Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Q26/465 Ebazpena. Horren bidez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari gomendatu dio beharrezkoak diren neurriak har ditzala Nafarroako Foruzaingoak sare sozialen bidez partekatzen dituen informazioak edo jakinarazpenak gaztelaniaz zein euskaraz eskain daitezen.

2026 maiatza 12

Euskara

Gaia: Nafarroako Foruzaingoak sare sozialetako kontuen bidez soilik gaztelaniaz dagoen informazioa argitaratzea.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria

Kontseilari andrea:

1. 2026ko apirilaren 7an, instituzio honek (…) jaunaren idazki bat jaso zuen, zeinaren bidez kexa bat aurkeztu baitzuen, Nafarroako Foruzaingoaren sare sozialetan argitaratutako bideo eta bideomuntaketetan euskara ez erabiltzeagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

“Idazki honen bidez, kexa aurkezten dut Nafarroako Foruzaingoaren sare sozial ofizialetan (Facebook, Instagram eta bestelako plataformetan) argitaratzen diren bideo eta bideo-muntaiak gaztelania hutsean soilik zabaltzen direlako.

Gaur egun, Nafarroako Foruzaingoak Facebook, Instagram eta beste sare sozial ofizial batzuetan argitaratzen dituen bideoak eta bideo-muntaiak gaztelaniaz bakarrik plazaratzen dira, euskarazko bertsiorik edo formatu elebidunik eskaini gabe, nahiz eta Nafarroako herritar guztiei zuzendutako komunikazio instituzional publikoak izan.

Nafarroan indarrean dagoen araudiak hizkuntza-eskubideak aitortzen ditu herritarrek Administrazio Publikoekin dituzten harremanetan, euskararen erabilera barne.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako administrazio publikoek pixkanaka euskararen erabilera sustatu behar dutela herritarrei zerbitzua emateko hizkuntza gisa, lurraldeko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta.

Era berean, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen marko juridikoak aurreikusten du komunikazio instituzionalak, informazio-kanpainak eta material publikoak formatu elebidunean (gaztelania-euskara) eman ahal izatea, bereziki herritar guztiei zuzendutako jardueretan.

Facebook, Instagram eta bestelako sare sozial ofizialetan argitaratutako bideoak eta bideo-muntaiak komunikazio instituzional publikoak dira, informazio, prebentzio eta interes orokorreko helburua dutenak. Horregatik, indarrean dagoen hizkuntza-araudiarekin bat dator eduki horiek euskaraz ere zabaltzea edo formatu elebidunean eskaintzea.

Euskarazko bertsiorik ez egoteak, praktikan, herritarrei aitortutako hizkuntza-eskubideen erabilera mugatzen du, eta euskararen presentzia murrizten du Nafarroako komunikazio instituzionalean”.

2. Ondoren, erakunde honek Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“[..]

Nafarroako Foruzaingoaren Ikuskaritza Orokorraren Arloko Atal Orokor Teknikoko Komunikaziorako eta Herritarren Partaidetzarako Taldeko langileei dagokie, besteak beste, Foruzaingoaren barne- eta kanpo-komunikazioa kudeatzea, Foru Administrazioaren arloan eskumena duten unitateekin koordinatuta, eta, horrekin bat, Nafarroako Foruzaingoaren kontu ofizialak kudeatzea sare sozialetan.

Apirilaren 16ko 35/2025 Foru Dekretuak plantilla organikoa aldatzea onetsi zuen, eta, horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetan eta horren organo autonomoetan euskararen 2. ezagutza-maila duten lanpostu elebidunak esleitu ziren. Besteak beste, lanpostu bat esleitu zen Foruzaingoaren plantilla organikoan, Komunikaziorako eta Herritarren Partaidetzarako Taldeari atxikia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko plantilla organikoko plazei profil elebiduna esleitzeak Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak 2022ko uztailaren 29an emandako 195/2022 Foru Aginduan ezarritako ondorioak ditu. Foru Agindu horren bidez, publiko egiten da betetzen ari ziren lanpostuaren hizkuntza-eskakizunaren aldaketak kasu bakoitzean eragin diezaiekeen enplegatuei dagokienez jarraitu beharreko prozedura. Arau horrek ezartzen duenez, hizkuntza-eskakizun elebiduna esleituta duten lanpostuei hizkuntza-eskakizuna eskatuko zaie lanpostua betetzen duen pertsonak horretarako borondatea berariaz adierazten duenean, eta borondatezkotasunik ezean, hizkuntza-eskakizun elebiduna esleitzen zaion lanpostua betetzen ari den pertsonari ez dio baldintza-eskakizun horrek eragingo, eta, beraz, lanpostua betetzen ari diren langileek bertan jarraituko dute harik eta lanpostua hutsik geratzen den arte edo dagokion sartze- edo betetze-prozeduraren bidez behin betiko betetzen den arte. Gaur egun, Komunikaziorako eta Herritarren Partaidetzarako Taldeari esleitutako lanpostu elebiduna ez dago hutsik.

Hala ere, modu aktiboan ari gara lanean, Foruzaingoko plantillaren berregituraketa orokorraren esparruan, Komunikaziorako eta Herritarren Partaidetzarako Taldean hizkuntza-eskakizuna duen plaza bat benetan eduki ahal izateko.

Bitartean, Foruzaingoan barne operazio-jarraibidea idatzi da Euskarabidearen Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuaren laguntzarekin. Horren bidez, ezarri egin da bi hizkuntzak erabiliko direla, oro har, berehala argitaratzea eskatzen duten gertakariak ez diren jakinarazpen guztietan (bide-mozketak, istripuak...).

Beraz, baiezta daiteke Nafarroako Foruzaingoak duen konpromisoa bere sare sozialen bidezko jakinarazpenetan euskara erabiltzeko. Egia da konpromiso horretan egindako aurrerapen nabariak zaildu egiten direla parte hartzen duten euskal eragileen (Komunikaziorako eta Herritarren Partaidetzarako Taldekoak ez direnak) arrazoi teknikoengatik eta borondatezkotasunagatik, baimena eman behar baitute bideoetan eta bideomuntaketetan agertzeko. Hala ere, aukera teknikoak aztertuko dira, euskararen erabilerako aurrerapenak horrelako mezuak ere barne har ditzan”.

3. Kexan mahaigaineratutako gaia Nafarroako Foruzaingoaren sare sozialetako kontuen bidezko informazioak soilik gaztelaniaz argitaratzea da, eta erakundeak aztertu du jada aurreko kexen ondorioz.

Zehazki, Q24/791 kexa zela-eta, erakunde honek hauxe adierazi zuen:

7. Piztutako auziak bat egiten du Euskarari Buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen ezarpenekin.

Foru Lege horren 1.2. artikuluak adierazten du hauek direla haren helburuak: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, bere erabilpena sustatzeko neurriak adieraziz; eta c) euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta begirune-irizpideei jarraikiz. Hori guztia, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.

Hala, 2.1. artikuluak dio gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla eta, ondorioz, herritar guztiek dutela hizkuntza horiek ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea. Era berean, hauxe ezartzen du 2.2. artikuluak: gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala, eta euskara ere hala dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan eta aipatutako Euskararen Foru Legean ezarritako baldintzetan.

Bestalde, 3.1. artikuluak ezartzen duenez, “botere publikoek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminaturik izan ez daitezen”.

8. Kexaren espedientean ez da zalantzan jartzen, sustatzaileak alegatutakoa eta administrazio organoek argudiatutakoa ikusita, Foruzaingoak sare sozialetan egiten dituen jakinarazpenak edo informazioak elebidun egiteari dagokiona.

Hain zuzen ere, Euskararen Foru Legetik datorren hizkuntza-araubidearekin bat etorriz, erakunde honen ustez, horrela egin beharko litzateke, bereziki kontuan hartzen bada sare sozial bateko argitalpen bat herritar guztiei zuzenduta dagoela, modu globalean eta ez bereizgarrian, Nafarroako eremu euskaldunean bizi diren pertsonak barne, non araua bi hizkuntzen arteko koofizialtasuna eta parekotasuna baita.

Erakunde honen iritziz, horretan datza azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 20.4. artikuluan eta 21.1. artikuluan ezarritakoaren baterako jokoa. Zehazki, Dekretua euskararen erabilera arautzen du Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, eta Nafarroako Justizia Auzitegiaren 2019ko irailaren 27ko epaiak ez die manu horiei eragin; izan ere, epaiak artikulu horietako beste apartatu batzuk baliogabetu zituen. Lehenengoaren arabera, “herritarrentzako eskura dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako baliabide elektronikoen bidez egiten diren komunikazioak, hots, informazioetara, zerbitzuetara eta transakzioetara elektronikoki sartzeko aukera ematen dutenak, euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira eskura eta bi hizkuntza horien artean elkarreragingarritasuna ahalbidetuko dute”, eta bigarren hauxe ezartzen du: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren komunikazio eta irudi arloko elementu orokor guztiek ele biko errealitatea islatuko dute”.

9. Azken batean, gure ustez, Nafarroako Foruzaingoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko kontu baten bidez, herritar guztiei sare sozialen bidez zuzentzen zaienez, informazioa edo jakinarazpena gaztelaniaz zein euskaraz eman beharko luke, guztion eskubideak bermatze aldera. 

10. Ondorioz, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan ahalmenak baliatuz, Nafarroako Arartekoak hauxe ebatzi du:

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari gomendatzea Nafarroako Foruzaingoak sare sozialetan argitaratzen dituen informazioak nahiz komunikazioak gaztelaniaz eta euskaraz egon daitezela.

5. Kexan adierazitakoa eta aurreko gomendioa egin zenetik igarotako denbora ikusita, erakunde honek komenigarritzat jotzen du Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari gomendatzea behar diren neurriak har ditzala Nafarroako Foruzaingoak sare sozialen bidez partekatzen dituen informazioak edo jakinarazpenak gaztelaniaz zein euskaraz eskain daitezen.

6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari gomendatzea behar diren neurriak har ditzala Nafarroako Foruzaingoak sare sozialen bidez partekatzen dituen informazioak edo jakinarazpenak gaztelaniaz zein euskaraz eskain daitezen.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2026. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia