Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Kodes Mendilerroko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateak ez erantzutea, plantilla organikoan hizkuntza eskakizun elebiduna duten edo euskara merezimendu gisa baloratzen den lanposturik aurreikusten ez den eskabideari.
Kodes Mendiko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko presidentea
Presidente jauna:
1. 2023ko otsailaren 16an, instituzio honek [...]ren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordez. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Kodes Mendiko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoari dagokionez.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) Kodes Mendilerroko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoan lau lanpostu daude eta horietako batek ere ez du hizkuntza eskakizunik ezta euskara merezimendu gisa aipatzen ere.
b) Cabreado eremu mistoan dago 2017tik.
c) Hortaz, kontuan hartuta herritarrek eskubidea dutela Cabreadoko Udalera euskaraz jotzeko, 2022ko azaroaren 7an, instantzia bat aurkeztu zuten. Horren bidez eskatu zuten plantilla organikoa aldatzeko (eskubide hori bermatze aldera), C1 mailako hizkuntza eskakizuna ezartzeko (idazkari, ofizial administrari eta administrari laguntzaile lanpostuetarako), eta gainerako lanpostuetan euskara merezimendu izateko.
d) Igarotako denbora gorabehera, ez dute erantzunik jaso.
2. Ondoren, erakunde honek Kodes Mendiko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:
“Nafarroako Arartekoaren informazio eskaerari dagokionez, [..] jaunak Administrazioan Euskaraz Taldearen ordezkaritzan bidalitako instantzian egindako eskaeren bidez, Kodes Mendilerroko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateagatik kexatu da plantilla organikoa dela eta, eta hau adierazi:
Lehenik eta behin, Euskarari Buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeari dagokionez, gogoratu behar da Lege horren 15. eta 17. artikuluetan honako hau adierazten dela:
“15. artikulua
- Administrazio publikoek eta izaera publikoko enpresek gaikuntza progresiboa sustatuko dute, eremu euskaldunean lan egiten duten langileek euskara erabil dezaten.
- Administrazio bakoitzak, dagozkion eskumenen esparruan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, kontutan hartzeko merezimendutzat hartuko da besteren.
17. artikulua.
Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko.
Eskubide horren erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:
a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.
b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea.
Hortaz, artikulu horiek kontuan hartuta eta Kodes Mendilerroko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten sei herrietatik bost eremu ez euskaldunean daudela eta bestea eremu mistoan dagoela, Lege horren 15. artikuluaren bigarren paragrafoari lotu gatzaizkio. Horren arabera, euskara merezimendu izango da euskara jakitea nahitaezkoa ez den eremuetan.
Gainera, ildo berean azpimarratu behar da 17. artikuluari jarraiki eta enplegu publikoa egonkortzeko egungo prozesuan, zehazki, Cabredo herrian dagoen administrari laguntzaile lanposturako (eremu mistoan dagoen bakarra), euskara merezimendu izan da lanpostua eskuratu ahal izateko.
Azkenik, jakinarazi behar da gaur egun lanean ari den administrari laguntzaileak euskaraz ez badaki ere, Kodes Mendilerroko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko idazkari-kontu hartzaileak badakiela euskaraz; hortaz, edozein herritarri arreta eman ahal dio euskaraz.”
3. Jasotakoaren arabera, kexa aurkeztu zen Kodes Mendilerroko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateak erantzunik eman ez ziolako 2022ko azaroaren 7an aurkeztu zen instantziari (plantilla organikoan aurreikusita ez egoteagatik hizkuntza eskakizun elebiduna duten lanpostuak edo hori merezimendu gisa baloratzea).
4. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak jasotzen du Administrazioa “behartuta dagoela berariazko ematera eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.
Betebehar hori zer denbora tartetan bete behar den zehazteko, 21. artikuluaren 2. apartatuak aurreikusten du berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango dela. Era berean, 21. artikuluaren 3. apartatuan gaineratzen da prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango dela gehieneko epea.
Kasu honetan, eskaera aurkeztu zenetik sei hilabete baino gehiago igaro direnez, ez dago zalantzarik gehieneko epe hori ez zela betetzen ari, eta, ondorioz, erakunde honek egokitzat jotzen du gogoraraztea Kodes Mendilerroko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateari herritarrek aurkeztutako eskaerak garaiz eta behar bezala ebazteko betebeharra duela.
5. Gaiaren muinaren harira, euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2.a) artikuluan, bere helburuetako bat bezala aitortzen da “herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea”.
Eremu mistoan euskara erabiltzeari dagokionez, aipaturiko Foru Legearen 17. artikuluan honako eskubide hau aitortzen da: “herritar guztiek eskubidea dute euskara zein gaztelania erabiltzeko Nafarroako administrazio publikoetara zuzentzeko”. Gainera, eskubide hori bermatze aldera, administrazio publikoek honako hauek gauzatu ahalko dituzte: “a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.
Arau horiek garatuz, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 3.1.b) artikuluan, bere funtsezko helburuen artean, honako hau identifikatzen du: “Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana”.
Mankomunitatearen autoantolaketa ahalmenaren barruan dago herritarrek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatzeko modua zehaztea. Horregatik, ikusita eremu mistoko Cabredo herrian dagoen administrari laguntzaile posturako enplegu publikoa egonkortzeko egungo prozesuan euskara merezimendu gisa baloratu dela lanpostu hori bete ahal izateko, erakunde honek ez du beharrezkotzat jotzen lege betebeharra gomendatzea, iradokitzea edo gogoraraztea.
6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Gogoraraztea Kodes Mendilerroko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateari herritarrek aurkeztutako eskabideak garaiz eta legearen arabera ebazteko duen legezko betebeharra.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Kodes Mendiko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia