Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Euskararen erabilera eskasa Nafarroako Gobernuaren sare sozial instituzionaletan.
Lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria
Kontseilari jauna:
1. 2026ko apirilaren 10ean, instituzio honek (…) jaunaren idazki bat jaso zuen, zeinaren bidez kexa bat aurkeztu baitzuen, Nafarroako Gobernuaren sare sozial instituzionaletan euskara gutxi erabiltzeagatik.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) Nafarroako Gobernuaren sare sozial ofizialen kontu instituzionalak aztertu ondoren, ikusi da euskararen erabilera ez dela ez orokorra ez sistematikoa, nahiz eta Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofiziala den.
b) Egindako analisiak erakutsi du argitalpen elebidunen (gaztelania-euskara) batez besteko ehuneko zenbatetsia argitalpen guztien % 35 eta % 45 artekoa dela.
c) Ehuneko hori bereziki txikia da funtsezko zerbitzu publikoen (hala nola larrialdiak eta segurtasuna) kontuetan, non euskararen erabilera oso mugatua edo hutsala den.
d) Egoera hori Euskararen Foru Legean xedatutakoaren aurkakoa izan daiteke. Lege horrek ezartzen du herritarrek eskubidea dutela administrazio publikoekin edozein hizkuntzatan harremanak izateko, eta komunikazio instituzionalean euskararen presentzia sustatzen du.
e) Gaur egun, sare sozialak komunikazio instituzionalerako eta informazio publikoa eskuratzeko ohiko kanala dira, eta, beraz, euskara behar bezala ez erabiltzeak mugatu egin dezake herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea.
Horregatik guztiagatik, zera eskatu da: Nafarroako Gobernuaren sare sozial ofizialetan hizkuntza-araudiaren betetze-maila ebaluatzeko, komunikazio instituzional digitalean gaztelaniaren eta euskararen erabilera orekatua bermatzeko neurriak hartzea sustatzeko, eta kontu instituzionaletan elebitasun-irizpideak sendotzeko, bereziki interes orokorreko edo zerbitzu publikoko informazioa zabaltzen dutenetan.
2. Ondoren, erakunde honek Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentura eta Lehendakaritzako eta Berdintasuneko Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak txosten hau igorri du:
[..]
“Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eskumen eta eginkizunen artean, Nafarroako Gobernuko departamentuei aholkularitza eta lankidetza eskaintzea dago, eta jarduketa-irizpideak proposatzen ditu Euskararen Foru Legea eta hura garatzen duen araudia betetzen direla bermatze aldera.
Mahaigaineratutako gaiari dagokionez, departamentuek kudeatzen dituzten sare sozialetan elebitasuna hobetzea da Hizkuntza Planetan ezarritako ekintzetako bat, eta Euskarabideak hobekuntza hori etengabe bultzatzen du departamentu guztietan. Hala ere, eskatutako informazioa hamabost kontu korporatiboen eta hamar sare sozial motatako 90 kontu sektorial baino gehiagoren artean banatzen da. Beraz, sare horiek behatzeko sistema automatizaturik ez dagoenez, informaziorik osatuena eta eguneratuena Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Ataletik lor daiteke, atal horretatik koordinatzen baitira aipatutako kontu guztiak, horietarako sarbidea eta haietan argitaratutako edukia”.
Lehendakaritzako eta Berdintasuneko Departamentuak hau jakinarazi zuen:
“Aipatutako espedientearen esparruan, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak adierazi du mahaigaineratutako gaia aztertzeko prest dagoela, bereziki sare sozialetako Nafarroako Gobernuaren profil ofizialetan hizkuntza-araudiaren betetze-mailari dagokionez.
Azterketa hori Departamentuaren ohiko eginkizunen esparruan egingo da, Foru Gobernuaren profil instituzionalak eta sektorialak kudeatzeko eta koordinatzeko eskumena duen organoa baita kanal horietan.
Dagokion ebaluazioa aztertu ondoren, eta horren ondorioak ikusita, baloratuko da ea egokia den komunikazio-gune horietan hizkuntza ofizialen erabilera egokia indartzera bideratutako neurriak hartzea (erreklamatzailearen 2. eta 3. eskaerak), jarraibide edo gomendio posibleak barne. Horren guztiaren berri emango zaio ordezkatzen duen erakundeari”.
3. Adierazi den bezala, kexaren xedea Nafarroako Gobernuaren sare sozial instituzionalen euskarazko erabilera da.
Piztutako auziak bat egiten du Euskarari Buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen ezarpenekin.
Foru Lege horren 1.2. artikuluak adierazten du hauek direla haren helburuak: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, bere erabilpena sustatzeko neurriak adieraziz; eta c) euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta begirune-irizpideei jarraikiz. Hori guztia, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.
Hala, 2.1. artikuluak dio gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla eta, ondorioz, herritar guztiek dutela hizkuntza horiek ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea. Era berean, hauxe ezartzen du 2.2. artikuluak: gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala, eta euskara ere hala dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan eta aipatutako Euskararen Foru Legean ezarritako baldintzetan.
Bestalde, 3.1. artikuluak ezartzen duenez, “botere publikoek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminaturik izan ez daitezen”.
4. Kexa-espedientean ez da zalantzan jartzen sare sozialetako komunikazioak edo informazioak modu elebidunean egitea.
Hain zuzen ere, Euskararen Foru Legetik datorren hizkuntza-araubidearekin bat etorriz, erakunde honen ustez, horrela egin beharko litzateke, bereziki kontuan hartzen bada sare sozial bateko argitalpen bat herritar guztiei zuzenduta dagoela, modu globalean eta ez bereizgarrian, Nafarroako eremu euskaldunean bizi diren pertsonak barne, non araua bi hizkuntzen arteko koofizialtasuna eta parekotasuna baita.
Erakunde honen iritziz, horretan datza azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 20.4. artikuluan eta 21.1. artikuluan ezarritakoaren baterako jokoa. Zehazki, Dekretua euskararen erabilera arautzen du Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, eta Nafarroako Justizia Auzitegiaren 2019ko irailaren 27ko epaiak ez die manu horiei eragin; izan ere, epaiak artikulu horietako beste apartatu batzuk baliogabetu zituen. Lehenengoaren arabera, “herritarrendako eskura dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako baliabide elektronikoen bidez egiten diren komunikazioak, hots, informazioetara, zerbitzuetara eta transakzioetara elektronikoki sartzeko aukera ematen dutenak, euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira eskura eta bi hizkuntza horien artean elkarreragingarritasuna ahalbidetuko dute”, eta bigarren hauxe ezartzen du: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren komunikazio eta irudi arloko elementu orokor guztiek ele biko errealitatea islatuko dute”.
5. Azken batean, gure ustez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko kontuei dagokienez, herritar guztiei sare sozialen bidez zuzentzen zaienez, informazioa edo jakinarazpena gaztelaniaz zein euskaraz eman beharko litzatekeela, guztion eskubideak bermatze aldera.
Horregatik, erakunde honek egokitzat jotzen du Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari gomendatzea behar diren neurriak har ditzala sare sozialen bidez egiten diren informazioak edo komunikazioak gaztelaniaz zein euskaraz eskain daitezen.
6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Lehendakaritzako eta Berdintasuneko Departamentuari gomendatzea behar diren neurriak har ditzala sare sozialen bidez egiten diren informazioak edo komunikazioak gaztelaniaz zein euskaraz eskain daitezen.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Lehendakaritzako eta Berdintasuneko Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2026. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia