter artikuluaren garapena den aldetik, eta gerorako beste lege batzuk, erakunde horrek dituen funtzioak edo eginkizunak handitzeko eta indartzeko eman direnak:
15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzkoa (14.3 artikulua).
11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzekoa (lehen xedapen gehigarria).
11/2012 Foru Legea, ekainaren 21ekoa, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzkoa (68.1 artikulua).
8/2016 Foru Legea, ekainaren 9koa, Nafarroako Kontseiluari buruzkoa (14.2 artikulua).
8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa (6.1 art.).
Oinarri juridikoan ditu, era berean, apirilaren 6ko 3/1981 Lege Organikoa, Herri Defendatzaileari buruzkoa; azaroaren 6ko 36/1985 Legea, Herri Defendatzailearen erakundearen eta autonomia-erkidegoetan dauden antzeko figuren arteko harremanak arautzen dituena; eta Estatuak organo judizialekin dituen harremanak arautzeko onartu dituen prozedura-arauak.
Tratamendua egiteko beharrizana.
Adierazi behar da Nafarroako Arartekoarekin harremanetan jartzen diren pertsonek beren kexak aurkeztean ematen dituzten datu pertsonalen tratamendua egin behar duela erakunde horrek autoritate publikoaren funtzioak betetzen dituen aldetik, tratamendu hori egin behar baitu erakundeak betetzekoa duen interes publikoko xedea betetzeko eta tratamenduaren erantzuleari aurreko puntuetan adierazi diren legeek ematen dizkioten borete publikoak egikaritzeko.
Ez da interesdunen adostasunik behar.
Xedatzen da Nafarroako Arartekoak ez duela, ordenamendu juridikoak ematen dizkion funtzioak betetzen ari denean, interesdunen adostasunik behar datu pertsonalen tratamendua egiteko eta tratatuko diren datu pertsonal horiek komunikatu diezazkiela, egoki denean, beste administrazio eta erakunde publiko batzuei (Nafarroako administrazio publikoei ikuskatuak direnean, Espainiako Herri Defendatzaileari, autonomia-erkidegoetako goi-komisarioei, Herri Defendatzailearen parekoei, gaiak azter ditzaten, Nafarroako Kontseiluari, organo judizialei, fiskaltzari, etab.), baina, betiere, legeek agintzen dutena beteta.
Edonola ere, adierazi behar da herritar interesdunek, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 21.1 artikuluak adierazten duen moduan, beren ekimenez aurkezten dituztela kexak, eta kexa horietako gehienek modu errepikarian ematen dituztela Nafarroako Arartekoaren ekinbideen hartzaile diren administrazio publikoek lehendik beren esku dituzten datu pertsonalak.Kexak, kontsultak eta proposamenak onartuak izango baldin badira, ezinbesteko da interesdunak bere datu pertsonalak ematea.Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 21.1 artikuluak arautzen du kexa orok, aurkeztean, interesdunaren sinadura izan behar duela eta, idatzi arrazoituan, bere izena, abizenak, helbidea eta nortasun-agiriaren zenbakia adierazi behar dituela.Eskakizun horiek betetzen ez baldin badira, ezin da, legez, kexa, kontsulta edo proposamenik tramitatu. Nafarroako Arartekoak kexa anonimoak baztertuko dituela arautzen du uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 23.3 artikuluak.
Ulertzen da, halaber, Nafarroako Arartekoaren eginkizun instituzionala arautzen duten legeek, eta, bereziki, herritarren eskubideak bermatzekoek (abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 18 ter artikulua) arautzen dutenari begiratuta, Administrazio publikoen lege-betebeharra dela kexetan ematen diren datu pertsonalak komunikatzea, eta, komunikazio horiek egiteko, ez dela izango interesdunen adostasuna eskuratzeko premiarik.
Publikotasuna.
Ebazpen hau erakundearen gune digitalean (www.defensornavarra.es) argitaratzea, bere hedadura handitzeko.
Iruña, 2018ko maiatzaren 25ean.
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia