Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q17/551), Atezko Udalari gomendatzeko utz dezala baliogabe kexa-egileari bere jabetzako eraikin batean dagoen Nafarroako armarria, San Fernandoren Gurutze Ereinozduna duena, kentzeko egindako errekerimendua, irizten baita azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen 11. artikuluak ez diola horretarako eskumenik ematen.

2017 azaroa 14

Memoria historikoa

Gaia: Requerimiento para retirar escudo franquista.

Kultura

Atezko alkatea

Alkate jaun hori:

  1. 2017ko abuztuaren 2an, erakunde honek […] jaunaren idatzi bat jaso zuen. Idatzi hartan, kexa bat adierazi zuen Atezko Udalak titulartasun pribatuko eraikin batean dagoen Nafarroako armarria, San Fernandoren Gurutze Ereinozduna duena, kentzeko egin zion errekerimendua zela-eta.

    Idazki hartan, hauxe zion:

    1. Atezko Udalak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen babespean, hamabost egun balioduneko epean bere jabetzako eraikin batean dagoen ikur frankista kentzeko errekerimendua egin diola, izan ditzakeen diru-laguntzak edo laguntza publikoak kentzeko aukeraz ohartaraziz.
    2. Errekerimendua, zehazki, San Fernandoren Gurutze Ereinozduna duen Nafarroako armarri bati dagokiola, eta armarri hori titulartasun pribatuko eraikin bateko hormigoizko fatxadan ahokatutako lauza batean dagoela.
    3. Ondasun partikular bat den aldetik -ez titulartasun publikoko ondasun bat-, ezin zaiola aipatu berri den legezko xedapen hori aplikatu.

      Hori guztia dela eta, Atezko Udalari eskatu zion egindako errekerimendua baliogabe uzteko, eta, horrez gain, arrazoitzeko zergatik hartzen zuen lauza titulartasun publikoko ondasuntzat.

  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Atezko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    2017ko urriaren 3an jaso zen udal-txostena, eta bertan hau azaltzen zuen:

    1. “Atezko Udalak azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoan, xedatutakoaren arabera jokatu du. Zehazki, honela dio:

      Administrazio publikoei dagokienez, agintzen da dagokion administrazioaren titulartasun publikoko ondasunen gainean esku hartu behar dela baldin eta altxamendu militarra, Gerra Zibila eta diktadurako errepresioa pertsonalki nahiz kolektiboki goratzeko armarriak, intsigniak, plakak eta gainerako objektu eta aipamenak badituzte, bai eta eraikin pribatuetan ezarrita edo jarrita egon arren titulartasun publikoko ondasun direnetan (esaterako, bide publikoetan) daudenak ere.

      Ikur horiek eraikin pribatuetan jarrita badaude, administrazio publiko eskudunak (kasu honetan, Udalak) ikurra kentzeko eskatu behar du, eta jakinarazi behar du, hori egin ezean, izan ditzakeen diru-laguntzak edo laguntza publikoak gal ditzakeela.

    2. Horregatik jokatu du Atezko Udalak goian deskribatutako araudiaren arabera (espedientearen kopia erantsi da).
    3. Partzela-zedularen kopia erantsi da. Bertan azaltzen da xehetasunez titulartasun pribatuko ondasun bat dela. [(…) jauna da Zigandako 6. eremuko 62. partzelan dauden ondasunen titularra].
      Horregatik, Atezko Udalaren arabera, ez da kontuan hartu behar (…) jaunak aurkeztutako kexa.
  3. Atezko Udalak igorritako txostena ikusita, erakunde honek egiaztatu zuen Ikur Frankistak Kentzeko Programaren gomendioei jarraituz egin ziola errekerimendua Atezko Udalak herritarrari. Programa hori, hain zuzen, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak egin zuen.

    Hori dela eta, erakunde honek Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentura jo zuen, gaiari buruzko informazio eske.

    2017ko urriaren 31n jaso zen eskatutako txostena; bertan, hau azaltzen zuen:

    "Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, 4.1. artikuluan, Erkidegoko Administrazioak lege honen helburuak betearazteko neurriak aipatzen ditu, besteak beste, egon litezkeen aipamen edo sinbolo frankistak kentzea -e) atala-. Lege honen 4.2. artikuluan zehazten den moduan, aurreko idatz-zatian zehaztutako jarduketak udalekin, fusilatuen senitartekoen elkarteekin, memoria historikoaren arloko elkarteekin eta entitate akademikoekin lankidetzan arituz egingo dira.

    Beraz, nahiz eta 33/2013 Foru Legearen 11. artikuluan xedatu Nafarroako Gobernuak, bere eskumenez baliatuz, hartuko dituela behar diren neurriak altxamendu militarra, Gerra Zibila eta diktadurako errepresioa pertsonalki nahiz kolektiboki goratzeko armarriak, intsigniak, plakak eta gainerako objektu edo aipamenak kentzeko, egia da, halaber, lege horretan bertan xedatzen dela jarduketa horiek toki-erakundeekin eta erakunde bakoitzaren autonomia errespetatuz gauzatzeko beharra.

    Hain zuzen ere, hori izan da Nafarroako Gobernuaren nahia eta horrela jokatu du kasu berezi honetan. Horregatik, toki-erakundeen lankidetza nahi zen Nafarroan gera zitezkeen ikurrak identifikatzeko. Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak, 33/2013 Foru Legeak ematen dizkion funtzioak gauzatuz, ikurren errolda onartu zuen (besteak beste, San Fernandoren Gurutze Ereinozduna), bai eta ikur horiek kentzeko zenbait gomendio ere. Errolda eta gomendio horiek 2016ko azaroaren 30eko akordioan onartu zituen Nafarroako Gobernuak. Harrezkero, Nafarroako Gobernuak, Legea betez, toki-erakundeetara jo zuen, eta, bakoitzaren autonomia errespetatuz, ikurrak kentzeko laguntza eskatu zien. Aholku hori eman ziguten, gainera, Toki Administrazioko Departamentuari xede horretarako eskatu genion txosten juridikoan; txostena, zehazki, 2017ko otsailaren 15ean egin zuten".

    Horri dagokionez, txostenean hau jasotzen da:

    “[…] Administrazio publikoei dagokienez, agintzen da dagokion administrazioaren titulartasun publikoko ondasunen gainean esku hartu behar dela baldin eta altxamendu militarra, Gerra Zibila eta diktadurako errepresioa pertsonalki nahiz kolektiboki goratzeko armarriak, intsigniak, plakak eta gainerako objektu eta aipamenak badituzte, bai eta eraikin pribatuetan ezarrita edo jarrita egon arren titulartasun publikoko ondasun direnetan (esaterako, bide publikoen izenen errotuluetan) daudenak ere.

    Eta hau ondorioztatzen du:

    Ikur frankisten behin-behineko errolda egin eta Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak ikur horiek kentzeko gomendatu ondoren -gomendio horiek 2017ko urtarrilaren 13ko erabakian onartu zituen Nafarroako Gobernuak-, eta 33/2013 Foru Legearen 4.2. artikuluan xedatutakoa betez, udalekin lankidetzan aritzeko beharrak toki-erakundeei ikur horiek kentzeko gomendioak egitera garamatza. Toki-administrazioak, beren autonomiaren eremuan, ikur horiek kentzeko erabakia hartu beharko dute, legezko agindua aplikatuz. Udal-organo eskudunari dagokionez, eta Legeak zehazten ez duenez, bi aukera izan daitezke: eskumen hori Udalbatzari ematea, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legearen 22.2 b) eta 123.1 e) artikuluak aintzat hartuta, edo eskumena alkateari ematea, lege horren beraren 21.1 s) eta 124.4 ñ) artikuluetan aitortzen zaion eskumena baliatuz.

    Ondorioz, Nafarroako Gobernuak, 33/2013 Foru Legaren 11. artikuluan betez, Legearen helburuetako bat lortzeko beharrezko diren neurriak hartu ditu: Nafarroako eremu publikoetatik ikur frankistak kentzea. Hori, gainera, toki-erakundeekin lankidetzan egin du, lege horren 4.2. artikuluan xedatutakoa betez. Neurri horiek aplikatzeko eskatu genuen txosten juridikoan neurri horiek gauzatzeko prozedura zehaztu zen, eta, zehazki, hori egin dugu; horretarako, gainera, diru-laguntzen deialdi bat egin genuen, toki-erakundeek beharrezko neurriak aplikatu ahal izateko behar zuten finantziazioa jaso ahal izan zezaten”.

  4. Argi ikusi den moduan, titulartasun pribatuko eraikin batean dagoen Nafarroako armarria, San Fernandoren Gurutze Ereinozduna daukana, kentzeko Atezko Udalak egindako errekerimenduarekiko desadostasuna adierazteko aurkeztu zuen kexa interesdunak.

    Hain zuzen ere, Atezko alkateak, azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean oinarrituta, eta maiatzaren 30eko 26/2017 Ebazpen bidez, kexa-egilearengana jo zuen, ohar honen bidez: (…) jaunari errekerimendua egitea, hamabost egun balioduneko epean, Zigandako 6. eremuko 62. partzelako ondasunean dagoen ikur frankista, San Fernandoren Gurutze Ereinozduna, kentzeko. Eta ohartaraztea, hori egiten ez badu, izan ditzakeen diru-laguntzak edo laguntza publikoak gal ditzakeela.

    Atezko Udalak, bere txostenean, Ikur Frankistak Kentzeko Programaren gomendioak erantsi ditu, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak egindakoak.

    Ikur Frankistak Kentzeko Programa horrek honela dio bosgarren puntuan:

    “Administrazio publikoei dagokienez, agintzen da dagokion administrazioaren titulartasun publikoko ondasunen gainean esku hartu behar dela baldin eta altxamendu militarra, Gerra Zibila eta diktadurako errepresioa pertsonalki nahiz kolektiboki goratzeko armarriak, intsigniak, plakak eta gainerako objektu eta aipamenak badituzte, bai eta eraikin pribatuetan ezarrita edo jarrita egon arren titulartasun publikoko ondasun direnetan (esaterako, bide publikoen izenen errotuluetan) daudenak ere.

    Ikur horiek eraikin pribatuetan jarrita badaude, administrazio publiko eskudunak (kasu honetan, Udalak) ikurra kentzeko eskatu behar du, eta jakinarazi behar du, hori egin ezean, izan ditzakeen diru-laguntzak edo laguntza publikoak gal ditzakeela.

    Toki-administrazioak, beren autonomiaren esparruan, ikur horiek kentzeko erabakia hartu beharko dute, legezko agindua aplikatuz. Udal-organo eskudunari dagokionez, Legeak halakorik zehazten ez duenez, bi aukera izan daitezke: eskumen hori Udalbatzari ematea, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legearen 22.2 b) eta 123.1 e) artikuluak aintzat hartuta, edo eskumena alkateari ematea, lege horren beraren 21.1 s) eta 124.4 ñ) artikuluetan aitortzen zaion eskumena baliatuz”.

    Bestalde, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuaren iritziz, azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, eskumena ematen die toki-erakundeei altxamendu militarra, Gerra Zibila eta diktadurako errepresioa pertsonalki nahiz kolektiboki goratzeko armarriak, intsigniak, plakak eta gainerako objektu edo aipamenak kentzeko neurriak hartzeko.

  5. Aztergai dugun kasuan, Udalak azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa, hartu du oinarri herritarrari hamabost egun balioduneko epean Frankismoko ikur bat kentzeko errekerimendua egiteko eta, hori egin ezean, diru-laguntzak gal ditzakeela ohartarazteko.

    Foru-lege horren xedea hau da (1. artikulua):

    1. 1936ko uztailaren 18an izan zen kolpe militarraren ondorioz Nafarroan erail zituztenen edo errepresio frankistaren biktima izan zirenen memoria historikoa leheneratu, errekonozitu eta oneratzea, bai eta haur-lapurreten biktima izan zirenen memoria historikoa ere.
    2. Erraztasunak ematea Nafarroan garai hartan gertatutakoak ezagut daitezen.
    3. Ezartzea 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako pertsonen senitartekoek eskubidea dutela beren senitartekoak lurpetik ateratzeko eta duintasunez hilobiratzeko.

      Egiaztatu daitekeen moduan, funtsezko hiru helburu horien artean, ez da aipatzen Frankismoko elementuak kentzearena, nahiz eta gero, 4. eta 11. artikuluetan, gai hori aipatzen eta arautzen den.

      Hala, foru-lege horren 4. artikuluan, hau xedatzen da:
      “1. Honakoak izanen dira Erkidegoko Administrazioak 1. artikuluan adierazitako helburuak betetzeko aurrera eraman beharreko neurriak:
      e) Egon litezkeen aipamen edo sinbolo frankistak kentzea”.
      4.1 e) artikulu horretan, Erkidegoko Administrazioari (Nafarroako Foru Komunitateari) aitortzen zaio egon litezkeen ikur frankistak kentzeko betebeharra. Neurri hori ezartzeko eskumena ez zaie aitortzen ez udalei, ez eta beste administrazio publikoei ere; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari soilik aitortzen zaio horretarako eskumena.

      Ikurra kentzeko neurriaren betearazpena azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen II. tituluan garatzen da, bertan arautzen baitira administrazio publikoek eta entitate pribatuek dituzten betebeharrak sinbolo, idazkun eta aipamen frankistak kentzeari dagokionez, bai eta sari, izendapen, titulu eta ohore instituzionalak baliogabetzeari dagokionez ere.

      Tituluaren idazpuruan administrazio publikoak -bai eta entitate pribatuak ere- aipatzen dira, baina, segidan, 11. artikuluan -Sinbolo, idazkun eta aipamen frankistak kentzea-, honela dio:
      Nafarroako Gobernuak, bere eskumenez baliatuz, behar diren neurriak hartuko ditu altxamendu militarra, Gerra Zibila eta diktadurako errepresioa pertsonalki nahiz kolektiboki goratzeko armarriak, intsigniak, plakak eta gainerako objektu edo aipamenak kentzeko. Neurri horien artean, diru-laguntzak edo laguntza publikoak kentzea ere sartu ahalko da.
      Berriro ere, foru-legegileak Nafarroako Gobernuari aitortzen dio -egiaz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari- Frankismoa goratzen duten armarriak kentzeko neurriak hartzeko eskumena. Edo beste modu batean esanda, ez da beste administrazio publiko batzuen esku uzten eginbehar hori, eta, beraz, ezta eskumen hori ere.

  6. Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen 4. eta 11. artikulu horiek oinarri hartuta, erakunde honek ondorioztatzen du foru-legegileak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari soilik aitortzen diola titulartasun pribatuko eraikinetan altxamendu militarrarekin, Gerra Zibilarekin edo diktaduraren errepresioarekin loturik dauden armarriak edo plakak kentzeko beharrezko diren neurriak hartzeko gaitasuna, foru-lege honetan aurreikusten diren ondorioekin.

    Neurri hori hartzeko, azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen 4. artikuluaren 2. atalean hau xedatzen da: Aurreko idatz-zatian zehaztutako jarduketak udalekin, fusilatuen senitartekoen elkarteekin, memoria historikoaren arloko elkarteekin eta entitate akademikoekin lankidetzan arituz egingo dira.

    Agindu horretan, ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hartutako neurriak gauzatzerakoan, aukera duela toki-erakundeekin, fusilatuen senitartekoen elkarteekin, memoria historikoaren arloko elkarteekin eta entitate akademikoekin lankidetzan aritzeko. Nolanahi ere, ezin da ondorioztatu altxamendu militarra, Gerra Zibila eta diktadurako errepresioa pertsonalki nahiz kolektiboki goratzeko armarriak, intsigniak, plakak eta gainerako objektu eta aipamenak kentzeko neurriak hartzeko betebeharra eta eskumena toki-erakundeei ematen zaienik (ez eta aipatutako entitate pribatuei ere); izan ere, aurrez ikusi dugun moduan, azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen 4. eta 11. artikuluetan Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari soilik aitortzen zaio Foru Lege horren helburuak betearazteko beharrezko diren neurriak hartzeko eskumena.

    Ondorio hori indartu egiten da foru-lege horren 12. artikulua irakurriz gero; izan ere, 4. eta 11. artikuluetan ez bezala, artikulu horretan Nafarroako administrazio publikoak gaitzen dira, urtebeteko epean, erregimen frankistarekin zerikusia izandako pertsonek jasotako sariak, izendapenak, ohorezko tituluak eta gainerako goraipamenak berraztertzeko eta baliogabetzeko. Ildo berekoa da 9.3. artikulua ere, Nafarroako administrazio publikoak aipatzen baitira Memoria Historikoaren Toki izendatutako ondasunen iraunkortasuna, identifikazioa eta seinaleztapen egokia bermatzeko obligazioa lantzean.

  7. Aipatu bezala, kexa eragin duen alkatearen ebazpenak azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea hartzen du oinarri. Testu horretatik ondorioztatzen da aipatu foru-legearen 11. artikuluan oinarritzen dela eskumen hori argudiatzeko; izan ere, ikur frankista bat kentzeko errekerimendua egin eta diru-laguntza eta bestelako laguntza publikoak galtzeko aukeraz ohartarazten du, eta gai hori legezko agindu horretan soilik lantzen da.

    Hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernua da legezko agindu horren hartzaile bakarra, ez toki-erakundeak; horregatik, erakunde honek uste du beharrezkoa dela Atezko Udalari gomendatzea baliogabe utz dezala kexa-egileari egindako errekerimendua, irizten baita azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen 11. artikuluak, sinbolo frankistak kentzeari eta laguntza ofizialak galtzeari buruzkoak, ez diola xede horretarako eskumenik ematen.

  8. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Atezko Udalari gomendatzea utz dezala baliogabe kexa-egileari bere jabetzako eraikin batean dagoen Nafarroako armarria, San Fernandoren Gurutze Ereinozduna duena, kentzeko egindako errekerimendua, irizten baita azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen 11. artikuluak ez diola horretarako eskumenik ematen.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, bidezkoa da Atezko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Idatzi honen berri emango zaio Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari, Nafarroako Gobernuak ustez beharrezkoak diren erabakiak har ditzan.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia