Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 20ko 119/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 uztaila 20

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación a instancia presentada el 17 de marzo de 2010

Exp: 10/354/D

: 119

Eskubideen Sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko maiatzaren 5ean, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkeztu zuen, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ez ziolako erantzun departamentu horretako erregistroan 2010eko martxoaren 17an, 12:47an, sartu zuen eskabideari (2010/135200 dokumentua).

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari txosten bat egiteko eskatu zitzaion 2010eko maiatzaren 12an. Emandako epea iragan zen, eta Departamentuak ez zuen eskatutako txostena bidali.

    2010eko ekainaren 17an, erakunde honek berriz ere eskatu zion txostena egiteko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari. Azkenean, txosten hori 2010eko uztailaren 18an heldu zen erakunde honetara.

    Hemen interesatzen zaigunari dagokionez, txostenak dio akats baten erruz ez zitzaiola erantzun kexa-egileak 2010eko martxoaren 17an aurkeztutako idazkiari, behar zen epean informatzeko administrazio-espedientearen egoerari buruz, baina jakinarazpen bat igorri zaiola, horren egoerari buruz informatzeko.

AZTERKETA

  1. Azaldu den bezala, kexa-egileak salatzen du Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ez ziola erantzun 2010eko martxoaren 17an aurkeztutako idazki bati.

    Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak onartzen du, akats baten erruz, ez ziola idazki horri erantzun, baina, azkenean, erantzun egin duela.

  2. Kexaren gaiari dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora zerbait egin dezan eskatzeko jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera utzita erantzun hori baiezkoa edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du; eta halaxe jasotzen da orobat Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduan, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea.

    Azken finean, Administrazioa legez behartuta dago eskabide guztiei erantzutera, idatziz normalean, eta epearen barruan betiere. Berandu emandako erantzunek, esate baterako honek, nahitaez eman beharrekoak badira ere, ez dute bermatzen herritarrak erantzuna garaiz jasotzeko duen eskubidea.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan, besteak beste kexa-egilearen idazkiari.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egileari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia