Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Otsailaren 18ko 36/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 otsaila 18

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Disconformidad con criterio departamental sobre amplitud de la beca concedida

Exp: 09/895/E

: 36

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. 2009ko abenduaren 31n, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Ogasun Departamentuaren aurka, Nafarroa Beken 2009ko deialdiko oinarriak oker interpretatzeagatik.

    Azaltzen du hamabi hilabeteko iraupena duen master bat egiten ari dela “University of London” “School of Oriental and African Studies” erakundean, eta hura Nafarroako Gobernuak 2009rako deialdian emandako beka batekin finantzatzen ari dela, Nafarroako 2008-2011 Nazioarteko Planaren barruan. Deialdia 2009ko otsailaren 23ko 23. NAOn argitaratu zen.

    Azaltzen du deialdiko oinarriek lauhileko bakoitzeko 6.500 euroko asignazioa ezartzen dutela, lojamendurako eta mantenurako. Desadostasuna heldu da Ekonomia eta Ogasun Departamentuak erabaki baitu ordainketa soilik bi lauhilekotan egitea, eta ez masterrak irauten duen hamabi hilabeteak osatzen duten hiru lauhilekotan.

    Gehitzen du orain ikasten ari den masterra 2009ko irailaren 22an hasi zela eta 2010eko irailaren 14an bukatuko dela; hau da, 12 hilabete naturaleko edo hiru lauhileko iraupena duela. Horrek ez du inongo zerikusirik bi lauhileko ikasturte akademikoarekin, horixe izaki inongo oinarririk gabe Nafarroako Gobernuak alegatu duen arrazoia hirugarren lauhilekoaren ordainketa ukatzeko.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.

    2010eko otsailaren 4an, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak txosten bat igorri digu. Honakoa dio bertan, hitzez hitz:

Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren ekainaren 24ko 12/2009 Foru Aginduaren bitartez eta abuztuaren 24ko 141/2009 Foru Aginduaren bitartez, aipatutako beketako bat eman zitzaion interesdunari “School of Oriental and African Studies-University of London-SOAS” erakundean “Development Studies” izeneko master bat ikasteko. Guztira, 21.551 euro aurreikusi ziren.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Erregistroan 2009ko abuztuaren 19an aurkeztutako idazkiaren bitartez, errekurtso bat aurkeztu zuen foru agindu horren aurka, bere bekari zegokionez, alegatuz emandako zenbatekoa ez zetorrela bat deialdiko oinarriekin. Zehazki, errekurtsoan zalantzan jartzen da “Nafarroa Beken” 2009ko deialdian erabiltzen den “lauhileko” terminoari eman behar zaion esanahia. Interesdunaren eta departamentuaren arteko desadostasuna heldu da azken horrek erabaki duenean soilik 2 lauhileko ordaintzea, eta ez 3 –hain zuzen ere interesdunaren ustez 3 baitagozkio–.

Aurreko txosten batean jada adierazi genuen bezala, atzerriko unibertsitateetan master ikasketak egiteko beken deialdi bat da. Deialdia erregulatzen duen arauan erabiltzen den “lauhileko” terminoa irakaskuntzan –hau da, hemen aztergai daukagun arlo akademiko unibertsitarioan– ohikoa den esanahian interpretatu behar da. Arlo akademiko horretan, “lauhilekoa”, “hiruhilekoa” edo “seihilekoa” irakaskuntza-aldi bat da, kasuko unibertsitateek ezartzen dutena eta agian zerikusirik ez duena hertsiki lau hilabeteko aldiarekin, zeren eta lau hilabete horiek baino luzeagoa edo laburragoa izan baitaiteke.

Nolanahi ere, “SOAS-University of London” erakundearen egutegi akademiko ofizialetik ondorioztatzen den bezala, 2009-2010 ikasturtea honela dago banatuta:

Lehen hiruhilekoa: 2009ko irailaren 28tik, astelehena, 2009ko abenduaren 18ra.

Bigarren hiruhilekoa: 2010eko urtarrilaren 11tik, astelehena, 2010eko martxoaren 26ra.

Hirugarren hiruhilekoa: 2010eko apirilaren 26tik 2010eko ekainaren 18ra.

Batuketa eginez, irakaskuntzako 7 hilabete eskas ateratzen dira; [?] andreari, ordea, 2 lauhileko ordaindu zaizkio, gure ustez dagokiona baita.

Masterreko ikasleek irakaskuntza aldiaren amaieran oroitidazki/disertazio/proiektu bat aurkeztu beharra daukate, beren prestakuntza bukatzeko eta graduatu ahal izateko.

Aztertzen ari garen kasuan, unibertsitateak ezarri du lan hori ekainaren 19tik irailaren 15era bitarte aurkeztu beharra dagoela.

Egia da udako hilabeteetan, ikasleek, nahi badute, unibertsitatearekin lotuta jarrai dezaketela kontsultak egiteko edo orientabide akademikoak jasotzeko, baina hori Nafarroatik ere egin dezakete, edo nahi duten tokitik, kontsultak posta elektroniko bidez eginez.

Azkenik, argibideetarako, garrantzi eta izen handiagoko beste deialdi batzuk kontsulta daitezke; esate baterako, Fulbright Bekak, zeinetan, Nafarroa Beketan egiten den moduan, onuradunei irakaskuntza-aldietarako baizik ez zaie bekarik ematen.

AZTERKETA

  1. “Nafarroa Beken Oinarriak” 2009rako deialdian I. eranskineko 9.b) artikuluak ezartzen du bekan honakoa bilduko dela: “6.500 euro gordin lauhileko bakoitzeko, kontzeptu hauetarako: ostatua, mantenua eta beste gastu batzuk.”
    Beken baldintzak eta iraupena aipatu deialdiko 10.1 artikuluan arautzen dira. Bertan, honakoa ezartzen da, besteak beste: ”Bekek gutxienez 8 hilabete (2 lauhileko) iraunen dute eta 20 hilabete (5 lauhileko) gehienez”. Deialdiaren helburua denez (1. artikulua) onuradunei bekak emateko oinarri arautzaileak ezartzea. Beka horien bidez master programak eginen dituzte atzerriko unibertsitateetan”, arrazoizkoa da jotzea arauak bilatzen duena dela onuradunek master programak irauten duen denbora guztian izanen dituzten gastuak berdintzea. Arauaren hitzez hitzekotasunak ez du zalantzarako tarterik uzten: lauhileko bat lau hilabete dira (8 hilabete 2 lauhileko dira).
  2. “School of Oriental and African Studies” de la “SOAS – University of London” erakudeak Miss [?]-rentzat 2009ko abuztuaren 10ean emandako ziurtagirian jasota dago programa 2009ko irailaren 22an hasten dela eta 2010eko irailaren 14an bukatzen dela (Her programme commences on the 22 September 2009 and will en don the 14 September 2010); hau da, 12 hilabete, edo gauza bera dena, hiru lauhileko.

    Erakunde honen iritziz, ezin dira irakaskuntza aldiak eta irakaskuntzaz besteko aldiak bereizi; eta kontzeptu horiek ez dute zertan esanahi bera izan Ingalaterran eta Nafarroan. Masterrak, programaren arabera, urtebeteko iraupena dauka. Oroitidazkiaren prestaketa eta lanketa 2009ko irailean has daitezke eta 2010eko irailean amaitu. Logikoagoa da eta hobeki ezkontzen da Gizarte Zientziak-Nazioarteko Garapena (MSc Development Studies) berariazko masterraren kontzeptuarekin berarekin, eta aldi berean saihestezina da, proiektuaren/oroitidazkiaren jarduketak eta exekuzioa “SOAS – University of London” erakundeko “School of Oriental and African Studies” eskolan burutzea, ikasleak bertan izanen baititu behar diren bibliografia nahiz materiala eta tutore akademikoen laguntza pertsonala, eta ez, departamentuaren txostenean ageri den bezala, Nafarroako herri txiki bateko bere helbide partikularrean.

    Horrenbestez, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak bere jarduketa deialdian ezarritako aurreikuspenen arabera doitu beharra dauka –deialdi hori, berriz, otsailaren 9ko 19/2009 Foru Aginduaren bidez onetsi zen–, betiere graduondoko programaren (master) iraupenaren arabera; hain zuzen ere, hamabi hilabete, University of London-SOAS erakundeak ziurtatu bezala.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gogoraraztea emandako bekaren bolumen ekonomikoa legez “Nafarroa Beken” 2009ko deialdian ezarritako hitzez hitzeko xehetasunetara doitu behar duela, eta kexa-egileari masterrak irauten dituen hiru lauhilekoak ordaindu behar dizkiola.

  2. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. [?] andreari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia