Partekatu edukia
Euskara
Gaia: D ereduko haur-eskola bat abian jartzea Oibarren.
Hezkuntzako kontseilaria
Oibarko alkatea
Kontseilari jauna / Alkate jauna:
1. 2024ko ekainaren 17an, instituzio honek Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren kexa bat jaso zuen, Oibarren D ereduko haur-eskola bat martxan jartzea gelditzeagatik.
Idazki hartan, hauxe zioen:
“2024ko otsailean, Oibarko Udalak Hezkuntza Departamentura 2024-2025 ikasturterako Haur Eskola bat irekitzeko interesa agertzen zuen adierazpena bidali zuen, txosten txiki batekin batera. Hezkuntza Departamentuko teknikariek eskatutako txosten, balorazio eta bilera guztiak egin ondoren, maiatzean baliabidea irekitzeko behar zen dokumentazio guztia aurkeztu zen, eta aurre-matrikula aldi bat antolatu zen, baliabide horren babesa berresteko: 10 familiak eskatu zuten 1-3 urteko seme-alabak Oibarko Haur Eskolan matrikulatzea.
Ekainean (matrikulazio-epea hasi baino egun bat lehenago), Hezkuntza Saila telefonoz jarri zen harremanetan Udalarekin, euskarazko plazen eskaintza dela eta, haur-eskolaren irekiera baimenik ez zutela emango adieraziz. Izan ere, saileko arduradunaren arabera, haur eskolan euskarazko hezkuntza-etapa hasiaz, herrian euskaraz jarraitzeko aukerarik ez dagoenez, horrek ikastetxearen egoera baldintzatu dezake.
Udalaren eskaerari ezetza ematen dion txosten teknikoa behin eta berriz eskatu den arren, une honetan Hezkuntza zuzendari nagusiak, matrikulak ezin direla Hezkuntza Departamentuaren irekiera-baimenik gabe aurrera eraman soilik adierazi du.
Proiektu hau ongi pentsatu eta hausnartutako zerbait izan da, apustu serioa eta errealista, Oibarren jaiotza-tasak izan duen gorakadari, biztanleria finkatzeko landa-ingurunea sortzeko eta eraldatzeko beharrari, lana, familia eta bizitza uztartzeko konpromisoari eta laguntzari erantzuten diena, eta, gainera, euskaraz ikasteko eskubidea sustatzen eta normalizatzen duena.
Zoritxarrez, Hezkuntza Departamentuak baldintzatu egiten du apustu hori, trabak jartzen ari baita Oibarko familiek zerbitzu hori eskuratu ahal izatea berdintasunean bermatzeko D ereduaren alde egindako apustuagatik.
Egun ” Gabriel Valentín” Ikastetxe Publikoan, A (euskara irakasgai gisa) eta G (dena gaztelaniaz) ereduak eskaintzen dira, eta ez dago D ereduko lerrorik. Horrek ez luke oztopo izan behar haur- eskola euskaraz irekitzeko. Izan ere, gogorarazi nahi dugu Oibarko neska-mutilek eskubidea izan beharko luketela herrian dauden baliabideak erabiltzeko eta euskaraz ikasi ahal izateko. Horrela, etorkizuneko oibartarrek Nafarroako bi hizkuntzak erabiltzeko gai izango direla bermatuko litzateke.
Gogoratu behar dugu Oibar 2017ko ekainetik legeak ezarritako eremu mistoan sartzea onartu zuela Nafarroako Parlamentuak baina hala ere, euskarazko irakaskuntzari buruz Nafarroako araudiak ezartzen duenaren kontra ari dela Hezkuntza Departamentua. Ondorengoa ezartzen da 18/1986 euskararen legean:
II. KAPITULUA. Irakaskuntza eremu mistoan.
25. artikulua
1. Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako.
2.Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara ikasketak emanen zaizkie hala nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen jakintza nahikoa izan dezaten.
Era berean, gogora dezagun Oibarko neska-mutilek beren herrian hezkuntza jasotzea oztopatzeak, eragina duela landa-eskolaren sustapenean zein beren herriaren etorkizunean, eta, aldi berean, berdintasunaren, bizikidetzaren eta lurralde-kohesioaren aurka doazela.
Beraz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari 2024-2025 ikasturtean Oibarren haur eskola martxan jarri dezan eta haur eskola hori D eredukoa izan dadin dagozkien neurriak hartzeko gomendioa egin dezazun eskatzeko idazten dizugu”.
2. Ondoren, erakunde honek Hezkuntza Departamentura eta Oibarko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Oibarko Udalak tokiko erakundearen osoko bilkurak, 2024ko irailaren 6an, sorrarazitako gaiaren inguruan erabakitakoa igorri du.
Zehazki, Sargantana Udal Haur Eskola sortzeko espedientea izapidetzean atzera egitea erabaki da. Tokiko erakundearen ustez, Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren erantzuna ikusita (uztailaren 5eko erantzuna, hurrengo idatz-zatian transkribatua), haur eskolak ez du zerbitzua emateko toki nahikoa eta egokia.
3. Hezkuntza Departamentuak honako txostena egin du:
“Hezkuntza Departamentuak ez du geldiarazi Oibarren D ereduko haur eskola bat irekitzeko prozedura.
Hezkuntza Departamentuak, Oibarko Udalak 2024ko maiatzaren 27an “Gabriel Valentín Casamayor” ikastetxe publikoan haur eskola sortzeko eskaera aurkeztu ondoren, 2014ko ekainaren 10ean mezu elektroniko bat helarazi zion aipatutako udalari. Honako hau zioen, hitzez hitz:
“Txit prestua:
Joan den ekainaren 6an telefonoz izan genuen elkarrizketari dagokionez, mezu hau bidaltzen dizut idatziz helarazteko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetako Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan onartzeko eta matrikulatzeko prozesuan aplikatu behar diren prozedura eta jarduketen egutegia ezartzen dituen arau-erreferentzia.
Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 1eko 16/2024 Foru Aginduak, funts publikoekin sostengatutako Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozesua arautzen duenak, honako hau ezartzen du:
“31. artikulua. Ezohiko onarpen prozesua.
1. Haurrak ikastetxe berrietan onartzeko edo lehendik dauden ikastetxeetako unitateak gehitzeko ezohiko prozesua hasi ahalko da, betiere Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduaren 4.6 artikuluan ezarritakoa errespetatuz.
2. Ikastetxe berriak sortzen badira, horretarako eraturiko hautaketa-batzordeak zehaztuko ditu, Hezkuntza Departamentuari jakinarazi ondoren, prozesuko jarduketa bakoitzaren epeak”.
Artikulu horren garapena Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 68/2024 Ebazpenean zehazten da. Ebazpen horren bidez, 2024-2025 ikasturtean funts publikoekin sostengatutako Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozesua onetsi zen. Hala, I. ERANSKINEKO 11. zenbakian (2024-2025 IKASTURTEAN FUNTS PUBLIKOEKIN SOSTENGATUTAKO NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO HAUR HEZKUNTZAKO LEHENENGO ZIKLOKO IKASTETXEETAN HAURRAK ONARTZEKO PROZESUAREN JARRAIBIDEAK izenekoa), honako hau ezartzen da:
“11. Ezohiko onarpen prozedura.
2024-2025 ikasturtean haurrak ikastetxe berrietan onartzeko edo lehendik dauden ikastetxeetako unitateak gehitzeko edo lehendik daudenetako unitateak gehitzeko ezohiko prozedura hasi ahalko da, betiere abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduaren 4.6 artikuluan ezarritakoa errespetatuz.
Ikastetxe berriak sortzen badira, horretarako eraturiko hautaketa-batzordeak zehaztuko ditu, Hezkuntza Departamentuari jakinarazi ondoren, eranskin honetako ondorengo zenbakietan aipatutako epeak: 4.1 (eskabideak jasotzea eta entregatzea), 6.5 (behin-behineko zerrendak argitaratzea), 6.6 (erreklamazioetarako epea), 6.7 (behin betiko zerrendak argitaratzea) eta 7.2 (matrikula formalizatzea).
Goiko erreferentzietan esplizituki arautzen da ezohiko onarpen prozesua aktibatzeko aukera, behin ikastetxe berri bat sortzeko, edo, hala badagokio, lehendik dagoen ikastetxe bateko unitateak gehitzeko baimena emanda.
Telefono bidezko elkarrizketa horretan esan nizun bezala, martxoaren 6ko 68/2024 Ebazpenean ezarritako epeak jasota dituen egutegia aplikagarria da hura argitaratu den unean jadanik dauden eta funts publikoekin sostengatutako haur hezkuntzako lehenengo zikloko ikastetxeetan.
Une honetan, hortaz, ikasleak ezin dira matrikulatu oraindik sortu ez den eta horretarako baimenik ez duen Haur Eskolan. Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko ikastetxe bateko ikasleen matrikula, eraginkorra eta benetakoa, ezin izango da egin harik eta ikastetxe hori sortzeko eta jardunean jartzeko baimena dagokion sortze-hitzarmena zehaztuz gauzatu arte, MARTXOAREN 26KO 28/2007 FORU DEKRETUAK, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN HAUR HEZKUNTZAKO LEHENENGO ZIKLOA ARAUTZEN DUENAK ETA HURA ESKAINTZEN DUTEN IKASTETXEEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK ZEIN HAREN HEZKUNTZA EDUKIAK EZARTZEN DITUENAK, jasotzen duen bezala.
Jaso ezazu agur bero bat”
2024ko uztailaren 5ean, behin txosten tekniko egokiak aztertuta, honako mezu hau bidali zen:
“Txit prestua:
2024ko maiatzaren 27an, Hezkuntza Departamentuan Oibarko Udalaren eskaera aurkeztu zen Oibarko Sarganta Haur Eskola izeneko udal haur eskola sortzeko proiekturako.
Eskaeran, Haur Eskola udalerriko “Gabriel Valentín Casamayor” ikastetxe publikoan kokatzea proposatu da. Xede horrez, haur eskola berriak betekizun fisikoak bete ditzan beharrezko espazioak sortzeko azpiegituren inguruko jarduketak definitzen ditu proiektuak. Betekizun fisiko horiek martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoak dira (horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa arautzen da eta hura eskaintzen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak ezartzen dira, bai eta zikloaren hezkuntza edukiak ere).
Hezkuntza Departamentuak, aipatutako eskaeraren ondoriozko espedientea izapidetzean, aginduzkoa denez, aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna aztertuko duten txostenak egiten ditu.
Kasu zehatz honetan, Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuaren Plangintza Arloak jakinarazi egin du Oibarko “Gabriel Valentín Casamayor” HLHIn, epe labur eta ertainean, beharrezkoak izango diren taldeen kopuruaren zenbatespena. Kalkulu horien arabera, ikastetxean D eredua ezartzeak berarekin ekarriko luke, egindako proiekzioen arabera, udalerrian egongo liratekeen eskolatze-eskariari erantzuteko behar diren taldeen kopurua handitzea.
Bestalde, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak jakinarazi duenez, haur eskola sortzeko proiektuan proposatutako espazioak erabili ahalko dira, betiere matrikula gehiagorik ez badago, eredu berri bat gehitzen bada edo beharrezkoak badira udalerriko “Gabriel Valentín Casamayor” ikastetxe publikoak behar bezala funtziona dezan.
Txosten horiek aintzat hartuta, jakinarazi behar dizut, tamalez eta udalerriko eskola publikoan haur eskola sortzeko espazioak erabiltzeko beste eskaera batzuetan gertatu den bezala (adibidez, Monteagudoko Udalean), Hezkuntza Departamentuak ezin dituela “Gabriel Valentín Casamayor” HLHIko espazioak laga.
Espazio horiek lagatzeak Hezkuntza Departamentuari eragotziko lioke D eredua ezartzea udalerriko ikastetxean, eredu horretan Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzan eskolatzeko.
Hezkuntza Departamentuak goraipatu egin du Oibarko Udalak udalerrian haur eskola bat sortzeko interesa izatea, ziklo honetan eskolatzeko eskariei erantzuteko. Ekimen hau departamentuaren xede propioekin lerrokatzen da; Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan plaza publikoak eta doakoak sortzean aurrera egiteko dituen xedeekin, alegia.
Hori dela-eta, gogorarazi nahi dut Oibarko Udalak laguntza teknikoa eta aurrekontukoa izan dezakeela, Hezkuntza Departamentuak kudeatutako MRR funtsen bidez, udalak berak erabakitako hizkuntza modalitatean edo modalitateetan haur eskola bat sortzera bideratutako edozein ekimenetarako, betiere “Gabriel Valentín Casamayor” HLHIren etorkizuneko bideragarritasunari eragiten ez badiote.
Era berean, jakinarazteko asmoz, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 68/2024 Ebazpenean (horren bidez, 2024-2025 ikasturtean funts publikoekin sostengatutako Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozesua onetsi zen) jasotakoa transkribatuko dizut:
“11. Ezohiko onarpen prozedura.
2024-2025 ikasturtean haurrak ikastetxe berrietan onartzeko edo lehendik dauden ikastetxeetako unitateak gehitzeko edo lehendik daudenetako unitateak gehitzeko ezohiko prozedura hasi ahalko da, betiere abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduaren 4.6 artikuluan ezarritakoa errespetatuz.
Ikastetxe berriak sortzen badira, horretarako eraturiko hautaketa-batzordeak zehaztuko ditu, Hezkuntza Departamentuari jakinarazi ondoren, eranskin honetako ondorengo zenbakietan aipatutako epeak: 4.1 (eskabideak jasotzea eta entregatzea), 6.5 (behin-behineko zerrendak argitaratzea), 6.6 (erreklamazioetarako epea), 6.7 (behin betiko zerrendak argitaratzea) eta 7.2 (matrikula formalizatzea).
Erreferentzia horretan esplizituki arautzen da ezohiko onarpen prozesua aktibatzeko aukera, behin ikastetxe berri bat sortzeko, edo, hala badagokio, lehendik dagoen ikastetxe bateko unitateak gehitzeko baimena emanda, prozedura hori balizko ikasleak eskolatzeko aktibatzen den data edozein dela ere.
Jaso ezazu agur bero bat”
Oibarko Udalak, 2024ko uztailaren 12ko mezu elektronikoaren bidez, departamentuari jakinarazi zion kokapen-proposamen berria egiteko asmoa zuela, udalerrian haur eskola bat sortzeko prozesuarekin jarraitzeko.
“Eskolatik kanpo proposatuko dugu, orduan, beste espazio bat, eta proposamena egingo dizuegu. Jakina, ez diogu kalterik egingo azpiegitura-lanari, beti ulertu eta artatu izan baitu oso modu profesionalean.
Agur bero bat”
Hori guztia helarazten dizut jakitun egon zaitezen eta behar diren ondorioak sor ditzan.
4. Oibarren 0-3 urte bitartekoen zikloan euskarazko irakaskuntza ez emateagatik aurkeztu da kexa, nahiz eta, azaldu den bezala, hamar familiak eskatu zuten hizkuntza horretan matrikulatzea.
5. Euskararen Foru Legeak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9.2 artikuluak xedatzen duena garatuz, bere oinarrizko helburuen artean hauxe du: “euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea borondatezkotasun, gradualtasun eta errespetu printzipioak betez eta Nafarroako errealitate soziolinguistikoarekin bat etorriz” [1.2 artikulua, c hizkia)].
Helburu horri lotuta, Foru Lege beraren 19. artikuluak aitortzen du herritar guztien eskubidea dela “euskaraz eta gaztelaniaz ikasi ahal izatea askotariko hezkuntza mailetan, hurrengo kapituluetan ezarritakoa betez”.
Azken aurreikuspen hori xehatuz, Euskararen Foru Legearen 25 artikulua eremu ez euskalduneko irakaskuntzaren ingurukoa da (bertan dago Oibar, arauaren 5. artikuluaren arabera), eta hauxe dio:
“1. Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenentzat.
2. Hezkuntza maila ez unibertsitarioetan euskara ikasketak emango zaizkie hala nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen jakintza nahikoa izan dezaten”.
Legezko xedapen horiekin bat etorriz, herritarrek euskaraz ikasteko duten eskubidea aitortzen da, eta eskubide hori betetzeko, legeak aurreikusten du eremu mistoan euskarazko irakaskuntza lerroak sortuko direla ikastetxe publikoetan.
6. Kexa honen kasuan, ikusten da familia talde bateko kideek beraien seme-alabek euskaraz ikastea nahi dutela Oibarko 0-3 urte bitartekoentzako haur eskolan.
Erakunde honen iritziz, kexan aipatzen den eskari hori egonik, administrazio eskudunek neurri egokiak hartu beharko lituzkete eskubidea baliatu ahal izateko, eta xede horretarako beharrezkoak diren baliabide materialak, pertsonalak eta abar hornitzea.
7. Halaber, erakunde honek uste du ikastetxe publikoak ezartzean hurbiltasun printzipioa aplikatzeak —eta jakinik beharrezkoa dela agintaritza publikoek neurriak ezartzea Nafarroako landa guneko udalerrien jarraikortasunari laguntzeko (eta hala dagokionean, biztanleak udalerri horietan finkatzeko)— indartu egiten duela lerro hori irekitzeko eskaera.
Hurbiltasun printzipioak oinarrizko zerbitzu publikoen ezarpena arautzen du orokorrean, eta bereziki ikastetxeena hasierako etapetan (Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan), eta ikastetxe zerbitzuaren prestazioaren lurralde elementua egituratzen du. Printzipio horrek berarekin dakar zerbitzu publiko horiek, ahal den neurrian, herritarrak bizi diren eremu naturalean ezartzea. Horren adibide da, besteak beste, Hezkuntzaren Lege Organikoak (84.2 artikulua) eskolatze ondorioetarako eta ikasleak onartzeko lehentasunezko irizpidetzat izatea etxea eta ikastetxea gertu egotea.
Beste alde batetik, landa ingurua despopulazioaren, atzerapenaren edo biztanleen zahartzearen aurka babesteko, komenigarria da ahal den heinean zerbitzu publiko horiek bizileku diren udalerrietan finkatuta mantentzea, eta hala, irmoki eskatzen direnean, horiek ezartzea erraztu behar da. Landa inguruko garapen jasangarrirako abenduaren 13ko 45/2007 Legeak bere helburu orokorren artean hauxe du: "landa inguruaren ezaugarri berezietara egokitutako kalitatezko oinarrizko zerbitzu publikoak ematea sustatzea, bereziki hezkuntzaren, osasunaren eta herritarren segurtasunaren arloetan". [2.1 c artikulua)].
8. Azkenik, erakunde honek egoki iritzi dio gogorarazteari Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak, 1992ko azaroaren 5ean Estrasburgon eginak eta Espainiak izenpetuak, adierazten duela eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen arloan, hizkuntza horiek hitz egiten diren lurraldeetan, eta horietako bakoitzaren egoeraren arabera, botere publikoek beren politika, legeria eta jardunbidea oinarritu egin behar dituztela, beste helburu eta printzipio batzuen artean, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak babesteko sustapen ekintzen beharrean, eta, bereziki, eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak irakasteko modu eta baliabide egokiak ematean [7. artikulua, f) hizkia].
Hori dela-eta, gomendio hau ematen dugu, eskatutako eskubidea ahalik eta azkarren baliatu ahal izateko.
9. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Hezkuntza Departamentuari eta Oibarko Udalari gomendatzea, haien arteko lankidetzarekin, datorren ikasturtean (0-3 urte bitartekoentzako zikloa) udalerrian euskarazko irakaskuntza errazteko neurriak har ditzatela.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Hezkuntza Departamentuak eta Oirbarko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko dute ebazpen hau onartzen duten eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu ditzuten.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2024. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia