Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Q25/1309 Ebazpena, zeinaren bidez Jurramendiko Mankomunitateari gogorarazi baitio herritarrek euskaraz aurkezten dituzten idazkiei formatu elebidunean erantzuteko legezko betebeharra duela.

2025 azaroa 18

Euskara

Gaia: Jurramendiko Mankomunitateak euskaraz aurkeztutako idazki bati soilik gaztelaniaz erantzun izana.

Jurramendiko Mankomunitateko lehendakaria

Lehendakari andrea:

1. 2025eko urriaren 1ean, instituzio honek (…) andrearen idazki bat jaso zuen, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren izenean. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen ohar batean euskara ez erabiltzeagatik eta euskaraz aurkeztutako idazki bati gaztelaniaz bakarrik erantzuteagatik.

2. Ondoren, erakunde honek Jurramendiko Mankomunitatera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

2025eko urriaren 15ean, bidalitako txostena jaso zen, eta espedienteari erantsi zitzaion.

3. Elkarri lotutako bi gai dira kexa honen xedea: alde batetik, Jurramendiko Mankomunitateak erabilitako ur-mozketaren abisuak gaztelaniaz bakarrik egoteari buruzkoa, eta, bestetik, Jurramendiko Mankomunitateak kexagileak arestiko gaia salatzeko euskaraz aurkeztu zuen idazkiari gaztelaniaz bakarrik erantzun izanari buruzkoa.

4. Lehen gai horri dagokionez, nahiz eta erakunde honek ulertzen duen komenigarria dela eztabaidagai diren abisuak formatu elebidunean egotea, uste du hori ezin dela legez eskatu. Izan ere, eman nahi zaien kalifikazioa gorabehera, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, Nafarroako administrazio publikoetan, haien mendeko organismo publikoetan eta zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duenak, ezartzen du eremu mistoko administrazioek formatu elebiduna erabiltzea ahalmen gisa, eta ez betebehar gisa (13. eta 14. artikuluak).

5. Aitzitik, bigarren gaiari dagokionez, aipatu behar da, 103/2017 Foru Dekretuaren 13.1. artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera, ahalmen hori nahitaez bete behar dela espedientea alderdi batek euskarazko idazki baten bidez eskatuta hasi denean.

Hori horrela izanik, erakunde honen iritziz, kexagileari arrazoia eman zaio hauxe adieraztean: bere idazkia euskaraz aurkeztu zuenez, Jurramendiko Mankomunitateak ez zuen formatu elebidunean arreta emateko ahalmenik, betebeharra baizik.

Horregatik, euskaraz aurkeztutako idazkiari gaztelaniazko idazki baten bidez erantzun zitzaionez, erakunde honek egokitzat jotzen du Jurramendiko Mankomunitateari gogoraraztea legezko betebeharra duela herritarrek euskaraz aurkezten dituzten idazkiei formatu elebidunean erantzuteko.

6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Jurramendiko Mankomunitateari gogoraraztea legezko betebeharra duela herritarrek euskaraz aurkezten dituzten idazkiei formatu elebidunean erantzuteko.

Aipatutako foru-legearen 34.2 artikuluaren ondorioetarako, erakunde honek onartutzat jotzen duen erabaki horren bidez, amaiera eman zaio gai horretan esku hartzeari, eta kexagileari ere jakinarazi zaio.

Hala ere, horri buruzko oharren bat egin nahi izanez gero edo ez dela onartzen adierazi nahi izanez gero, 34.2 artikuluan aipatzen den bi hilabeteko gehieneko epean egin beharra dago, betiere bertan adierazten diren ondorioak aintzat hartuta, urteko txostenean kasua sartzeari dagokionez.

Adeitasunez,

 

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia