Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q24/172). Horren bidez, Etxarri Aranazko Udalari iradokitzen zaio eztabaidagai den egoera egiaztatzeko beharrezko neurriak har ditzala eta, kexa sustatu duen jabekideen erkidegoaren ur-horniduraren etetea bere horretan jarraitzen duela egiaztatzen bada, ur-hornidura hori lehengoratzea.

2024 apirila 18

Servicios públicos

Gaia: Bizilagun batek egindako obren ondorioz jabekideen erkidego batean ur-hornidura moztea.

Etxarri Aranazko alkatea

Alkate andrea:

1. 2024ko otsailaren 19an, instituzio honek (…) Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen ur-kontagailua baimenik gabe manipulatzeagatik eta, ondorioz, hornidura eteteagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

“Etxarri Aranazko Udalak ur-hornidura eten digu, kontagailuaren jabe den erkidegoaren onespenik gabe eta hari eskaerarik egin gabe. Gure jabetzakoa den zatian manipulatu da hodia, kontagailutik eraikinaren barrualdera. Komunitateak EZ DU JAKIN ERAININAREN BARNEALDEAN inolako IHESIK EGON DENIK. Jabeek ez dute horren berririk izan. Kontagailuko mantentze-lanak ordaintzen dira eta ordaindutako fakturetan ez da inolako aldaketarik egon. Ihesik egongo balitz fakturan islatuko zen, kopurua handiagoa izango zelako. Gainera, kontagailua gure jabetzakoa den zatian manipulatu da. Onartezina da erkidegoari aurretik abisatu gabe hodia moztea. Udalak eragindako kaltea konpondu dezan eskatzen dugu. Gainera, ihesak egotea ez da udalaren eskumenekoa, ihesa eraikinaren barruan gertatzen baita.”

2. Ondoren, erakunde honek Etxarri Aranazko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

2024ko martxoaren 13an txostena jaso zen, honako hau adierazten zuena:

“EGITATEAK

I.- 2023/08/11n (...) andreak, (...) jabekideen erkidegoaren presidentea den aldetik, erkidego horren izenean idazki bat aurkeztu zuen, ur-kontagailu bat instalatzeko egiten ari ziren lanak zirela-eta.

II.- 2023/08/11n Etxarri Aranazko Udalak egiaztatu zuen (...) andreak zanga bat ireki zuela (...)n, hori egiteko dagokion baimenik izan gabe. Hala, Alkatetzaren Ebazpenaren bidez, Udalak (...) andreari eskatu zion lan horiek gelditzeko, bai eta egindako zuloa estaltzeko ere, ezbeharrak saihesteko.

III.- 2023/11/06an (...) andreak zanga irekitzeko zenbait plano aurkeztu zituen, hori egin ondoren ur-kontagailua jartzeko.

IV.- 2023/11/14an obra-lizentzia eman zen, eta bete beharreko baldintzak adierazi ziren.

V.- 2024/01/24an (...) andreak idazki bat aurkeztu zuen eta bertan kontagailuaren manipulazioari buruzko azalpenak eskatu zituen.

VI.- 2024/02/02an (...) andreari idazkia bidali zitzaion, eskatutako dokumentazioarekin batera.

Egitate horiei honako hauek zaizkie aplikagarri:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Bakarra: (...)n egin zen kontagailuaren deskonexioari buruz:

Administrazio-espedientearen dokumentazioan adierazten denez, Etxarri Aranazko Udalak une oro bete du aplikatu beharreko araudia.

Alkatetzaren idazki baten bidez honako hau jakinarazi zitzaion (...) andreari: kontagailuaren deskonexioa ez zela egin kontagailu berri bat jartzearen ondorioz, hasieran gaizki ulertu zitekeen bezala. Hain zuzen ere, kontagailuaren deskonexioa kontagailu berria jarri baino lehen egin zen eta udal-brigadak aipatutako jabetzan ihes bat aurkitu zuelako egin zen deskonexio hori.

Uraren ziklo osoaren kudeaketa arautzen duen araudiaren 11.1 artikuluaren arabera, Udalak ur-hornidura eta isurien hustea eten edo murriztu ahal izango du, aldi baterako, inolako abisurik eman gabe eta inolako erantzukizunik gabe. Hori egin ahal izango du, bere ustez zerbitzuen behar orokorrek hala gomendatu edo eskatzen dutenean, bai eta bere borondateaz bestelakoa den ezinbesteko kasuetan ere.

Kasu honetan, aurreko kontagailuaren deskonexioa xedapen horren arabera egin zen. Jabetzan ihes bat aurkitzeak berehalako ekintza bat eskatzen zuen, gure ur-hornidurako sistemaren eraginkortasuna eta osotasuna bermatzeko.

Gainera, garrantzitsua da aipatzea Udalak berriro ekin diola kaltetutako jabetzan kontagailua instalatzeari. Hala, ur-hornidura modu egokian lehengoratuko dela ziurtatu du, bai eta jabeentzako zerbitzua mantenduko dela ere.

Beraz, ziurtatu nahi dizugu Udalak aurrera eraman duen ekintza bat zetorrela indarrean dagoen araudiarekin, eta oro har komunitatearen interesak babesteko helburuz egin zela, bai eta aipatutako jabetzako interesak zehazki babesteko ere.

3. 2024ko martxoaren 22an kexagilearen idazki bat jaso genuen, bi eskaeren kopiarekin batera. Alde batetik, 2024ko martxoaren 16ko eskarian informazio-publiko jakin bat eskuratzea eskatu zen, txostenean adierazitako auzokide bati baimendu zitzaizkion lanei buruzkoa. Beste aldetik, 20224ko martxoaren 21eko eskarian, obra horiek etetea eskatu zen, bai eta komunitatearen ur-hornidura lehengoratzea ere, besteak beste.

4. Erakunde honen ustez, kexa honetan bi eztabaida aipatzen dira: alde batetik, eztabaida nagusi bat, kexa sustatu duen jabekideen erkidegoaren ur-hornidura eteteari buruzkoa, eta, beste aldetik, herriko auzokide bat egiten ari zen obrei buruzkoa, obra horiek erkidego horri kalteak eragiten baitzizkion.

Lehenengo eztabaidari dagokionez, Udalak igorri duen txostena ikusi da eta ur-hornidura lehengoratu zela ondorioztatu da. Hala eta guztiz ere, 2024ko martxoaren 21eko eskaeran ur-hornidura lehengoratzeko eskatu zen, besteak beste, eta, beraz, ondoriozta daiteke kexaren planteamendua eragin zuen arazoak

oraindik bere horretan jarraitzen duela.

Bigarren eztabaidari dagokionez, erakunde honek ez du judizio-elementurik aurkitzen auzokide horrek egin dituen obrak indarreko legediarekin bat egiten duten ala ez zalantzan jartzeko. Hala eta guztiz ere, kexaren sustatzailea den erkidegoan eragiten dituen kalteak eta aurrekariak kontuan hartuta, erakunde honen ustez, egokia izango litzateke tokiko erakundeak lan horiek gainbegiratzea, bai eta lan horiek modu egokian egiten ari direla egiaztatzea ere.

Beraz, txostenean ageri den informazioa ikusita, eta Udalaren jarduna indarreko legediarekin bat ez datorrela ondorioztatzeko judizio-elementurik aurkitzen ez duela alde batera utzi gabe, erakunde honek komenigarritzat jotzen du iradokitzea eztabaidagai den egoera egiaztatzeko beharrezko neurriak har ditzala, eta, kexa sustatu duen jabekideen erkidegoaren ur-horniduraren etetea bere horretan jarraitzen badu, ur-hornidura hori lehengoratzea.

5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Etxarri Aranazko Udalari iradokitzea eztabaidagai den egoera egiaztatzeko beharrezko neurriak har ditzala eta, kexa sustatu duen jabekideen erkidegoaren ur-horniduraren etetea bere horretan jarraitzen duela egiaztatzen bada, ur-hornidura hori lehengoratzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Etxarri Aranazko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

 

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia