Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako arartekoaren ebazpena (Q22/829), Antsoaingo Udalari gomendatzeko udal musika eskolan euskaraz ikasi nahi duten ikasleek euskaraz ikastea ahalbidetzen dituzten neurriak hartzea; era berean, euskaraz ikasteko eskatu duten ikasleei taldez aldatuko bazaie gaztelaniazko taldeak sortzeko, eta horrela, unitate kopuru handiago bat sortzeko, ziurtatzea benetan interesdunek aldaketa hori askatasun osoz onartu dutela (dagokion jakinarazpena aurkeztuta), eta ez dela aukera eskubidearen aurka ezarritako irizpide mugatzailea edo eragozlea.

2022 abuztua 04

Euskara

Gaia: Antsoaingo Udalaren Musika Eskolan euskarazko eskolak hartzeko mugak.

Antsoaingo Alkatea

Alkate jauna:

1. 2022ko ekainaren 8an, instituzio honek idazki bat jaso zuen, [...] anderearena, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren izenean. Horren bidez, kexa bat jarri zuen Antsoaingo Udalaren aurka, udal musika-eskolan euskarazko eskolak jasotzeko mugei buruz.

2. Ondoren, erakunde honek Antsoaingo Udalara jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

- Antsoaingo musika eskola zeharka kudeatzen den zerbitzua da. Egun, dagokion zerbitzu kontratuaren enpresa adjudikazioduna BAU EstudiosMusicales SL da. Hortaz, musika eskolaren udal ordenantza arautzaileaz gain, kontuan hartu behar dira kontratuaren plegu arautzailea eta enpresa adjudikaziodunak egindako eskaintza.

- Musika eskolaren udal ordenantza arautzaileak hurrengoa ezartzen du euskarari dagokionez:

  • A epigrafeko (I. mailako ikastaroak) azken paragrafoan hurrengoa jaso da: "- Ikasleek eskatuta (baldin eta taldean gutxiengo ikasle kopurua badago) Musika Hastapeneko eskolak euskaraz eman ahal izango dira".
  • B epigrafeko (II. mailako ikastaroak) 4. paragrafoko 2.b) puntuan hurrengoa jaso da: "Ikasleek eskatuta (baldin eta musika tresnaren espezialitateko irakaslea elebiduna bada) banakako eskolak euskaraz zein gaztelaniaz eman ahal izango dira".
  • C epigrafeko (III. mailako ikastaroak) 5. paragrafoko 2.b) puntuan hurrengoa jaso da: "Ikasleek eskatuta (baldin eta musika tresnaren espezialitateko irakaslea elebiduna bada) banakako eskolak euskaraz zein gaztelaniaz eman ahal izango dira".

- Kontuan izan behar da gaur egun dauden izen-emateak eta I. mailako taldeak. Izan ere, maila horretan ematen dira euskarazko taldeko eskolak. Udalak ezarri du taldean gutxienez sei eta gehienez hamabi ikasle egon behar direla, bideragarria izan dadin. Salbuespenak ere egin dira bi taldeetan, guztira, hamabi ikasle baino gehiago zeudenean, eta 2021/2022 ikasturtean bost ikasle soilik zituen talde bat sortu zen. Bi salbuespen horiek egin dira euskaraz ikasteko eskatu zuten ikasleek euskaraz ikastea ahalbidetzeko.

2021-2022 ikasturtea

I. maila:

1A - gaztelaniaz - 7 ikasle.

2B - euskaraz - 5 ikasle - Taldean gutxiengo ikasle kopurua egon ez arren, salbuespena onartu zen eta taldea sortzea baimendu zen.

3A - gaztelaniaz - 4 ikasle - Hasieran, 6 ikasle zeuden talde horretan, eta 7 euskarazko taldean, baina bik euskarazko taldean sartzeko eskatu zuten, eta baimena eman zitzaien.

3B - euskaraz - 9 ikasle. Hasieran 7 ikasle ziren, baina 2 ikasle talde horretara aldatu ziren, hortaz, guztira, 9 ikasle zeuden.

4A - gaztelaniaz - 11 ikasle.

4B - euskaraz - 9 ikasle.

2022-2023 ikasturterako aurreikuspena.

I. maila:

1A - gaztelaniaz - eskaera 1 - ez da talderik sortuko.

1A - euskara - 3 eskaera - ez da talderik sortuko.

2A - gaztelaniaz - pasa den ikasturteko 7 ikasle + eskaera 1.

3B - euskaraz - 5 ikasle + 4 eskaera - Taldean 6 ikasle egotea gustatuko litzaiguke, eskaera bakarra barne hartuta.

3A - gaztelaniaz - 2 eskaera (batek autismoa du) - Taldean 5 ikasle egotea gustatuko litzaiguke, euskarazko 3 eskaera barne hartuta. Justifika daiteke 5 ikasle izatea, horietako batek arreta berezia behar baitu.

4B - euskaraz - 9 ikasle + eskaera 1.

4A - gaztelaniaz - 4 ikasle - Gaztelaniazko talde honetan euskarazko eskaera onartu nahi da, taldeak orekatzeko.

Ikasturte honetan oraindik ez diegu eskaerak egin dituzten familiei erantzun, izan ere, jende gehiagok izena eman arte itxaron dugu, taldeak errazago sortu ahal izateko.

Eskolan ahalik eta talde gehien sortzen ahalegintzen gara, horrela eskolan, epe luzean, ikasle gehiago egongo baitira. Beti saiatu gara gaztelaniazko taldeak euskaraz ikasi nahi zuten ikasleekin betetzen. Hori egingo ez bagenu, gaztelaniazko ikasleek ezin izango lukete eskolan izena eman eta ikasle kopuruak behera egingo luke urtero, eta horrek zerbitzuaren bideragarritasuna arriskuan jarriko luke”.

3. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2 artikuluaren arabera, honako hauek dira funtsezko helburuak:

“a) Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea.

b) Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.

c) Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera”.

Azken helburu horri lotuta, aipatutako Foru Legeak euskarazko ikaskuntza arautzen du 19. artikuluan eta hurrengoetan.

Aipatutako 19. artikuluaren arabera: “Herritar guztiek dute hezkuntza maila desberdinetan irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz izateko eskubidea, ondoko kapituluetan ezarritako eran”.

25. artikulua eremu mistoko hezkuntzari buruzkoa da, eta kexan aipatzen den Antsoaingo udalerria eremu horretan dago. Artikulu horretan hurrengoa ezartzen da:

1. Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako.

2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara ikasketak emanen zaizkie hala nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen jakintza nahikoa izan dezaten”.

Irakaskuntza artistikoak, musika barne, Hezkuntzako Lege Organikoaren 45. artikuluan eta hurrengoetan jasota daude.

4. Hortaz, Euskarari buruzko Foru Legeak euskaraz ikasi nahi dutenek euskaraz ikasteko aukera izan dezaten bermatu nahi du, bai eta hizkuntza horretan ikasteko egiten diren eskaerei arreta emateko bideak irekitzea ere.

Hori bateragarria da gutxiengo ikasle kopuruaren baldintzarekin, izan ere, bat etorriko litzateke irakaskuntza ildoak edo taldeak osatzearekin. Baina euskaraz ikasteko eskubidearen aurka egin dezake, hura erabat murriztu edo beste era bateko baldintzen mende jarri (hala nola taldeen kopurua ahalik eta handiena izateko helburua betetzeko), baldin eta horren ondorioz euskaraz ikasteko eskatutako ikasleei gaztelaniazko taldeetan sartzen bazaie (euskaraz ikasteko plazak egonda), gaztelaniazko gutxiengo ikasle kopurua betetze aldera. Toki erakundeak bidalitako txostenean aipatuta, gaztelaniazko taldeak sortzeko (eta horrela unitate edo ildo gehiago bete ahal izateko) eskaerak egin dituzten ikasleak taldez aldatzea soilik bateragarria izango da aipatutako araudiarekin eta ikasleen eta horiek familiek ikasi nahi duten hizkuntzan ikasteko eskubidearekin, interesdunek, askatasun osoz, aldaketa hori onartzen badute, hau da, ez bada zentroak ezarritako irizpide mugatzailea edo eragozlea.

Lege esparrua, aurkeztutako kexa eta jasotako informazioa aztertu ostean, egokitzat jo da gomendio bat egitea, haurrentzako udal eskolan euskaraz ikasi nahi duten ikasleek, hala eskatzen badute, euskaraz ikasi ahal izateko dagozkion neurriak hartzeko, hau da, eskaerak aurkezten dituzten ikasleak taldez aldatzen badituzte, horien baimena izan beharko dute.

5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Antsoaingo Udalari gomendatzea udal musika eskolan euskaraz ikasi nahi duten ikasleek euskaraz ikastea ahalbidetzen dituzten neurriak hartzea; era berean, euskaraz ikasteko eskatu duten ikasleei taldez aldatuko bazaie gaztelaniazko taldeak sortzeko, eta horrela, unitate kopuru handiago bat sortzeko, ziurtatzea benetan interesdunek aldaketa hori askatasun osoz onartu dutela (dagokion jakinarazpena aurkeztuta), eta ez dela aukera eskubidearen aurka ezarritako irizpide mugatzailea edo eragozlea.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Antsoaingo Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia