Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Desacuerdo con valoración euskera en convocatoria de personal.
Bilinguismoa
Osasun-kontseilaria
Kontseilari jauna:
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Osasun Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2017ko ekainaren 13an, sarrera eman zitzaion departamentu horrek egindako txostenari. Zehazki, honela zion:
“Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 21ean emandako 1074E/2017 Ebazpenaren bidez onartu zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko erizain espezialistaren 6 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea eta, hautapen-proben bitartez, lanpostu horiek betetzeko hautagaien zerrendak osatzea (lanpostuak aldi baterako kontratu bidez nahiz behin-behineko barne-sustapeneko prozeduren bidez beteko lirateke). Deialdi hori 2017ko martxoaren 31ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (64. zk.).
Deialdi horren testuan, oinarrietako 1. puntuan -Arau orokorrak-, deialdiak, bere alderdi guztietan, zer arauditan xedatutakoa betetzen duen deskribatzen da.
Arau horien artean dago azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak hornitzea arautzen duena; hain zuzen, foru-dekretu horren 50. artikuluan berariaz xedatzen da oposizio-lehiaketa sistemak elkarren ondoko bi aldi izanen dituela. Lehiaketa-aldian, lehiatzaileek alegaturiko merezimenduen kalifikazioa eginen da, deialdi berean ezartzen den baremoari jarraikiz. Haren balorazioa ez da bi aldietan gehienez ere erdiets daitekeen puntuazioaren % 40 baino gehiago izaten ahalko.
Horregatik, agindu hori jasotzen da deialdiaren 6.4.3. oinarrian, honela adierazten baitu: Lehiaketa-aldiaren balorazioa ez da baztergarria izanen. Gehienez ere 40 puntukoa izanen da
.
Deialdi honetako merezimenduen baremoa zehazteari dagokionez (II. eranskinean transkribatu da xehetasunez), hurrengo lerroetan adieraziko diren bi arauak aipatu behar dira; horiei berariazko erreferentzia egiten zaie 1. oinarrian -Arau orokorrak-, adierazten baita deialdi honetan ere horien xedapenei jarraituko zaiela. Hauek dira bi arau horiek:
Lehenbizi, osasun-kontseilariaren 110/2011 Foru Aginduak, irailaren 19koak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun-arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2), aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena.
Arau horrek, III. eranskinean, osasun-arloko langile diplomadunentzako oposizio-lehiaketen deialdietako baremoa zehazten du, txanda irekirako eta igoera txandarako. Horregatik, aztergai dugun deialdian aipatutako baremo hori transkribatu da II. eranskinean; alde batetik, zehazten du, 1. atalean -Egindako zerbitzuak-, 17 puntu emango direla gehienez, eta beste aldetik, 2. atalean -Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak-, 22 puntu gehienez.
Horri dagokionez, aipatuko dugu bai 110/2011 Foru Aginduan bai deialdian bertan, frantsesa, ingelesa edo alemana era ofizialean egiaztatzeagatik, 2 puntu ematen direla, gehienez, hizkuntza bakoitzeko, ez 22 puntu, […] jaunak adierazi duen moduan. 22 puntuko gehienezko balorazioa 2. ataleko azpiatal guztien guztizkoari dagokio; bertan sartzen dira, besteak beste, Graduondoko prestakuntza (2.1. azpiatala);
Prestakuntza espezializatua (2.2. azpiatala); Prestakuntza-jardueretan ikasle gisa parte hartzea (2.3. azpiatala); Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, afixak edo komunikazioak aurkeztea (2.4. azpiatala); Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duen zientzia- edo ikerketa-lanak egitea (2.5. azpiatala); Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea (2.6. azpiatala); ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea (2.7. azpiatala); Irakasle-lana (2.8. azpiatala) eta Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea era ofizialean egiaztatzea (2.9. azpiatala).
Bestalde, 55/2009 Foru Dekretuak, ekainaren 15ekoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen du.
Arau horrek honela dio 3. artikuluan: “Eremu mistoko herrietan aritzeko diren lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa hartzeak merezimendu baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 3ko balorazioa izanen du, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada.
Horregatik, aztergai dugun deialdiko merezimenduen baremazioan, 1,17 puntuko gehienezko puntuazioa eman behar da euskara jakiteagatik eremu mistoko udalerrietan jardungo duten lanpostuetarako. Beharrezkoa da adieraztea aztergai dugun deialdian ez dagoela eremu euskaldunean jarduteko lanpostu-plazarik.
Hain zuzen, 1. eta 2. ataletako gehienezko puntuazioak (17 puntu eta 22 puntu, hurrenez hurren) gehituta, 39 puntu lortzen dira guztira, eta, hain zuzen, puntu horien % 3 1,17 puntu dira. Horrenbestez, gehienez ere 40,17 puntu lor litezke. Nolanahi ere, adierazi behar da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izapidetutako deialdi ugarietako bakar batean ere ez dela aplikatu beharrik izan 347/1993 Foru Dekretuak zehazturiko 40 puntuko gehienezko puntuazioa, gehienezko balorazioak 30 punturen ingurukoak izan baitira.
Informazio modura, euskararen ezagutzaren balorazioa jasotzen den dokumentua (Valoración del conocimiento del vascuence – Concurso Oposición) argitaratuta dagoen URL helbidea adierazi dugu, bertan jasotzen baita 55/2009 Foru Dekretuak ondorio horietarako araututakoa betetzeko aplikatu behar den balorazio-kalkulua: euskararen ezagutzaren balorazioa.
Bestalde, […] jaunak adierazi du ez dagoela ados Osasun Departamentuak euskarari zer puntuazio ezarriko dion ez zehaztearekin, bere ustez ez baita nahikoa 55/2009 Foru Dekretuari erreferentzia hutsa egitea.
Nolanahi ere, nahitaezkoa da adieraztea aipatu foru-dekretuko 2. eta 3. artikuluak direla, lehen xedapen gehigarriarekin batera, ondorio horietarako erreferentzia, horietan zehazten baita berariaz lanpostuetan sartzeko eta postu horiek betetzeko deialdietan ezarri beharreko puntuazioa.
Horrenbestez, amaitzeko, adieraziko dugu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko erizain espezialisten 6 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 21eko 1074E/2017 Ebazpen bidez onartuak, zehaztasunez betetzen duela -ezin zitekeen bestela- horrelako prozedurak erregulatzen dituen araudia”.
Argi geratu den moduan, aurkezturiko kexa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 21eko 1074E/2017 Ebazpen bidez onartutako deialdian -Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko erizain espezialisten 6 lanpostu betetzekoan- jasotako merezimendu bidezko lehiaketarekin lotuta aurkeztu da.
Interesduna ez dago ados deialdi horretan euskara jakiteari eman zaion tratamenduarekin, uste baitu ez dela nahikoa. Horri dagokionez, zalantzan jartzen ditu gai hauek:
Onartutako baremoari dagokionez, ondorioztatu da euskara jakiteagatik 1,21 puntu ematen direla gehienez ere; beraz, hautagai euskaldunek % 1eko puntuazio gehigarria soilik izan dezakete. Beste hizkuntzak (esaterako, ingelesa, frantsesa eta alemana) jakiteagatik, 2 puntu ematen dira.
Osasun Departamentuak azaldu du deialdiak bete egiten duela horrelako prozedurak arautzen dituen araudia. Txostenak berretsi egiten du euskararen balorazioari buruz adierazitakoa, beste hizkuntzekin alderatuta (1,21 puntu euskarari dagokionez, eta 2 puntu ingelesari, frantsesari edo alemanari dagokienez).
Erakunde honen iritziz, euskararen ezagutza nola baloratzen den gorabehera -hau da, deialdietan, hala nola aztergai dugun deialdi honetan, zuzenean zehaztuta edota Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko plantilla organikoan hizkuntza horren tratamendua erregulatzen duen arauari egindako erreferentziatik ondorioztatuta- euskarari ematen zaion puntuazioak (ingelesa, frantsesa eta alemana baino puntuazio txikiagoa) ez du betetzen foru-ordenamendu juridikoa, bertan euskarari ematen zaion babes-estatusa dela-eta.
Horri dagokionez, aurreko beste kexa-espediente batean, hau adierazi zuen erakundeak:
“4. Kexa eragin duen gaiari buruz irtenbide bat emateko, euskarak Nafarroako Foru Komunitateko ordenamendu juridikoan duen estatusari buruzko lege-xedapenak aztertu behar dira.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluak dio gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala eta euskara ere ofiziala izango dela Nafarroako eremu euskaldunetan. Agindu horretan xedatzen denez, foru-lege batek eskualde horiek zehaztuko ditu, euskararen erabilera ofiziala arautuko du eta, Estatuko legeria orokorra abiapuntutzat hartuta, hizkuntza horren irakaskuntza antolatuko du.
Agindu horrekin lotuta, Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak, abenduaren 15ekoak, 2. artikuluan dio gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntza direla. Halaber adierazten da gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala, eta euskara ere ofiziala dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan eta Euskarari Buruzko Foru Lege horretan bertan aurrez ikusitako eran. Lege-adierazpen horretatik ondorioztatzen denez, beraz, Nafarroan badira berezko bi hizkuntza, bata ofiziala Nafarroa osoan (gaztelania) eta bestea partzialki koofiziala (euskara).
Legezko kontsiderazio horri erantzuten dio Euskarari buruzko Foru Legean jasotako araudi guztiak, eta haren ezinbesteko helburu dira, zehazki, herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz, eta erabilera hori eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta errespetu-irizpideei jarraiki.
Euskararen estatus horretatik eta helburu horietatik abiatuta, araua interpretatzean horiek izan behar baitute ardatz eta gidari, legeak, kasu honi berariaz dagokionez, zenbait xedapen jasotzen ditu Nafarroan funtzio publikora iristeari buruz, zehazki 15. eta 17. artikuluetan ezarritakoak, herritarrek Nafarroako berezko bi hizkuntzetatik edozein erabiltzeko duten eskubidea bermatzearekin gai horrek lotura duelako. Hala, 15. artikuluak dio, eremu euskalduneko erabilera ofizialaz ari dela, administrazio publikoek eta izaera publikoko enpresek gaikuntza progresiboa sustatuko dutela, eremu euskaldunean zerbitzua ematen duten langileak progresiboki euskararen erabileran gaitu daitezen, eta administrazio bakoitzak, berari dagozkion eskumenen esparruan, zehaztuko duela zein lanpostutarako izango den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, merezimendu kualifikatutzat hartuko dela besteren artean. Eta 17. artikuluak dio, eremu mistoko erabilera ofizialaz ari dela, herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko, eta administrazio horiek, herritarren eskubide horren erabilera bermatzeko, hau egin dezaketela: a) urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztu zein lanpostutarako izango den nahitaezkoa euskaraz jakitea; eta b) gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratu.
5. Lege-arau horren ondorioz eta, batik bat, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat daukalako eta Nafarroan hizkuntza partzialki koofiziala delako, bai eta lege horren helburuen ondorioz ere, Nafarroako administrazio publikoek zenbait betebehar dituzte, erakunde honen ustez: ez soilik legeak berak xedatutakoak Nafarroako administrazio publikoentzat eta, zehazki, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioarentzat, Nafarroako herritar guztien zerbitzura dagoenez, baizik eta baita betebehar nolabait inplizitu batzuk ere, euskarari, legez izaera hori izateagatik, datxezkionak. Euskarari datxezkion betebehar horietako bat da, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateak funtzio publikora iristeko bideratzen dituen deialdietan trataera okerragoa ez ematea euskaraz gaitua izateari (euskara berezko hizkuntza eta partzialki koofiziala den heinean) atzerriko hizkuntza batean gaitua izateari baino (Nafarroan ez berezkoa eta ez koofiziala ez den heinean).
Arau horrek salbuespenak ere izan ditzake, erakunde honen ustez, oso ezaugarri bereziak dituen lanpostu jakinen batean, baldin eta ikusiko balitz beharrezkoa dela, egoki eta nahikoa arrazoituta, atzerriko hizkuntza bat jakitea euskara jakitea baino hein handiagoan baloratzea.
Eta arau hori, euskarak estatus juridiko hori izatetik datorrena, beti begiratu behar da, deialdian hautaketarako ezarritako metodoa edozein izanda ere (oposizioa edo lehiaketa-oposizioa), erabaki hori bi alderdiren araberakoa baita: deialdia zer administrazio publikok egiten duen eta lanpostuak zer-nolako funtzioak bete behar dituen. Hain zuzen, ez da batere logikoa, erakunde honen ustez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko lanpostu bat betetzeko beharra izandakoan aukeratzen den sistema lehiaketa-oposizioa bada (indarrean dauden lege- eta arau-xedapenen ondorioz) atzerriko hizkuntza bat berezkoa baino gehiago baloratu ezin izatea eta, aldiz, sistema orokorra aukeratuz gero, oposizio bidezkoa, alegia, orduan kontrako irtenbidea onargarria izatea.
6. Kexa hau eragin duen auziak funtsean zerikusi handia duenez (euskaraz jakitea eta atzerriko hizkuntza bat jakitea nola baloratzen diren Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuetara iristeko), egoki da gogora ekartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak azaroaren 2ko 1113/2004 Epaian zazpigarren arrazoibidean esandakoa. Honela zion:
“ZAZPIGARRENA
Foru Dekretuaren 21.1 eta 23.1 artikuluak ere aurkaratzen dira, biak edukiz antzekoak eta, beraz, trataeraren aldetik biak batera hartu beharrekoak.
21.1 artikuluak, eremu euskaldunari buruz, honela dio: «Euskaraz jakitea, beste merezimendu batzuen artean, merezimendu kualifikatutzat hartu behar denean eremu euskaldunean, euskararen balorazio horrek izan dezakeen gehikuntza-portzentajea ez da inoiz ere izanen frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europako Batasunean erabilera ofiziala duten hizkuntzen artean) merezimendu gisa aplikatzen den puntuazioaren % 10 baino goragokoa; deialdi bakoitzean zenbateko zehatza adieraziko da».
23.1 artikuluak, berriz, eremu mistoari buruz, honela dio: «Eremu mistoan euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen denean, halakotzat hartzen denean, balorazio hori ez da inoiz ere izanen frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europako Batasunean erabilera ofiziala duten hizkuntzen artean) merezimendu gisa aplikatzen den puntuazioaren % 5 baino goragokoa; deialdi bakoitzean zenbateko zehatza adieraziko da».
Aztertu behar dena da ea agindu horien edukia erregelamendu exekutibo bati dagokiona baino harago doan, euskara Europako zenbait hizkuntzarekin parekatzen baitu, eta bai bailiteke horrek abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak euskarari aitortzen dion maila eta babesa gainditzea.
Auzi horri buruz irtenbide batera iristeko, aztertu behar da zer maila duen euskarak ordenamendu juridikoan eta zer izaera aitortzen zaion, horren arabera jakingo baitugu ea aurkaratuak izan diren aginduetan beste hizkuntza batzuekiko ematen zaion neurri edo pisua bat datorren edo ez euskarari gure legedian aitortzen zaion garrantziarekin. Euskarak badu halako estatus bat eta babes-maila bat, hizkuntzari berari datxekiona, eremu euskaldunean hizkuntza ofiziala izatearen eta gainerako eremuetan babesa izatearen ondorio; hala dago ezarrita abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan, 9.2. artikuluan. Bestalde, 18/1986 Foru Legeak zenbait helburu adierazten ditu euskarari dagokionez, eta hauek dira, 1.2. artikuluaren arabera:
Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta errespetu-irizpideei jarraiki, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera».
Lege horren 2. artikuluak dionez, gaztelania ez ezik, euskara ere «Nafarroako berezko hizkuntza» da eta, «horren ondorioz, herritar guztiek dute hizkuntza horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea».
Jarrai genezake hona aipuak ekartzen, hala nola lege horrek 6. artikuluan herritarrei bi hizkuntzak erabiltzeko eskubidea berriro ere aitortzen dienekoa, edota hizkuntza-kontuetarako Foru Komunitatean bereizten diren hiru eremuetako bakoitzerako Legearen xedapenek arau orokor horiekiko egiten dituzten zehaztapenak, baina orain arte emandako arrazoiak aski dira ondorioztatzeko zer leku edo maila duen euskarak Nafarroako berezko hizkuntza gisa eta euskara erabiltzeko eskubideari dagokionez. Dekretuak merezimenduen balorazioa egiteko euskararekin alderatuz aipatzen dituen Europako hizkuntzetatik bakar batek ere ez du leku edo maila hori gure ordenamendu juridikoan.
Horri dagokionez, esan beharrekoa da Dekretuak euskara baloratzeko zenbateko bat ezartzen duenean, eta balorazio hori beste hizkuntza batzuekiko egiten duenez (frantsesa, ingelesa, alemana edo Europar Batasuneko gainerako lan-hizkuntzak), Legeak euskarari aitortzen dion maila desgaitzen ari dela praktikan, erregelamenduaren bidez. Merezimendu hori neurtzean, Europako hizkuntzak eta euskara parekatzen ari da, baita euskarari balorazioan kopuru handiagoa aitortuta ere. Foru Dekretuak euskaraz jakitearen merezimendua neurtzea euskararekiko formulazio negatibo bat egitea da praktikan, eta horrek desitxuratu egiten du euskarak eremu euskaldunean hizkuntza ofizial gisa eta Nafarroako berezko hizkuntza gisa duen izaera, konparaziorako erabiltzen diren hizkuntzetatik bakar batek ere ez baitu izaera hori, babes berezi hori, baita euskara hein handiagoan baloratuta ere (kuantitatiboki oso gutxi).
Horrenbestez, balorazioko formulazio positibo baten bidez bada ere, egiaz, araudi hori egitean, balorazio negatibo bat formulatzen ari da, konparazio-metodoaren bidez mugatu egiten baitu euskara baloratzeko aukera.
Alegia, Dekretuak baloraziorako puntu desegoki bat darabil, konparazioko unitate heterogeneoak ekartzen eta neurtzen baititu, legearen ikuspegitik desberdinak direnak berdindu nahian.
Bestalde, Dekretua administrazio publiko guztiek bete beharrekoa denez, haiei guztiei baloraziorako muga bat ezarri nahi zaie, deialdietan ezin izango baitute kuantifikatu euskaraz jakitearen merezimenduak zehazki eta doiki zer garrantzi duen lanpostu bakoitzean, nahiz eta horixe den une egokia, deialdi bakoitzaren oinarriak onartzeko momentua, lanpostu bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz aztertzeko ea zenbaterainoko garrantzia duen euskaraz jakiteak. Horrekin ez dugu esan nahi merezimenduak neurtzeko gaia ezin arautu daitekeela, baina modu abstraktuan posible izanda ere, ezin egin daiteke horrela, erregelamenduak egiteko duen ahalaz baliatuz Administrazioak egin duen moduan.
Azkenik, aipa dezagun beste gai bat, zalantza handiak piztu dituena. Jarrera bat baino gehiago har daiteke honi buruz, baina zer gertatzen da euskara soilik baloratzen bada eta euskararekin alderatzeko gainerako hizkuntzak baloratzen ez badira? Nahitaez baloratu beharko lirateke Europar Batasuneko gainerako lan-hizkuntza guztiak, eta horrela egin ezean baliogabea litzateke deialdia? Lege-arauaren aldeko interpretazioa egiten duenaren jarreratik, kontrako jarrera pentsa daiteke; alegia, neurtzea arau dela, baldin eta Europar Batasuneko beste lan-hizkuntzaren bat neurtzea ere nahitaezkoa den heinean. Baina kasu honetan Dekretua segurtasunik eza dakarren elementu bat sartzen ari da, ez baita ulertzen zer arrazoirengatik ezarri behar den konparazioko puntu hori modu abstraktuan, eta, bestalde, ez baitakigu non bilatu beharko litzatekeen konparaziorako erabili beharreko Europako hizkuntzei ezarritako neurria, zeren eta ez baitago hizkuntzak neurtzeko unitateak ezartzen dituen nahitaezko araurik. Beharbada, hizkuntza horiek baloratu izan dituzten beste deialdi batzuetan bila daiteke, baina gerta daiteke deialdi horiek beste administrazio publiko batzuenak izatea. Horrek mugatu egingo luke administrazio bakoitzak bere burua antolatzeko duen ahalmena, kasuan kasuko lanpostuaren ezaugarrien arabera balorazio egokiena zehaztekoa; gainera, ekarriko luke balorazio zehatz bat ezartzea baloratu beharreko lanpostu bakoitzaren eskakizunen arabera, eta horrela neurri-unitate hori oso nekez eraman ahal izango litzateke euskaraz jakitearen merezimendua baloratu nahi den deialdi zehatzera, litekeena baita lanpostuak oso bestelako ezaugarriak izatea. Laburbilduz, hainbeste zalantza sor ditzake interpretazio horrek, horrexegatik beragatik erabat desegokitzat hartzekoa baita agindua, segurtasun juridiko hutsagatik besterik ez bada ere, ez baitu betetzen ziurtasunaren baldintza, arau juridiko orok bete beharko lukeena.
Hori guztia kontuan hartuta, aztergai izan ditugun aginduak baliogabetzat jotzen ditugu”.
Erakunde honen iritziz, arrazoibide horien ondorioz epaian aztertutako aginduak baliogabetzat jo baziren, euskarak foru-ordenamenduan duen izaerarekin bat ez zetozelako, orduan, arrazoibide bertsuengatik, juridikoki desegokitzat jo beharko lirateke aztergai izan ditugun arauak eta Administrazioaren xedapen eta ekintza bertsuak, zuzenean edo zeharka zehazten dutenak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko hautapen-prozesuetan hein handiagoan baloratuko dela hizkuntza arrotz bat jakitea (kasu honetan, ingelesa), berezkoa eta partzialki koofiziala dugun hizkuntza bat jakitea baino: euskaraz jakitea, alegia”.
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak beharrezkotzat jo du:
Osasun Sailari gomendatzea har ditzala beharrezkoak diren neurriak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lanpostuak betetzeko deialdietan, oro har, euskaraz jakitearen merezimenduak ez dezan balorazio txikiagoa izan ingelesez, frantsesez, alemanez edo atzerriko beste edozein hizkuntza jakitearen merezimenduak baino.
Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoan, 34.2 artikuluan, zehazturikoarekin bat etorriz, bidezkoa da Osasun Departamentuak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak Arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta Arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia