Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Ollarango Udalak ez dio erantzun eskaera bati, profil elebiduna duen lanposturik ez egoteari edo plantilla organikoan meritu gisa baloratzeari buruzkoa.
Ollarango alkatea Alkate jauna: 1. 2023ko irailaren 20an, instituzio honek (…) jaunaren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Ollarango Udalaren plantilla organikoari buruz. Idazki horretan adierazten zuenez, 2023ko maiatzaren 29an, Ollarango Udalaren plantilla organikoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, hiru lanpostuetako bakar batean ere ez zenez euskara jakitea eskatzen eta ez zenez merezimendu gisa baloratzen, eskaera bat egin zioten toki-erakunde horri, eta ez zuen erantzunik jaso. 2. Ondoren, erakunde honek Ollarango Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske. Udalak txostena egin du, eta interesdunari horren berri eman zaio. Txosten horretan, aplikatu beharreko araudia aipatu ondoren, honako hau ondorioztatzen da: "Udalaren esku geratzen da, askatasun osoz, plantilla organikoa aldatzeko edo ez aldatzeko eta euskara zein lanpostutan den nahitaezkoa edo ez eta beharrezkotzat jotzen den edo ez lanpostu batean edo guztietan meriturik ezartzea erabakitzea. Nolanahi ere gaia aztertzen ari gara hurrengo plantilla organikoa onartzearen ondoreetarako". 3. Jasota geratu denez, kexa aurkeztu da ez zaiolako erantzun eskakizun elebiduna duen lanposturik ez egoteari buruzko edo Ollarango Udaleko plantilla organikoan merezimendu gisa baloratzeari buruzko eskabideari. 4. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak ezartzen duenez Administrazioa behartua dago “ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua.”. Artikulu bereko 2. atalak honakoa ezartzen du: “gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da ”. Eta 3. atalean honakoa gehitzen da “Prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”. Ildo beretik, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko Foru Legearen 318. artikuluak honako hau xedatzen du: “Toki entitateak behartuak dira beren eskumeneko gaietan egiten zaizkien eskari guztiak ebatzi eta jakinaraztera”. Aztergai dugun kasu honetan, erakunde honek uste duenaren arabera, Udalak gai horri buruz zuen irizpidea edozein izanda ere, egindako eskaera berariaz ebatzi behar izan zen. Horregatik egokitzat jotzen da legezko betebehar batzuk gogoraraztea. 5. Gaiaren funtsari dagokionez, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak 1.2 artikuluan adierazten du funtsezko helburuak direla: “a) Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea. b) Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz. c) Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera”. Legearen 17. artikuluak, eremu mistoari buruzkoak (Ollarango Udala eremu mistoan dago), honako hau xedatzen du: “Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko”. Era berean, arauak ezartzen du eskubide hori bermatzeko herri-administrazioek honako hauek egin ahal izango dituztela: “a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea. b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”. 6. Lege-aurreikuspen horiek garatzeko, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, honako funtsezko helburu hau ezartzen du 3. artikuluan: “Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana.” (1 b) atala). 7. Arau-esparru horretan, erakunde honek, toki-erakundeak bere burua antolatzeko tarte zabala duela ukatu gabe, egokitzat jotzen du Ollarango Udalari gomendioa egitea herritarrek administrazioarekin euskaraz egiteko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan. 8. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat: a) Ollarango Udalari gogoraraztea formulatzen zaizkion eskaerei dagokienez berariaz ebazteko legezko betebeharra duela. b) Ollarango Udalari gomendioa egitea herritarrek administrazioarekin euskaraz egiteko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Ollarango Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen. Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen. Adeitasunez, zure erantzunaren zain, |
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia