Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Q25/1722 Ebazpena. Horren bidez, Larraintzarko Kontzejuari gomendatu zaio berariaz ebatz dezala interesdunaren informazio eskaera, 2025eko irailaren 16an aurkeztua, eta hari jakinarazi diezaiola horri buruz dagokiona.

2026 apirila 17

Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa

Gaia: Larraintzarko Kontzejuak herri-belardien enkanteari buruzko kontsulta bati erantzun ez izana.

Larraintzarko Kontzejuaren lehendakaria

Lehendakari jauna:

1. 2025eko abenduaren 22an, instituzio honek (…) jaunaren idazki bat jaso zuen, zeinaren bidez kexa bat aurkeztu baitzuen, Larraintzarko Kontzejuak herri-belardien enkanteari buruzko instantzia bati ez erantzuteagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

Irailaren 16an mezu elektronikoa bidali nion Kontzejuari. Horren bidez, informazioa eskatu nuen herri-aprobetxamenduak (belardiak) emateko izapideen hasiera jakite aldera. Izapide hori 2025-12-31n amaitu zen, eta, gaur egun, Kontzeju horren erantzunik gabe jarraitzen dut. Interesatzen zaienaren arabera erantzuten dute.

Honekin batera bidaltzen dut bidalitako mezuaren kopia eta, azpian, Kontzejuak beste eskaera batzuei emandako erantzuna.

Horregatik guztiagatik, hauxe eskatu nahi dizut: Kontzeju horri eska diezaiozula eskatutako informazioa bidaltzeko eta epeak ez direla zuzenak; izan ere, 2025-11-11n batzarra egin zuten, eta landu zuten puntuetako bat belardiak izan ziren, baina gaur egun oraindik ez dago argitaratuta adjudikazio berria, enkante-data, jendaurreko hilabetea eta abar nola izango diren”.

2. Ondoren, erakunde honek Larraintzarko Kontzejura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

2026ko apirilaren 9an, Kontzejuaren idazkia jaso zuen. Horren bidez, jakinarazi zuten abenduaren 11n toki-erakunde horretako Batzarrak erabaki zuela herritarren artean hastea herri-belardien adjudikazio-prozedura, baita erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ere.

3. Jasota geratu den bezala, kexa aurkeztu da interesdunak 2025eko irailaren 16an Larraintzarko Kontzejuari herri-aprobetxamenduak emateko izapideei buruz aurkeztu zion informazio-eskaera bati erantzunik ez emateagatik.

4. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1. artikuluan ezartzen denaren arabera, administrazio publikoak honetara daude behartuta: “ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.

Ebazpen- eta jakinarazpen-betebehar hori zer denbora-tartetan bete behar den zehazteko, artikulu horren bigarren apartatuan ezartzen denez “berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”.

Horren ildotik, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 2018ko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 41. artikuluak ezartzen du, oro har, hilabeteko epean erantzun behar zaiela informazio publikoa eskuratzeko eskaerei —hau da, Administrazioak sortutako edo haren jabe den informazio publikoa eskuratzeko eskaerei—, euskarria eta adierazpidea edozein dela ere (4. artikulua). Epe hori beste hilabete batez luza daiteke, baldin eta, eskatutako informazioaren bolumena eta konplexutasuna dela-eta, ezinezkoa bada lehen adierazitako epean ematea.

5. Hizpide dugun kasuan, Kontzejuak kexa dela-eta adierazitakoaz gain, ez da ikusten interesdunak administrazio-bidean aurkeztutako eskaera berariaz eta forman ebatzi denik, eta, beraz, dagokion gomendioa egin behar da.

Azaldutakotik ondorioztatzen denez, interesdunak eskubidea du bere eskaera ebatzia izateko eta eskatutako informazioa eskuratzeari buruz dagokionaren jakinaren gainean egoteko.

6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Larraintzarko Kontzejuari gomendatzea berariaz ebatz dezala interesdunaren informazio eskaera, 2025eko irailaren 16an aurkeztua, eta hari jakinarazi diezaiola horri buruz dagokiona.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Larraintzarko Kontzejuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2026. urteari dagokion urteko txostenean sartzea

 eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

 

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia