Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 26ko 191/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urria 26

Ogasuna

Gaia: Factura por duplicado la tasa de basura a contribuyentes con el mismo domicilio

Exp: 10/630/H

: 191

Ogasuna

AURREKARIAK

  1. 2010eko abuztuaren 13an, [?] andreak sinatutako idazki bat sartu zen erakunde honetan; haren bidez Erriberako Hondakin Solidoen Mankomunitatearen aurkako kexa bat aurkeztu zuen, bi zergaduni zabor bilketaren kuota bana ordainarazteagatik, nahiz eta biek bizileku bera izan.

    Azaltzen zuenez, Mankomunitateak bi ordainagiri igorri ditu bizileku berera, 2010eko lehen seihileko zabor bilketaren tasa dela eta: bata, 45,97 eurokoa, Cascanteko [?]-ri, etxeko tasaren kuota gisa; eta bestea, 96,47 eurokoa, [?] enpresari, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egoteagatik.

    Zioenez, enpresa [?] jaunaren etxebizitzan dago helbideratuta, eta, beraz, bidegabea da ordainagiri bat baino gehiago fakturatzea espazio fisiko bakar batengatik.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bat igorri genuen Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatera, kexan planteaturiko gaiari buruz informa zezan.

2010eko urriaren 7an, Mankomunitateko lehendakariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

“Interesdunak dio 2010eko lehen seihilekoan bi ordainagiri igorri direla bizileku bakar batera, bata 45,97 eurokoa [?]-ri eta bestea 96,47 eurokoa [?] enpresari, eta orobat dio enpresa [?] jaunaren etxebizitzan dagoela helbideratuta, eta, beraz, bidegabea dela ordainagiri bat baino gehiago fakturatzea espazio fisiko bakar batengatik.

2.) Ordenantza fiskal indardunak, besteak beste, zabor bilketako etxeko tarifan katastro unitatea ezartzen du, eta etxekoa ez denean, berriz, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako epigrafeen zerrenda bat eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko tasa; tasa, hortaz, ez da ezartzen ez jarduera egiten den lokalari erreparatuta ez jardueren titulartasunari erreparatuta ere (ordenantzako seigarren artikulua). Artikulu horretan orobat ezartzen da etxebizitza bat jarduera ekonomikoen gaineko zergari lotutako jardueraren baten kokalekua bada, tasarik handiena aplikatuko dela.

3) Arestian azaldutakoari jarraikiz eta Mankomunitate honetako artxiboetan dauden aurrekarien arabera, [?] jauna ageri da etxebizitzaren katastroko titular gisa, zeinak gaurko egunera arte etxeko tasaren kuota ordaindu baitu. 2010eko lehen seihilekoan, berriz, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Erregistroko datuetan [?] E31620495 sozietatea ageri denez subjektu pasibo gisa, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafean alta emandakoa, jarduera horri dagokion tasa igorri zaio.

Gure ordenantzak orobat ezartzen du ezen “titular batek jarduera ekonomikoen gaineko zergako (J.E.Z.) bi epigrafe edo gehiagotan alta hartu badu, tarifarik handiena duena aplikatuko dela.”

Kasu honetan ez da gertatzen ordenantzan aurreikusitako kasuetarik bat ere; izan ere, lehendabizikoa aplikatu ahal izate aldera titularrak bera izan behar du, baina hemen gertatzen da etxebizitzaren titularra pertsona fisiko bat dela, [?], eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan jarduera egiten duena pertsona juridiko bat dela, E31620495 [?] sozietatea. Bigarren kasua ere ez da gertatzen.

Tasa ez da lokalaren arabera ordainarazten, ezpada Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta hartu izanagatik. Horri dagokionez adierazi beharra dago badirela kasuak zeinetan lokal berean bi pertsona jarduten diren eta bi jarduera egiten diren (abokatua eta arkitektoa), edo bi bulego dauden, eta horietako bakoitzak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta hartu izanagatik ordaintzen duen, eta ez betetzen duen bulegoarengatik.

AZTERKETA

Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankumunitatearen Hiri hondakin solidoak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskaleko laugarren artikuluak ezartzen duenez, “ordenantza honen xedeko zerbitzu edo jarduerak eskura izan edo/eta erabiltzeak dakar zergapeko egintza”, eta orobat zehazten du horiek, besteak beste, etxebizitzetakoak (1) edo zerbitzuetakoak (2) izan daitezkeela. Seigarren artikuluan berriz, ondokoa ezartzen da:

“Zerga-oinarria zehaztuko da kontuan hartuz zein den emandako zerbitzua, ordenantza honetako tarifetan agertzen diren kopuruen arabera.”

4. artikuluko A eta B ataletan ezarritako zergapeko egintzetarako, honako hau da tarifa aplikatzeko zerga-oinarria:

A-1 zergapeko egintzarako: bizitegia den edo izan litekeen katastro unitatea.

Etxebizitza bat jarduera ekonomikoen gaineko zergari lotutako jardueraren baten kokalekua bada, tasarik handiena aplikatuko da.

Horrela, bada, kexa honetan aplikatzekoa da aipatu ordenantza horren seigarren artikuluko laugarren lerrokadan ezarritakoa; halatan, etxebizitza batean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari lotutako jarduera bat egiten denez, 201eko lehen seihilekoan ordainarazi beharreko zenbatekoa ez zen 96,47 euro –Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egoteagatik– gehi 45,97 euro –etxeko kuotagatik–, ezpada horietako handiena, hau da, 96,47 eurokoa.

Hortaz, bidezkoa da gogoraraztea zabor bilketaren tasa Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen Hiri hondakin solidoak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean ezarritakori jarraikiz ordainarazi behar dela legez, eta 45,97 euro itzuli beharra dagoela, 2010eko lehen seihilekoan ordainarazitako gehiegizko zenbatekoa baita hori.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateari gogoraraztea legez behartuta dagoela Hiri hondakin solidoak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean ezarritakori jarraikiz ordainaraztera tasak.

  2. Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateari gomendatzea kexa-egileari 2010eko lehen seihilekoan behar ez bezala ordainarazitako 45,97 euro itzul diezazkion.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateari legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.

  4. Ebazpen hau jakinaraztea interesdunei eta Erriberako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateari, eta adieraztea honen aurka ezin dela inolako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia