Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Muestra su disconformidad con el descuenta que se le aplica a una beca de estudios por el importe que le han concedido como premio por obtener Matrícula de Honor
Exp: 10/493/E
Nº: 118
Hezkuntza eta irakaskuntza
Aurtengo ekainaren 16an, [?] andreak kexa bat aurkeztu zuen, ikasteko bekatik kendutako zenbatekoa bat zetorrelako ohorezko matrikula bat lortzeagatik emandako sariarekin.
Azaltzen zuenez, bere alaba [?] andreak 2090-2010 ikasturterako unibertsitate-beken deialdi orokorrean parte hartu zuen (0901439 espedientea), eta Nafarroako Gobernuak 3.579,30 euroko beka bat eman zion Nafarroako Unibertsitatean medikuntzako ikasketak egiteko.
Zioenez, batxilergoko bigarren mailan lortutako ohorezko matrikula lortzeagatik Hezkuntza Ministerioak emandako 1.734 euroak deskontatu zizkioten laguntza edo beka gisa emandako zenbatekoan. Deskontu hori desegokia eta bidegabea dela uste du, ahalegin pertsonalaren karietara emandako sari bat delako, familiaren errentak gorabehera, eta, hortaz, beka emateak ala ez emateak ez du zerikusirik; beka hori bera izanen zen, betiere, ohorezko matrikula lortu al ez.
Azkenik eskatzen zuen Hezkuntza Departamentuaren jokabidea azter dadin eta, kasua bada, aplikatzekoa den araudia alda dadin.
Hezkuntzako kontseilariak, joan den uztailaren 15ean, txostena igorri zuen. Hartan, ondokoa dio hitzez hitz:
“[?] andreak beka bat eskatu zuen, behar zen epean eta moduan, Irakaskuntzako erdi eta goi mailetarako 2009-2010 ikasturteko beka eta laguntzen deialdi orokorra oneste aldera Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak ekainaren 25ean emandako 386/2009 Ebazpenaren karietara. Laguntza “irakaskuntza edo matrikula” eta “bizitokia” kontzeptuetarako eskatu zuen.
Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren artean bazen Nafarroako Unibertsitateko Ofizial Nagusi [?] jaunak egindako ziurtagiri bat, zeinean jasota ageri baitzen [?] ikasleari murrizketa egin zitzaiola bere matrikularen zenbateko osoan –matrikula Medikuntzako Graduko lehen mailari zegokion–, Batxilergoko 2. mailan/UBIn ohorezko matrikula lortzeagatik. Murrizketa hori 1.734,00 eurokoa izan zen.
Beka-eskabidea aztertu eta informatizatu ondoren (0901439 espedientea), 3.579,30 euroko laguntza eman zitzaion behin-behinekoz, ikasketarako eta bizitokirako kontzeptuengatik, martxoaren 31ko 161/2010 Ebazpenari jarraikiz (2010eko maiatzaren 19ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Laguntzaren zenbateko osoaren kalkulua era honetan egin zen, familia-unitatea errentaren 2. tartean kokatu baitzen (11.3 araua):
Ikasketarako laguntza. Ebazpen horren 11.4.1.b arauak ondokoa ezartzen du:
“Atal honetako goi mailako ikasketak ematen dituzten ikastetxe pribatuetan ikasteko beken zenbatekoak, irakaskuntza kontzeptuari dagozkionak, zehaztutako portzentajeen arabera kalkulatuko dira eta ez dira inolaz ere hauek baino handiagoak izanen: 2. tartea: ikasketa berberak ematen dituen ikastetxe publikorako Hezkuntza Ministerioak ezarrita duen tasa halako 3,5.”
Hezkuntza Ministerioak Medikuntzako Graduko ikasketetarako ezarritako prezioa 16,63 eurokoa da, kreditu bakoitzeko.
Ikasketetarako laguntzaren zenbateko osoa ondokoa izanen da: matrikulatutako kredituen kopurua (60,00 kr.) bider Ministerioak ezarritako prezio akademikoa (16,63 €/kr.), bider arestian adierazitako biderketaren koefizientea (3,5). Eragiketa horren emaitza 3.492,30 eurokoa da.
Bizitokirako laguntza. Ondokoa ezartzen du, berriz, 11.4.4 arauak:
Errentaren 2. tartean kokatutako espedienteetarako bizitokirako laguntza 1.821,00 eurokoa izanen da.
Deskontuak. 11.2 arauak ezartzen duenez:
“Bestelako kontzeptuengatik matrikulak merkeago ateratzen badira, edo doan, onura horiek irakaskuntzagatik emandako laguntzaren zenbatekotik deskontatuko dira.”
Ikasleak 1.734,00 euroko beherapena izan zuen matrikulan, Batxilergoko 2. mailan/UBIn ohorezko matrikula lortzeagatik, eta zenbateko hori deskontatu zitzaion ikasketarako laguntza gisa emandako zenbatekotik.
Laburbilduz, eskatzaileari zegokion zenbateko osoa ondokoa zen: ikasketarako laguntza (3.492,30 euro) ken ohorezko matrikulagatik egindako murrizketa (1.734,00 euro) gehi bizitokirako laguntza (1.821,00 euro). Guztira: 3.579,30 euro.
2010eko maiatzaren 28an, eskatzaileak alegazio bat aurkeztu zuen, behar zen epean eta moduan, behin-behinekoz emandako beka zela eta. Beken Bulegoak alegazioa aztertu ondotik erabaki zen emandako laguntzaren zenbatekoa ez aldatzea, 2009ko abuzturen 26ko 105. NAOn argitaratutako 386/2009 Ebazpeneko 11.2 araua aplikatuta –386/2009 Ebazpena, ekainaren 25ekoa, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak emana, erdi mailako eta unibertsitate mailako beken deialdi orokorra onesten duena, 2009-2010 ikasturterako–. Erabakia eskatzaileari jakinarazi zitzaion, eta jakinarazpenean adierazi zitzaion gora jotzeko errekurtsoa jar zezakeela, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdia behin betikoz onesten zuen ebazpena NAOn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.”
Ondotik aztertzen dugun kexa-espediente zehatza ebaztean lehenengo eta behin adierazi beharra dago ez dela ikusten Administrazioaren aldetik inolako egintza irregularrik, eta ez dagoela gaitzetsi beharreko inolako jokabiderik, hezkuntza jasotzeko herritarrek duten eskubidea arriskuan jartzeagatik. Areago, emandako laguntzaren zenbatekoak bat datoz 2009/2010 ikasturteko erdi mailako eta unibertsitate mailako beken deialdi orokorra onesten duen araudiaren aplikazioarekin.
“Garraioa”, “Jantokia” eta “Ikasketak” kontzeptuengatik emandako laguntzek xede dute herritarrei ziurtatzea berdintasunez baliatu ahalko dutela Konstituzioak irakaskuntza jasotzeko aitortzen dien eskubidea (Konstituzioaren 27.1 artikulua), hartara diru-laguntzak ematen baitzaizkie ikasleei, bakoitzari bere familia-errenten araberakoa, eta laguntza ematetik kanpo utzita ezarritako errenta-atalaseak gainditzen dituzten familietako ikasleak. Horrela, errenten nolabaiteko berdinbanatzea lortzen da, hori baita Zuzenbideko Estatu sozial eta demokratiko batek (Konstituzioaren 1.1 artikulua) bilatu behar duena, Administrazioa, bekadunak eta kexa-egileak haren zati garen aldetik.
Ohorezko matrikularengatik emandako hobaria bere bikaintasun akademikoari esker kalifikazio hori lortu duten ikasleei ematen zaie. Ez du logikarik, ez akademikorik ez pedagogikorik, errenta txikiko familia bateko ikasle bekadun bati, araudiaren arabera “ikasketarako” diru-kopuru jakin bat jasotzeko eskubidea duenari, laguntza hori ikasle bikaina izateagatik murriztea.
Hortaz, erakunde honen ustez, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuari iradokitzea, erdi mailako eta unibertsitate mailako beken etorkizuneko deialdi orokorretan ez dadin deskontatu “ikasketarako” ematen diren laguntzen zenbatekotik ikasgai batean edo batzuetan ohorezko matrikula lortzeagatik matrikulan izandako murrizketatik heldu den hobaria.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Hezkuntza Departamentuari iradokitzea, erdi mailako eta unibertsitate mailako beken etorkizuneko deialdi orokorretan ez dadin deskontatu “ikasketarako” ematen diren laguntzen zenbatekotik ikasgai batean edo batzuetan ohorezko matrikula lortzeagatik matrikulan izandako murrizketatik heldu den hobaria.
Hezkuntza Departamentuari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta adierazitakoa betetze aldera neurri egokiak hartzen dituen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia