Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urtarrilaren 14ko 7/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urtarrila 14

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Solicita se le permita recargar la tarjeta de transpote público mientras dure la inexistencia de nuevas tarjetas

Exp: 09/804/O

: 7

Zerbitzu publikoak

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 19an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Iruñerriko Mankomunitatearen aurka, garraio-txartelaren kontzesioan gertatutako irregulartasunengatik.

    Azaltzen du 65 urte baino gehiago dituenez, garraio publikoaren tarifa sozialez balia daitekeela. Onura hori ematen da enpresa pribatu batzuei (tabernak, estankoak, [?]) behar den eskabidea aurkeztu eta ondoren. Ez dago ados jokamolde horrekin, zeren eta ez baitu egokitzat jotzen bere datuak, helbidea eta NANa ente pribatuei ematea.

    Gehitzen du ezin izan duela bere txartela kargatu, eragiketa hori jada ez dagoelako abian. Ezin izan du, ezta ere, txartel berririk eskuratu, agortu egin baitira. Egoerak hilabete iraunen omen du.

    Amaieran eskatzen du aukera eman dakion txartel berria lortzeko izapideak Mankomunitateko bulegoetan egiteko, eta baimena eman dakion antzinako txartela kargatzeko txartel berririk ematen ez dioten bitartean.

  2. Joan den urriaren 9an, erakunde honek Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariari gaiari buruzko informazioa eskatu zion.
  3. Mankomunitateko lehendakariak, abenduaren 23an, txosten bat igorri zigun. Bertan, honakoa azaltzen zigun:

    Herritarrek (kasu batzuetan) garraio-txartela lortzeko eskabidea banaketa, salmenta, karga eta informazio guneetan aurkeztu behar izateko arrazoia da Iruñerriko Mankomunitateak eta [?]k laguntza-kontratu bat sinatuta daukatela.

    Txostenaren zati gisa, administrazio baldintzen pleguko 16. atalaren kopia igortzen du. Atal hori izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoa da, eta laugarren eta bosgarren lerrokadetan honakoa ezartzen da:

    “Izaera pertsonaleko datuak direla-eta erabateko konfidentzialtasuna gorde beharko da, eta ezin izanen dira kopiatu edo erabili pleguan jasotakoaz beste inongo xedetarako. Halaber, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa bete beharko da.

    Halaber, bere eginkizunak egoki bete ahal izateko, litekeena da adjudikazio-hartzaileak informazio konfidentziala edukitzea garraio-txartelen merkataritza-erabilerari buruz edo erabilera teknikoari buruz.

    Ezagutza hori kontuan izanda, honako konpromisoak onartzen ditu berariaz:

    Ezagutu duen informazioari buruzko konfidentzialtasun osoa eta sekretua gordetzea.

    Hirugarren pertsonei, fisiko nahiz juridikoei, daukan edo eskuratu duen informazio konfidentziala ez ematea, ez komunikatzea, ez eskaintzea eta ez lagatzea, ezta informazioa bera kontserbatzeko ere.

    Daukan edo eskuratu duen informazio konfidentziala ez erabiltzea kontratu hau betetzeko beharrezkoa gerta daitekeen xedeaz bestelako xede batekin”.

AZTERKETA

  1. Iruñerriko Mankomunitatearen jokabidea, laguntza-kontratuko baldintzetan ezarriz garraio publikoko txartel, titulu eta diru-zorroen kudeaketan eta pertsonalizazioan [?] enpresa adjudikazio-hartzaileak eskura ditzakeen izaera pertsonaleko datuen erabateko konfidentzialtasuna, bat dator garraio publikoko erabiltzaileen izaera pertsonaleko datuen konfidentzialtasuna betetzeko daukan betebeharrarekin.

  2. Iruñerriko Mankomunitateak, erakunde honen iritziz, prozedura egokia jarraitu du 65 urtetik gorakoei garraio publikoko kontakturik gabeko txartel berria eskuratzeko. 2009ko apirilaren hasieran, argibide-gutun bat igorri zien garraio txarteletako 65 urtetik gorako titular guztiei. Gutun horrekin batera, txartel berria eskatzeko eskabidea erantsi zuen. Eskabidea bete ondoren, txartel berria eskatzailearen helbide partikularrera igorriko zen, baldin eta eskaera maiatzaren 8a baino lehen egiten bazen; data hori baino geroago eskatuz gero, berriz, txartela eskabidea aurkeztutako establezimendu berean jaso beharko zen.
  3. Antzinako “diru-zorro txartelek”, eskualdeko hiri garraioko tarifa soziala ordaintzekoek, 2009ko abenduaren 31n utzi zioten baliodun izateari, baina haiek kargatzeko aukera azaroaren 19ra arte egon zen.

    Azaroaren 18tik aurrera beren “diru-zorro txarteleko” saldoa bukatu zuten erabiltzaileek –esate baterako, kexa-egileak– ezin izan zuten profil sozialeko garraio txartel berria eskuratu zeren eta gaztelaniazko txartel berriak agortu baitziren. Iruñerriko Mankomunitateak aurreikusi zuen, kexa-egileak dioen bezala, hilabeteko epean txartelen beste bidalketa bat edukiko zutela.

  4. Iruñerriko hiri garraioko tarifa soziala 65 urtetik gorakoen eskubide bat da, baina garraio publikoaren erabileran tarifa murriztuen onuraduna izateko baldintza batzuk bete behar dira. Eskubide hori Hiri Garraio Publikoko Tarifa Soziala arautzen duen ordenantzan jasota dago. Ordenantza hori, berriz, Iruñeko Udalak onetsi zuen 1999ko martxoaren 12an, eta 1999ko martxoaren 29ko 38. NAOn argitaratu zen. Gero, Iruñerriko Mankomunitatearen erabaki batez aldatu zen, 2009ko ekainaren 25ean; aldaketa hori 2009ko irailaren 21eko 166. NAOn argitaratu zen.
  5. Kexa-egileak, zeinak 65 urte baititu eta garraio publikorako txartel sozialaren onuraduna baita, ezin da inolaz ere kalteturik atera, hau da, ezin zaio kendu Ordenantzak ematen dion eskubide bat, soilik Iruñerriko Mankomunitateak oker bat egin duelako sistema berria ezartzeko gaztelaniazko zenbat kontakturik gabeko txartel beharko ziren aurreikusterakoan.

    Aurreikuspeneko akats horren ondorioz, gertatu da txartel elektronikoak materialki falta izateak denbora batez eragotzi diola kexa-egileari arauetan esleitzen zaizkion tarifa murriztuez baliatzea.

    Hori guztia dela eta, erakunde honen iritziz, bidezkoa da Iruñerriko Mankomunitateak kexa-egileari itzul diezaion eskualdeko garraio publikoan egiaz gastatu duenaren eta garraio-txartel sozialeko onuradun gisa egokituko litzaiokeenaren arteko diru-kopurua, hain zuzen ere 2009ko azaroaren 19tik hasi eta kontakturik gabeko txartel sozial elektronikoa erabiltzaileen eskura berriz jarri zen egunera arteko aldiari dagokiona.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iruñerriko Mankomunitateari gomendatzea kexa-egileari itzul diezaion emendioz ordaindu behar izan duen zenbatekoa, hain zuzen ere garraio publikoko kontakturik gabeko txartel soziala ezin eskuratzearen ondorioz.

  2. Iruñerriko Mankomunitateari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideari erantzun formala eman beharko dio.

  3. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari eta kexa-egile [?] jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin dela ebazpen honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia