Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Disconformidad con la denegación de financiación de un tratamiento de fertilidad por ser mayor de 40 años
Exp: 09/214/S
Nº: 137
Osasuna
2009ko martxoaren 24an, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Osasun Zerbitzuak ugalkortasun tratamenduak ez finantzatzearekin 40 urtetik gorako emakumeen kasuan.
Azaltzen zuen bere bikotekideak, [?] andreak, ugalkortasun tratamenduak hartu zituela orain dela urte batzuk, baina une hartan medikuntzako aseguru pribatu bat zeukatela. Azkenean, emakume gazte baten obozitoen dohaintzaren teknika erabiliz, haurdun geratu zen. Orain, ez du aseguru pribaturik, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzura jo du tratamenduarekin jarraitzeko, baina ezezkoa eman diote 40 urtetik gorakoa izateagatik. Azaltzen du Zaragozaraino joan behar izaten duela, klinika pribatu batean tratamenduarekin jarraitzeko, eta horrek gastu handiak eragiten dizkiola.
Uste du bazterkeria dela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ugalkortasun tratamenduak finantzatzea soilik 40 urtetik beherako emakumeen kasuan.
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari informazioa eskatu ondoren, 2009ko ekainaren 19an Osasun Departamentuaren txostena heldu zen gure erakundera. Hartan, honakoa azaltzen da:
“Laguntza bidezko ugalketa tekniketarako deribazio eta lehenespen irizpideei buruzko jarraibideetan –adostasunez erabaki ziren Prestazio eta Itunen Zerbitzuaren eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Antzutasunaren Unitateko Ginekologiaren arloko sendagile espezialisten artean, eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak bermatu zituen–, ezarri zen ez zela 40 edo urte gehiagoko emakumerik bidaliko teknika horiekin artatzera.
Ugalketa lagunduko teknikak 40 urtez gorako emakumeen kasuan ez finantzatzeko arrazoiak izan ziren emakumearen adina ugalketa eta ezarpena zailtzen dituen faktore garrantzitsua izatea eta tratamendu hormonalarentzako erantzuna eskasa eta irregularra izatea; horren ondorioz, izan ere, endometrioaren umotzea eskasa da eta ezartzeko zailtasun handiagoa gertatzen da.
Badaude erabaki honi balioa ematen dioten lan zientifikoak; esate baterako, Sevillako [?] Ospitalean eginikoa (Rev. Iberoamericana de Fertilidad, 20. liburukia, 4. zk.a, 2003ko abuztuaren 4koa), non erakusten baita gaixoaren adina eta enbrioiaren kalitatea funtsezkoak direla haurdunaldi tasa onak lortzeko, bai FVTEa erabiliz, bai ICSIa erabiliz; edo Bartzelonako [?]-n eginikoa, Tratado de Ginecología laneko II. liburukian, 1441. orrialdean argitaratutakoa (Panamericana argitaletxea, Madril, 2003), non adierazten baita FIVTE/ICSI teknikak erabiliz lortutako haurdunaldi tasak, emakumea 40 urte ingurukoa denean, nabarmen txikiagoak direla.”
Arrazoi horiek direla eta, ugalketa lagunduaren arloko adituek gomendatzen dute haurdunaldia 38 urte eduki aurretik izatea, zeren eta emakumearen adinak aurrera egin ahala, ugalkortasunak behera egiten baitu, eta, aldi berean, arazoak ugaltzen hasten baitira, direla abortuak, direla fetuaren nahaste kromosomikoak.
Ez da gauza bera gertatzen, ordea, emakumeak obozitoen dohaintzaren sistemara jotzen duenean. Kasu horretan, 20 eta 22 urte bitarteko emaile gazte baten obulazioa estimulatzen da, eta ezkontidearen haziarekin obozito horiek emankortzen dira, eta gero emakumearen uteroan sartzen dira.
Aztergai dugun kasuan, bikoteak, daukan patologiarengatik, obozitoen dohaintza bat behar izan du. Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta Donostiako [?] Klinikak ugalketa lagunduko tekniken prestaziorako sinatutako akordioan, Nafarroako Osasun Zerbitzuko erabiltzaileei ez zaie obozitoen dohaintza osasun publikoak finantzatutako prestazioen artean sartzen; hori dela eta, emakumearen adina alde batera utzita, Nafarroako Osasun Zerbitzuak ez zuen finantzatuko jasotako tratamendua.
Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere prestazioen artean obozitoen dohaintza jasotzea erabakitzen baldin badu, teknika horietako adituen batzordeak baloratuko du ea gaur egun dauden deribazio eta lehenespen irizpideak aldatu behar diren”.
Irailaren 15eko 103/2006 Errege Dekretuak Osasun Sistema Nazionaleko Zerbitzu Komunen Zorroa onetsi zuen. Haren III. eranskinean, “Laguntza espezializatuko zerbitzu komunen zorroa” izenburua denean, 5.3.8 idatz-zatian giza ugalketa lagundua sartzen da antzutasunaren diagnosia dagoenean edo agindu klinikoa dagoenean, betiere osasun zerbitzu bakoitzaren programen arabera; honakoak aipatzen dira, ondoren: intseminazio artifiziala; in vitro ernalketa eta espermatozoideen txerto intrazitoplasmatikoa, norberaren gametoekin nahiz emaile baten gametoekin eta enbrioien transferentziarekin; gametoen transferentzia intratubarikoa.
Bada, erakunde honek lortutako informazioaren arabera, uler daiteke obozitoen dohaintzaren bitartezko ernalketa “in vitro ernalketa eta espermatozoideen txerto intrazitoplasmatikoa, norberaren gametoekin nahiz emaile baten gametoekin, enbrioien transferentziarekin” izeneko atalean deskribatutako tekniketan sartzen dela.
Kexa-egilearen bikotekidea ernari gelditu zen 20 eta 22 urte bitarteko emaile gazte baten obozitoen dohaintzarekin eta ezkontidearen haziarekin; horrenbestez, izan ere, ez dira gertatzen pertsona helduekin (40 urte edo gehiago, izan ere ugalketa lagunduko teknikak erabiltzea gomendatzen ez den adina) berezkoak diren arazoak.
Horrenbestez, erakunde honek ez du inolako arrazoirik ikusten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere gain hartzeko interesdunak tratamenduarekin jarrai dezan (bisita medikoak, sendagaiak eta abar), horixe nahi baitu.
Osasun Departamentuak eman digun informazioaren arabera, Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta Donostiako [?] Klinikak ugalketa lagunduko tekniken prestaziorako sinatutako akordioan, Nafarroako Osasun Zerbitzuko erabiltzaileei ez zaie obozitoen dohaintza osasun publikoak finantzatutako prestazioen artean sartzen, emakumearen adina zein den alde batera utzita.
Halere, ederki uler daiteke obozitoen dohaintza sartzen dela Osasun Sistema Nazionaleko Zerbitzu Komunen Zorroa onetsi zuen irailaren 15eko 103/2006 Errege Dekretuko III. eranskineko 5.3.8 idatz-zatian deskribaturiko tekniken artean. Hori hala bada, erakunde honen ustez, guztiz bidezkoa da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere zerbitzu ginekologikoen artean teknika hori eskaintzea, edo, kasua bada, Donostiako [?] klinikarekin ituntzea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Osasun Departamentuari gomendatzea bere gain har dezan [?] andrearen tratamendu mediko eta farmazeutikoa, haurdunaldiari, erditzeari eta erditzearen ondorengoari dagokienez.
Osasun Departamentuari gomendatzea bere zerbitzu ginekologikoen artean eskain dezan obozitoen dohaintzaren bitartezko ugalketa-teknika edo, kasua bada, itundu dezan Donostiako [?] klinikarekin.
Osasun Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia