Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q14/948/D) Ebazpena. Horren bidez, Estella-Lizarrako Udalari gogorarazi zaio herritarrek aurkezten dituzten eskaerak berariaz eta epean ebazteko eta hartutako erabakiak jakinarazteko duen legezko betebeharra, kexan aipatutakoak barne (2013ko maiatzaren 7ko eta aurrekoa errepikatzen duen 2014ko uztailaren 23ko eskaerak).

2015 urtarrila 20

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación a solicitudes sobre panteón en cementerio

Eskubideen sustapena

Lizarrako alkatea

Alkate andre hori:

  1. 2014ko uztailaren 6an, [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Horren bidez, kexa bat abiarazi zuen Estella-Lizarrako Udalaren aurrean, bere familiak Estella-Lizarrako hilerrian duen panteoiaren inguruan udal horri egindako eskaerei erantzun ez zaielako.
  2. Jarraian, Estella-Lizarrako Udalera jo nuen; bai kexaren berri ematera, bai piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.

    Espedientean jaso den txostena igorri du aipatu udalak, zeinaren edukia jada ezagutzen duzun.

  3. Nafarroako Toki Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Aginduak 318.1. artikuluan ezarri du Nafarroako tokiko erakundeek euren eskumeneko eskaera guztiak ebazteko eta jakinarazteko betebeharra dutela. Hiru hilekoa da ebazteko eta jakinarazteko epe orokorra, foru lege berberaren 318.2. artikuluarekin bat etorriz.

    Eskaerak berariaz ebazteko eta, ondoren, hartutako erabakiak jakinarazteko betebehar horiei buruzkoa da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikulua. Aipatu legeari jarraiki, egokiak diren errekurtsoen, horiek jartzeko epeen eta aipatu errekurtsoak ebazteko eskudun organoen berri eman behar dute ebazpenen jakinarazpenek.

  4. Esku artean dugun kasuan, 2013ko maiatzaren 7an eta aurrekoa errepikatu duen 2014ko uztailaren 23an interesdunak aurkeztutako eskaeren berariazko ebazpen gabezia izanik kexaren xedea, oinarritutzat jo behar da kexa, ez baita ageri legeak eskatu bezala jokatu denik.

    Udalaren txostenean kontuaren mamiari buruzko arrazoiketak txertatu badira ere, txosten horren edukitik ez da ondorioztatzen berariazko erantzuna eman zaionik eskatutakoari, egindako eskaerak ebatzi direnik eta interesdunari erabakia jakinarazi zaionik, bidezko errekurtsoak adieraztearekin bat.

    Ondorioz, legezko betebeharrak gogoraraziko dira.

  5. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, beharrezkoa ikusi dut:

    Estella-Lizarrako Udalari gogoraraztea herritarrek aurkezten dituzten eskaerak berariaz eta epean ebazteko eta hartutako erabakiak jakinarazteko duen legezko betebeharra, kexan aipatutakoak barne (2013ko maiatzaren 7ko eta aurrekoa errepikatu duen 2014ko uztailaren 23ko eskaerak).

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Estella-Lizarrako Udalak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, legezko betebeharren gogorarazpena onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gogorarazpena ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia