Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 30eko 125/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 uztaila 30

Justizia

Gaia: Errores en informe de la Policía Foral sobre accidente de tráfico

Exp: 10/406/I

: 125

Barne arloa

AURREKARIAK

  1. 2010eko maiatzaren 26an, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen 2010eko martxoaren 8an gertaturiko trafikoko istripu bati buruz Foruzaingoak eginiko txostenean ageri ziren zehaztasun faltengatik eta akatsengatik.

    Kexa-egileak azaltzen du istripua gertatu eta berehala 112 telefonora hots egin zuela, eta Foruzaingoaren dotazio bat bertaratu zela, 1002. eta 1009. agenteek osatua. Gertatutakoak kontatu zizkien orduan. Esku-hartze horren ondorioz, agenteek P-0334-B/10 txostena egin zuten. Hartan, izan ere, istripuaren “arrazoi efiziente edo nagusi” gisa, aipatzen da ez zirela abiadura mugak bete, eta soilik “istripua gertatzeko hurbileko arrazoi lagungarri gisa” aipatzen dira abereak errepidera bat-batean ateratzea eta ikusgarritasun nuluko baldintzak.

    Kexa-egileak dio txosten hori berrazter zedin eskatu zuela, bertatik kentzeko istripuaren arrazoi efiziente edo nagusia abiadura desegokia izan zela. Horretarako, zenbait argumentu erabili zituen, egiaztatzeko autoaren abiadura ez zela gehiegizkoa izan. Alabaina, eskaera hori modu bidegabean baztertu izan da.

    Kexa-egileak salatzen du, halaber, esku hartu zuten foruzainek idatzitako bigarren txostenean, “balizko tratu txarrei buruzko jarduketa bat” aipatzen dela. Hori, nabarmena denez, akats bat da.

  2. Kexa jasota, idazki bat igorri genion Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, planteatutako gaiari buruzko informazioa eman zezan.

    2010eko uztailaren 20an, departamentu horrek eginiko txostena sartu zen gure erakundean. Hartan, laburbilduz, azaltzen da Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorreko 45. artikuluak parekatzen dituela batetik abiadura desegokia izatea eta bestetik ibilgailu bat ezin geraraztea gidariaren ikus-eremuaren mugen barrenean, gerta daitekeen edozein oztoporen aurrean. Eta lege-agindu horren arabera, esku hartu zuen patruilak jo zuen ukituak abiadura desegokian zihoala, zeuden inguruabarrei erreparatuz gero. Halaber, txostenak dio esku hartu zuen patruilak arrazoi posible gisa zehaztu zituela, arrazoi nagusiaren osagarri gisa, bai basurdeen saldoa bat-batean errepidean agertzea, bai ikusgarritasun eskasa.

    Horrenbestez, txostenak esku hartu zuten polizien irizpidea berresten du, alegia, gehiegizko abiadura izan zela istripuaren arrazoi nagusia.
    “Balizko tratu txarrei buruzko jarduketa bat” aipatzeari dagokionez, egiazki akats bat da, eta zuzendu da jada.

AZTERKETA

  1. Honakoak dira kexa hau aztertzeko eta egoki ebazteko garrantzia duten egitateak:

    • Istripua 2010eko martxoaren 8an gertatu zen, 22:00etan, NA-5110 (Puiu-Lergako gaina) errepideko 1.7 kilometro puntuan.

    • Errepidearen tarte horretan 50 km. orduko abiadura muga ezarrita dago.

    • Ikusgarritasuna nulua zen, zeren eta talka 22:00etan gertatu baitzen.

    • Basurdeen saldo bat errepidera atera zen ezkerreko aldetik, errepideaz eskuineko aldera pasatu ahal izateko, eta ibilgailuaren bidea oztopatu zuten. Bi basurdek ibilgailuaren aurreko aldeko ezkerreko partean jo zuten.

    • Ibilgailuak kalte arinak izan zituen: bi kolpe aurreko paratxokean, baina hura hautsi gabe (konponketak, aurkeztutako fakturaren arabera, 769,39 euroko kostua izan zuen).

    • Biharamunean, istripua gertatu zen tokiaren inguruan eginiko inspekzioan, foruzainek ez zuten inongo basurderik aurkitu, ez hilik, ez zauriturik.

    • Foruzainak ez zeuden bertan istripua gertatu zen unean. Geroago esku hartu zuten, 112ra eginiko deiaren ondorioz.

  2. Foruzainek beren irizpidea berretsi dute, alegia, istripuaren arrazoi efiziente edo nagusia –hura gabe istripua ez baitzen gertatuko– Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorreko 45. artikuluaren arau-hauste bat izan zela, alegia, ibilgailua abiadura desegokian zirkulatzea.

    Presuntzio horri eusteko euskarri bakarra 45. artikuluak hitzez hitz dioena da, parekatzen baititu batetik abiadura desegokia izatea eta bestetik ibilgailu bat ezin geraraztea gidariaren ikus-eremuaren mugen barrenean, gerta daitekeen edozein oztoporen aurrean. Jarraitutako silogismoa da ezen, basurdeak bertaratu eta ibilgailua ezin izan zenez gerarazi haiekin talka ez egiteko, gidariak, nahitaez, abiadura desegokian eramaten zuela autoa.

    Alabaina, egitateak eta gertaturiko inguruabarrak ikusita, nekez onar edo ontzat jo daiteke dedukzio hori. Batetik, inongo segurtasunik ez dago istripua izan zuen pertsonaren autoak zeraman abiadurari buruz, eta, bestetik, behar adina aztarna-froga badaude (ikusgarritasunik batere ez izatea, ibilgailuaren faroena izan ezik; basurdeak bat-batean agertzea; talkak ibilgailuan eragin zituen kalteak arinak izatea; ezin jaso izatea talka egin zuten bi basurdeetatik bakarra ere hil zenik), zeinetatik arrazoi guztiz ondoriozta baitaiteke talka ez zela bortxa handikoa izan, baizik eta txikia, eta, horrenbestez, ibilgailuaren abiadura ez zela desproportzionatua edo desegokia, zeren eta hala izan balitz kalteak askoz ere handiagoak izanen baitziren, itxura batean. Ezin da ahaztu, gainera, gauez basurde batzuk ibilgailuaren aurrean bat-batean agertzen badira, abiadura moderatuan zirkulatuta ere, nekez geraraz daitekeela ibilgailua talka saihesteko.

    Gauzak horrela, erakunde honen iritziz, ez da oso arrazoizkoa, behar adina euskarri ez duelako, hasierako presuntzioari eustea, alegia, istripuaren arrazoi nagusia abiadura desegokian joatea izan zela. Kexa-egileari arau-hauste bat egozten ari zaio horretarako behar adina proba eduki gabe. Horrenbestez, Administrazioaren irizpidea aldatu beharko litzateke, istripuaren arrazoi nagusia ez dadin izan abiadura desegokia.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea ezen, kexa honi eta P-0334-B/10 zenbakiko txostenari dagokienez, ez dezala jo istripuaren arrazoi nagusi edo efizientea abiadura desegokia izan zela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia