Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 26ko 23/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 26

Osasuna

Gaia: No le reciben para tratar sobra la enfermedad de su hijo

Exp: 09/793/S

: 23

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 17an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka, aurkeztutako eskabideari ez erantzuteagatik.

    Azaltzen zuenez, interes berezia du kontseilariarekin hitz egiteko 41 urteko semearen egoerari buruz, gaixotasun mentala baitu. 2009ko otsailaren 26an idatziz eskatu zuen Osasun Departamentuko titularrarekin elkarrizketa bat izatea. Hamar hilabete baino gehiago igarota, ez diote eskatutakoari erantzun.

    Amaitzeko eskatzen zuen eman beharreko erantzuna eman dakiola aurkeztu zuen eskabideari, eta kontseilariak nahiz hark izendatutako pertsonak hitzordua eman diezaiola.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Osasun Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

  3. 2010eko urtarrilaren 7an, Osasun Departamentuko kontseilariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

“Eskabidea jaso ondoren, Osasun Departamentuko kabineteburua 2009aren hasiera aldean bildu zen [?] andrearekin, eta, nik aginduta, hura arduratu da ordutik orain arte haren eskabidea kudeatzeaz. Harrezkero eta gaur arte, ondoko urratsak egin dira haren eskaria asetzen saiatzeko:

Kontsulta Aho-hortzetako Osasunaren atalburuarekin.

Kontsulta Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programaren koordinatzailearekin.

Kontsulta Gizarte eta Osasun arloko Planeko zuzendariarekin.

Kontsulta horietako bakoitzaren ondotik jakinarazi zaio [?] andreari ezinezkoa dela haren eskaera onartzea; izan ere, eskatzen duen prestazioa ez dago sartuta, gaur egun, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zerbitzu-zorroan.

AZTERKETA

  1. Interesdunak azaltzen du ez zaiola erantzun 2009ko otsailaren 26an Nafarroako Gobernuko Erregistroan aurkeztutako eskabideari, zeinaren bidez hitzordua eskatzen baitzion kontseilariari.

    Konstituzioan jasotzen den eskariak egiteko eskubideari dagokionez (Konstituzioko 29. artikuluan dago jasota eskubide hori) funtsezkoa da administrazio publiko oro behartuta dagoela interesdunek aurkezten diezkieten eskari guztiak espresuki ebaztera (Eskariak Egiteko Eskubidea arautzen duen azaroaren 12ko 4/2001 Lege Organikoko 11. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, izapidetzera onartu den ala ez jakinara dakion eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat.

    Kexaren xedea den kasuan, Osasun Departamentuak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea izapidetzeko onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.

    Azken batean, Osasun Departamentuak ez dio idazki horri inolako izapiderik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.

  2. Departamentuaren txostenak erantzun antolatu, zehatz eta laburra ematen dio erakunde honek igorritako idazkiari, bai eta interesdunak 2009ko otsailaren 26an aurkeztutako eskabideari ere.

    Erakundeak, aurreko puntuan adierazitako ildoari jarraikiz, uste du txostena ebazpen honetan hitzez hitz transkribatzeak ez duela kentzen Administrazioak haren edukia interesdunari, [...] andreari, helarazteko duen betebeharra, hain zuzen ere eskabideetako erantzunak jakinarazteko ohiko moldean.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela, Eskariak Egiteko Eskubidea arautzen duen azaroaren 12ko 4/2001 Lege Organikoari jarraikiz, espresuki erantzutera kexaren sustatzaileak Espainiako Konstituzioan eskariak aurkezteari dagokionez aitortzen den eskubidea baliatuz eginiko eskariari.

  2. Bi hilabeteko epea ematea aipatu Departamentuari gomendio hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egileari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia