Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 1eko 174/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urria 01

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de resolución de un recurso de alzada

Exp: 10/639/D

: 174

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko abuztuaren 20an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurka, gora jotzeko errekurtso bat ez ebazteagatik.

    Azaltzen zuenez, 2010eko apirilaren 6an, beste 641 pertsonarekin batera, gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren otsailaren 8ko 16/2010 Foru Aginduaren aurka –horren bidez, homologatu eta behin betiko onetsi zen Azagrako Udal Plana–. Kexa aurkeztu zen egunean, ordea, gora jotzeko errekurtsoaren erantzuna jaso gabe zegoen oraindik.

    Bere desadostasuna adierazten zuen administrazioaren isiltasun negatiboa baliatzeagatik gora jotzeko errekurtsoari erantzuteko.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari txosten bat egiteko eskatu genion 2010eko abuztuaren 23an.

    2010eko irailaren 22an, eskatutako txostena jaso genuen erakunde honetan. Hartan adierazten denez, Nafarroako Gobernuak 2010eko irailaren 20an ebatzi zuen gora jotzeko errekurtsoa.

AZTERKETA

  1. Azaldu den legez, kexa-egileak salatzen du ez zela epean ebatzi Azagrako Udal Planaren behin betiko onespenaren aurka 2010eko apirilaren 6an jarritako gora jotzeko errekurtsoa. Gora jotzeko errekurtso hori 2010eko irailaren 20an ebatzi zen azkenik.

  2. Kexaren gaiari dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora zerbait egin dezan eskatzeko jotzen duen herritar orok eskubidea duela erantzuna epean jasotzeko. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du; eta halaxe jasotzen da orobat Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduan, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea.

    Gora jotzeko errekurtsoak ebazteko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa da. Kexaren xede den kasu honetan, ordea, bost hilabete eta erdi iragan dira; alegia, luzaz gainditu da ezarritako gehieneko epea. Berandu emandako erantzunek, esate baterako honek, nahitaez eman beharrekoak badira ere, ez dute bermatzen herritarrak erantzuna garaiz jasotzeko eta administrazio egokia izateko duen eskubidea.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarrek aurkezten dituzten administrazio-errekurtsoak epean eta forman espresuki erantzutera.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egileari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia