Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 8ko 175/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urria 08

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de resolución de un recurso de alzada

Exp: 10/486/D

: 175

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko ekainaren 14an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen, gora jotzeko errekurtso bat ez ebazteagatik.

    Azaltzen zuenez, 2009ko abenduaren 18an gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen abenduaren 18ko 142/2009 Ebazpenaren aurka, zeinaren bidez ezarri baitziren foruzainen 99 lanpostu betetzeko deialdiaren karietara Nafarroako Segurtasun Eskolak jarritako notak. Errekurtso haren bidez espresuki eskatzen zuen Barne Araudiaren atalak egindako txostenaren kopia eman zekiola, bai eta txostena prestatzeko eta ebazpena emateko erabilitako dokumentazioa ere.

    Adierazten zuenez, iragandako denbora gorabehera, ez da berariaz ebatzi gora jotzeko errekurtsoa.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari txosten bat egiteko eskatu genion 2010eko uztailaren 1ean. Emandako epea iragan zen, eta Departamentuak ez zuen eskatutako txostena bidali.

    2010eko abuztuaren 6an, erakunde honek berriz ere eskatu zion txostena egiteko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari. Azkenean, txosten hori 2010eko urriaren 7an heldu zen erakunde honetara.

    Txosten horretan adierazten denez, errekurtsoa Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urriaren 4ko 618/2010 Foru Aginduaren bidez ebatzi da.

AZTERKETA

  1. Azaldu den legez, kexa-egileak salatzen du Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ez duela ebatzi 2009ko abenduaren 18an aurkeztutako gora jotzeko errekurtso bat.

    Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak informatzen duenez, errekurtsoa 2010eko urriaren 4an ebatzi da.

  2. Kexaren gaiari dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora zerbait egin dezan eskatzeko jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera utzita erantzun hori baiezkoa edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du; eta halaxe jasotzen da orobat Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduan, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea.

    Azken finean, Administrazioa legez behartuta dago eskabide guztiei erantzutera, idatziz normalean, eta epearen barruan betiere.

    Gora jotzeko errekurtsoak ebazteko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa da. Kasu honetan, ordea, administrazioak hamar hilabete behar izan ditu administrazio-errekurtso hori ebazteko. Berandu emandako erantzunek, esate baterako honek, nahitaez eman beharrekoak badira ere, ez dute bermatzen herritarrak erantzuna garaiz jasotzeko duen eskubidea.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarrek aurkezten dituzten administrazio-errekurtsoak epean eta forman espresuki erantzutera.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egileari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia