Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q15/123) Ebazpena. Horren bidez, Hezkuntza Departamentuari gogorarazi zaio herritarrek aurkeztutako eskaerak berariaz ebazteko betebeharra duela, kexan aipatutakoa barne hartuta. Era berean, Hezkuntza Departamentuari gomendatu zaio atzeraeraginezko efektuekin erabaki dezala kexan adierazitako kasuak bezalakoak bere gain hartuko dituen laguntza ekonomiko bat, horrela, Nafarroako zentro publiko zein pribatuetako batxilergoko ikasketetan ohorezko matrikula eskuratzen duten ikasle guztiek antzeko onura ekonomikoa jaso ahal izan dezaten, goi mailako ikasketak Nafarroako Foru Komunitateko prezio publikoen kudeaketa eremuari dagozkion zentroetan egin ala ez egin gorabehera.

2015 apirila 15

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación a solicitud.

Eskubideen sustapena

Hezkuntza kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2015eko otsailaren 27an, [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, kexa bat formulatu zuen Hezkuntza Departamentuaren aurrean, bere alabak, [...] andreak, 2013ko ekainaren 25ean formulatu zuen eskaerari (2013/338528 dokumentua) erantzun ez diotelako. Batxilergoan ohorezko matrikula eskuratu izanari buruzkoa izan zen aipatu eskaera.

    Kexan aipatutako administrazio-eskaeran azaldu da, batxilergoan ohorezko matrikulako kalifikazioa eskuratuta ere, interesdunari jakinarazi ziotela, unibertsitateko ikasketak atzerrian hasi zituenez, ezingo ziola onurarik atera kalifikazio horrengatik ohikotasunez esleitzen den murrizketari edo tasen salbuespenari. Interesdunak egoera horrentzako bidezko irtenbidea eskatu zuen eskabidean, eta, era berean, bere familia-unitatearen zailtasun ekonomikoak aipatu zituen, eta Espainiar Estatuan titulazio hori ematen ez delako egingo zituela unibertsitateko ikasketak atzerrian.

    Kexan adierazi zen, denbora igaro bazen ere, Hezkuntza Departamentuak ez ziola haren eskaerari erantzun.

  2. Jarraian, Hezkuntza Departamentura jo nuen; bai kexaren berri ematera, bai piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.

    Zera adierazi da jasotako txostenean:

    "Nafarroako Arartekoak idazki bat igorri zidan 2015eko martxoaren 6an; [...] andreak abiarazi zuen Q15-123 espedienteari dagokiona. Espediente horren bidez, kexa bat formulatu zuen [...] andreak, ez diotelako erantzun batxilergoan ohorezko matrikula eskuratzeagatik, goi mailako ikasketak atzerrian egin gorabehera, unibertsitateko tasetan dagokion deskontuaren onuradun izateko eskaerari. Bada, Nafarroako Arartekoak igorritako idazkiari erantzunez,

    ZERA JAKINARAZTEN DUT:

    • Nafarroako Foru Komunitateko zentro publiko eta pribatuetan batxilergoko ikasketak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa, promozioa eta titulazioa erregulatu dituen Hezkuntza kontseilariaren abenduaren 4ko 191/2008 Foru Aginduak 20.2. artikuluan ezarri du ohorezko matrikula eskuratzeak (ikasleen ebaluazio-agirietan jasoko denak) prezio publikoen ordainketatik salbuetsiko duela, Nafarroako Foru Komunitateko zentro publikoetako goi mailako ikasketen lehengo ikasturteko zerbitzu akademikoetan.

    • Beste alde batetik, unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak ezarri du, nazio lurralde osoan ofizialak eta baliodunak diren tituluak eskuratzera bideratutako ikasketen kasuan, autonomia erkidegoak zehaztuko dituela prezio publikoak eta eskubideak, Unibertsitate Politikari buruzko Hitzarmen Orokorrak ezarritako mugen barruan, eta zerbitzua ematearen kostuekin lotuta egongo direla horiek.

    • Aipatu legean ezarritakoaren ondorioz, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateetako zuzendari nagusiaren ekainaren 16ko 257/2014 Ebazpenak zehaztu ditu zerbitzu akademikoak emateagatiko prezio publikoak, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2014/2015 ikasturterako titulu ofizialak eskuratzeari begirako gainerako eskubideak ere. Merezimendu akademikoei buruzko 5.2.c) atalean, zera ezarri du: Batxilergoko kalifikazio orokor gisa ohorezko matrikula edo Lanbide Heziketako Goi Mailako Prestakuntza Ziklo batean ohorezko matrikula eskuratu duten ikasleak matrikulagatiko prezio publikoak ordaintzetik salbuetsiko dira unibertsitateko ikasketen lehenengo urtean.

    • Horregatik guztiarengatik, Hezkuntza Departamentua departamentuko kudeaketa eremuko zentro publikoetan soilik egiten diren ikasketen tasak ordaintzeaz edo salbuesteaz arduratzen da, eta, ondorioz, ezin dezake asebete kexagileak egindako eskaera.

    • Hala ere, batxilergoan ohorezko matrikula eskuratzen duten ikasleak konpentsatzeko edo saritzeko bestelako aukerak aztertzeko eta zehazteko konpromisoa hartu du Hezkuntza Departamentuak, izan ere, ahalegin eta hobekuntza merezimendua egiaztatzen dute horiek, eta ahalik eta gehien sustatu nahi da merezimendu hori, ikasleak jarraian egin ahal edo egin nahi dituen ikasketa moten arabera ahalik eta gutxien mugatuz sustapen hori".
  3. Hezkuntza Departamentuari 2013ko ekainaren 23an aurkeztutako eskaera bati (2013/338528 dokumentua) erantzun ez zaiolako aurkeztu da kexa. Aurretik azaldutakoa da idazki horren edukia.

    Herritarrek aurkeztutako eskaerak berariaz ebazteko betebeharra ezarri dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluak eta administrazio ona edukitzeko eskubideari buruzko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Foru Legearen 7. artikuluak, eta indarrean dauden arauetan aurreikusitako epeetan ebatzi beharko direla.

    Azken batean, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziora idatziz jo eta eskaera aurkezten duten herritar guztiek dute horren gaineko berariazko ebazpena jasotzeko eskubidea, kontuaren mamiaren inguruko jarrera dena delakoa izanda ere.

    Esku artean dugun kasuan ez diote arretarik eman eskubide horri, Hezkuntza Departamentuak ez baitu berariaz ebatzi eskaeraren gainean, eta interesdunari ez baitiote hartutako erabakiaren berri eman, legezko betebeharra izaki. Hortaz, dagokion gogorarazpena helaraziko dugu.

  4. Kexa piztu duen kontuaren mamiari dagokionean, kexagileak adierazi du ez dela bidezkoa bere alabari, batxilergoko ikasketak amaitzean ohorezko matrikula atera zuenari, unibertsitateko ikasketak nazio sistematik kanpo egitea erabaki izanagatik (hemen ematen ez den titulazioa ari da egiten), kasu horietan esleitzen den onura ekonomikoa (matrikula ordaintzetik salbuetsita) eskuratzeko aukera kendu izana.

    Hezkuntza Departamentuak indarrean dagoen araudia azaldu du, eta, horren arabera, laguntza ez ematea erabaki du, eta bestelako aukeraren bat aztertzeko konpromisoa hartu du.

  5. Erakunde honek, konpromiso horren ildoan, beharrezko ikusi du gomendatzea Hezkuntza Departamentuak neurriren bat har dezala kexan salatu den egoera konpontzeko, izan ere, nahiz eta onura ekonomikoaren gaineko gaurko artikulazioak eskaera atzera botatzeko emaitza ekarri duen, hain zuzen ere, artikulazio hori bidegabea dela, eta, berdintasun materialerako irizpideen arabera, saihestu egin beharko litzatekeela uste baitu.

    Erakunde honek balioetsi duenaren arabera, laguntza publiko horren elementu nagusia edo substantziala errendimendu akademikoan bikaintasuna sustatzea da (batxilergoan ohorezko matrikula ateratzen dutenei ematen zaien onura ekonomikoa baita), eta bigarren mailakoa da laguntza artikulatzeko modua (salbuespena matrikulazioaren zenbatekoan, zentzuzkoa denez, foru komunitateko prezio publikoen kudeaketa eremuari igortzen zaiona).

    Ikasleak goi mailako ikasketak egiten jarraitzeko lekuak -beste alderdi batzuen artean, titulazio eskaintzaren araberakoa izan daiteke- ez luke erabakigarria edo eragozlea izan behar, interesatzen zaizkigun xedeetarako. Adierazi den bezala, badirudi laguntza artikulatzeko modu zehatzari erantzuten diola mugaketa horrek, hau da, aipatu mugaketa artikulazio horren emaitza dela, baina ez da egokia laguntzaren xedearen eta helburuaren arabera.

    Ondorioz, aurretiko gomendioa formulatuko du erakunde honek, Hezkuntza Departamentuak bestelako aukeraren bat erdiets dezan horrelako kasuetarako; gainera, saritzen denari erreparatuta, ez baitira asko izango (laguntza ekonomikoa edo matrikulaziorako laguntza eman liteke, salbuespenaren zenbatekoaren antzera).

    Era berean, erabakiko den neurriari atzeraeraginezko izaera ematea gomendatzen da, horrela, kasuan bezala, azken urteotan (adibidez, azken lau ikasturteetan, eskubide eta betebehar ekonomikoen preskripziorako ogasun publikoaren legedian aurreikusi den epe orokorra hartuta erreferentziatzat), aipatu zirkunstantziarengatik edo antzeko batengatik, salbuespenetik onura atera ezin izan dutenek, merezimendu akademiko berbera edukita, Hezkuntza Departamentuaren laguntza jaso ahal izan dezaten.

  6. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, beharrezkoa ikusi dut:
    1. Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako eskaerak berariaz ebazteko betebeharra duela, kexan aipatutakoa barne hartuta.

    2. Hezkuntza Departamentuari gomendatzea atzeraeraginezko efektuekin erabaki dezala kexan adierazitako kasuak bezalakoak bere gain hartuko dituen laguntza ekonomiko bat, horrela, Nafarroako zentro publiko zein pribatuetako batxilergoko ikasketetan ohorezko matrikula eskuratzen duten ikasle guztiek antzeko onura ekonomikoa jaso ahal izan dezaten, goi mailako ikasketak Nafarroako Foru Komunitateko prezio publikoen kudeaketa eremuari dagozkion zentroetan egin ala ez egin gorabehera.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2. artikuluari jarraituz, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gogorarazpena eta iradokizuna onartzen dituen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala haiek betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gogorarazpena edo gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2015 urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia