Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 27ko 14/2009 ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa

2009 urtarrila 27

Kultura

Gaia: Queja frente por la no atención en euskera en el número de información general del Servicio Navarro de Salud-Osasunbidea

Exp: 08/611/C

: 14

Kultura, Kirola, Gazteria eta Elebitasuna

AURREKARIAK

1. 2008ko abenduaren 5ean [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Osasun Departamentuari buruzko kexa bat aurkezten du.

Azaltzen du azaroaren 3an, 12:55ean, herritar batek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko informazio orokorreko zenbakira hots egin zuela, eta adierazi zuela arreta euskaraz hartu nahi zuela. Hala eta guztiz ere, ezin izan zen bere eskubideaz baliatu, deia hartu zuten langileak ez baitzekien euskaraz.

2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari.

3. 2009ko urtarrilaren 8an, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak honakoa azaldu zuen hitzez hitz:

?Errekurtso-egileak aurkezturiko erreklamazioari dagokionez, Iruñeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eskualde mistoan dago, eta bertan ez da nahitaezkoa euskaraz jakitea, nahiz eta baldintza gisa baloratzen den Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lan egiten duten estamentuetarako enplegu eskaintza publikoetan.

Berriki, Lehendakaritzaren Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekintza abiarazi ditu Gobernuaren jarduna hobetzeko herritarren parte-hartzearen eta haiei ematen zaien arretaren arloetan. Horri dagokionez, Iruñean eta Eskualde Mistoko gainerako tokietan dauden Gobernuaren bulegoetan jasotzen diren deietan, dei-egileak euskaraz hitz egiten badu, herritarrari arreta hobea emateko, dei-egileari euskaraz erantzuteko modurik ez badago kasuan kasuko unitateetan dauden baliabideekin, barneko prozedura-protokolo bat badago, zeinak bidea ematen baitu dei-egileari euskaraz erantzuteko komunikazioa eten gabe?.

AZTERKETA

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko II. tituluak, zeinak ezartzen baititu herritarrek administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, arreta egokirako eskubidea arautzen du, eta 6.2 artikuluan honakoa dio: ?Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz?.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu ?funtsezko? gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.

2. Euskara Nafarroako hizkuntza berekietako bat da. Hala ezarrita dago 18/1986 Foru Legeko 2. artikuluan. Artikulu horretan, halaber, foru legearen beraren ezinbesteko helburutzat jotzen da (1.2.a artikulua) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzea, bai eta eskubide horretaz baliatu ahal izateko tresnak zehaztea ere.

3. Kexaren arrazoia den egitatean zentratuz, zehaztu beharra dago honakoa dela aztergai duguna: Iruñean (eskualde mistoa) dagoen Foru Komunitateko administrazioko departamentu batekin herritar euskaldun batek ahoz euskaraz hitz egiteko eskubidea duen ala ez duen, eta, korrelatiboki, hizkuntza berean ahozko erantzuna jasotzeko eskubidea duen ala ez duen.

4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak aitortzen du eskualde mistoko herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko. Horrenbestez, herritar guztiek, legez, eskubidea dute ahoz nahiz idatziz euskara erabiltzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren eskualde mistoko bulego zentraletan, eta administrazioak eskubide hori nahitaez ezagutu behar du.

Herritarrari arreta ematen dion funtzionarioak edo enplegatuak euskaraz ez badakit, administrazioak ezinbestez itzultzaile bat eduki beharko du ahozko harreman horretan laguntzeko. Ezin baitio herritarrari eskubide duena ukatu, euskaraz hitz egitea erabaki badu, zeren eta horrekin abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 1., 2. eta 3. artikuluetan xedatua urratuko bailuke.

5. Foru Komunitateko administrazioak, bere burua antolatzeko daukan ahalmenaz baliatuta, erabakitzeko tarte zabal bat dauka, aplikatu beharreko bideei eta baliabide osagarriei dagokienez, herritarrak eskualde mistoan dauden zerbitzuetan hitzezko harremanetan euskara erabiltzeko duen eskubidea eraginkorra izan dadin. Baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea administrazioak erabaki beharreko kontu bat da, baina, edonola ere, herritarrek nahi dutenean euskara erabiltzeko eskubidea eraginkorra izan dadin bermatzeko behar adinakoak eta egokiak izan beharko dute.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Jotzea aztertutako kasuan eskualde mistoan dauden Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zentroetan herritarrak euskaraz hitz egiteko duen eskubidea urratu dela.

2. Osasun Departamentuari gogoraraztea legez eskualde mistoko bulego, zerbitzu eta zentroetan, eta bereziki Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko bulego zentraletan, herritar guztiek euskaraz hitz egiteko duten eskubidea eraginkor bihurtu behar duela.

3. Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari gomendio hori onartu duela jakinaraz dezan eta horren inguruan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko bulego zentraletan zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, gomendioa zergatik ez duen onartu adieraz dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen dituen moldeetan.

4. Interesdunari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia