Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Kontzejuak kexagileak ur- eta saneamendu-hodien planoei buruz eta Kontzejuaren kontuei buruzko dokumentuei buruz aurkeztutako informazio-eskaerari erantzun ez izana.
Larraintzarko Kontzejuaren lehendakaria
Lehendakari jauna:
1. 2025eko abenduaren 22an, instituzio honek (…) andrearen idazki bat jaso zuen, zeinaren bidez kexa bat aurkeztu baitzuen, Larraintzarko Kontzejuari egindako informazio publikoko eskaera bati ez erantzuteagatik.
Idazki hartan, hauxe zioen:
“2025-09-19an erregistro elektronikoa bidali nuen Larrainzarko Kontzejura, hainbat gauza eskatzeko.
Zehazki, ur-hodien eta saneamenduaren planoak eskatu nituen; izan ere, bikotekideak eta biok lursaila duen lokala erosi dugu herrian, eta Ultzanuetako Mankomunitateari baimena eta planoak eskatu ondoren, jakinarazi digute ez dituztela plano horiek, eta Ultzamako Udalera jotzeko. Udal horretara joatean, jakinarazi ziguten Larraintzarko Kontzejuak ez zuela inoiz plano hori Udalean entregatu, eta Kontzejuak berak eman behar zuela.
Ultzamako Udaleko alkateak adierazi digu obrak 1990-1995 urteen artean egin zirela uste duela, baina hainbeste denbora igaro ondoren ez dagoela ziur. Besteak beste, horregatik eskatu ditugu Larraintzarko Kontzejuak 1990etik 2024ra arte aurkeztutako kontu guztiak; horrela, denak artxibatuta edukiko ditugu eta, behar izanez gero, edozer gauza kontsultatu ahal izango dugu. Kontuak Ultzamako Udaleko alkatearen gomendioz eskatzen ditugu; izan ere, Kontzejuak ez baditu planoak kontuetan, obra egin zuen ingeniaria agertuko da, eta agian hortik eskura ditzakegu planoak.
Honekin batera doa Ultzanuetako Mankomunitatearen baimena hargunea egiteko eta Larraintzarko Kontzejura bidalitako erregistroa.
Horregatik guztiagatik, Larraintzarko Kontzejuari eskatzen diot eskatutako dokumentazioa aurkezteko”.
2. Ondoren, erakunde honek Larraintzarko Kontzejura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2026ko apirilaren 9an Kontzejuaren idatzi bat jaso zen, honako hau adieraziz:
“Gai horri dagokionez, Ultzanueta Mankomunitatea da zerbitzuaren arduraduna. Hala ere, kontzeju-artxiboetan plano horiek dauden edo ez berrikusiko dugu.
Gure ustez, halakorik izan ezean, zerbitzu-arduradunak beste batzuk egin beharko lituzke”.
3. Jasota geratu den bezala, kexa aurkeztu da interesdunak 2025eko irailaren 19an Larraintzarko Kontzejuari aurkeztu zion informazio-eskaera bati erantzunik ez emateagatik.
Eskaeran, azaldutakoaren arabera, ur-hodien eta saneamenduaren planoak eta kontzeju-kontuei buruzko dokumentuak eskatzen ziren.
4. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1. artikuluan ezartzen denaren arabera, administrazio publikoak honetara daude behartuta: “ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.
Ebazpen- eta jakinarazpen-betebehar hori zer denbora-tartetan bete behar den zehazteko, artikulu horren bigarren apartatuan ezartzen denez “berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”.
Horren ildotik, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 2018ko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 41. artikuluak ezartzen du, oro har, hilabeteko epean erantzun behar zaiela informazio publikoa eskuratzeko eskaerei —hau da, Administrazioak sortutako edo haren jabe den informazio publikoa eskuratzeko eskaerei—, euskarria eta adierazpidea edozein dela ere (4. artikulua). Epe hori beste hilabete batez luza daiteke, baldin eta, eskatutako informazioaren bolumena eta konplexutasuna dela-eta, ezinezkoa bada lehen adierazitako epean ematea.
5. Hizpide dugun kasuan, Kontzejuak kexa dela-eta adierazitakoaz gain, ez da ikusten interesdunak administrazio-bidean aurkeztutako eskaera berariaz eta forman ebatzi denik, eta, beraz, dagokion gomendioa egin behar da.
Azaldutakotik ondorioztatzen denez, interesdunak eskubidea du bere eskaera ebatzia izateko eta eskatutako dokumentazioa eskuratzeari buruz dagokionaren jakinaren gainean egoteko.
6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Larraintzarko Kontzejuari gomendatzea berariaz ebatz dezala interesdunaren informazio eskaera, 2025eko irailaren 19an aurkeztua, eta eskaturiko dokumentazioa eskuratzeari buruz dagokiona jakinarazi diezaiola.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Larraintzarko Kontzejuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2026. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia