Partekatu edukia
Euskara
Gaia: La falta de atención en euskera en el Servicio de Transbide y la denegación de derivar a un paciente a otra Comunidad Autónoma para poder ser atendido en dicha lengua.
Osasun kontseilaria
Kontseilari jauna:
1. 2026ko apirilaren 28an, instituzio honek (…) andrearen idazki bat jaso zuen, zeinaren bidez kexa bat aurkeztu baitzuen, Transbide Zerbitzuan arreta euskaraz ez emateagatik eta pertsona bat beste erkidego batera bideratzea ukatzeagatik.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) Pazienteak arreta euskaraz jaso behar du, eta, arreta hori Nafarroako Transbide Zerbitzuan bermatzerik ez zegoenez, Gipuzkoara bideratzeko eskatu zuen, han bere hizkuntzan jaso baitzezakeen arreta.
b) Deribazio-eskaera ukatu egin zen, idatzizko arrazoirik gabe, nahiz eta zerbitzuak berak telefonoz onartu zuen bai pazienteak hura eskatzeko duen eskubidea, bai arreta euskaraz emateko gaur egun duen ezintasuna, langile kualifikaturik ez baitago.
c) Administrazioak pazienteen hizkuntza-eskubideak bermatzeko betebeharra du, eta Nafarroan zerbitzua behar bezala eman ezin badu, beste autonomia-erkidego batera bideratzea erraztu beharko luke, pazientea berak ordaindutako zerbitzu pribatuetara jotzera behartu beharrean.
2. Ondoren, erakunde honek Osasun Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2026ko apirilaren 28an, bidalitako txostena jaso zen, eta espedientean sartu zen.
3. Adierazi den bezala, kexaren helburua da osasun-arreta euskaraz jasotzeko bermerik eza eta beste autonomia-erkidego batera bideratzea ukatzea.
4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak euskararen erabilera normal eta ofiziala arautzen du gizarte-bizikidetzaren eta irakaskuntzaren eremuetan.
Horren 1.2. artikuluaren arabera, hauek dira helburu nagusiak: herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea; euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, bere erabilpena sustatzeko neurriak adieraziz; eta euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta begirune-irizpideei jarraikiz. Hori guztia, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.
Arau beraren 5. artikuluari jarraikiz, eremu mistoan Transbide dagoen Iruñea udalerria dago, eta eremu horri dagokionez, hauxe ezartzen du 17. artikuluak: “herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko”.
Hala ere, zehaztu behar da Osasun Departamentuaren barruan dagoen Transbide zerbitzua foru-eremuko osasun-zerbitzua dela; hala, Nafarroako herritar guztientzat dago eskuragarri, eta ez da mugatzen Euskararen Foru Legean ezarritako hizkuntza-eremu jakin batera (eremu euskalduna, mistoa edo ez-euskalduna). Ondorioz, funtzionamendu-araubidea eta hizkuntza-eskubideak bermatzeko betebeharrak Foru Komunitateko lurralde osoan estaldura orokorra duen osasun-zerbitzu publikoaren barruan kokatu behar dira.
Ildo horretan, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, Nafarroako administrazio publikoetan eta haien mendeko organismo publikoetan eta zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duenak, 3.2. artikuluan ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu zentraletan funtsezko helburua dela euskara erabiltzea herritarrei zerbitzua emateko hizkuntza gisa. Ezarpen hori bereziki garrantzitsua da zeharkako eta foru-irismeneko zerbitzuei dagokienez, hala nola Transbide, agerian uzten baitu Nafarroako herritar guztiei zuzendutako zerbitzu publikoak ematean euskararen erabilera eraginkorra izateko beharrezkoak diren tresnak artikulatzeko betebeharra.
5. Azaldutakotik ondoriozta daitekeenez, foru-araudiak aitortutako hizkuntza-eskubideen eraginkortasuna ezin da zerbitzu jakin batean euskara dakiten langileen egoeraren araberako eskuragarritasunaren mende baino ez geratu. Aitzitik, Administrazioari dagokio behar diren antolaketa-neurriak hartzea euskara herritarrei zerbitzua emateko hizkuntza gisa erabili ahal izateko, eta bermatzea erabiltzaileek hizkuntza horretan jaso ahal izango dutela osasun-arreta, hala eskatzen dutenean.
Hori dela-eta, arreta euskaraz ematea ezin bada zuzenean bermatu Transbideko zerbitzuan bertan, Osasun Departamentuak baloratu behar du eskubide hori gauzatzeko mekanismo alternatiboak ezartzea. Mekanismo horien artean hauxe egon daiteke, klinikoki egokia eta antolamenduaren aldetik bideragarria denean: ukitutako pertsona osasun-sistema publikoko beste laguntza-baliabide batzuetara bideratzea, non eskatutako arreta euskaraz jaso dezakeen, adibidez, Gipuzkoara.
Horregatik guztiagatik, erakunde honek egoki ikusten du Osasun Departamentuari iradokitzea beharrezkoak diren neurriak har ditzala ukitutako pertsonak osasun-arreta euskaraz jaso ahal izango duela bermatzeko.
6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Osasun Departamentuari iradokitzea ukitutako pertsonak osasun-arreta euskaraz jaso dezala, dela Transbideko zerbitzu publikoan bertan, dela, hala badagokio, osasun-sistemako beste baliabide batzuetara bideratuta, arreta eskatutako hizkuntzan jaso ahal izate aldera.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Osasun Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia