Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/846/S); horren bidez, Osasun Departamentuari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari gogorarazten zaie Laguntza espezializatuko itxaronaldien bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legeko 3. artikuluan ezarritako epeak betetzeko legezko betebeharra duela.

2015 urtarrila 07

Osasuna

Gaia: Demora para ser atendida por traumatologia.

Osasuna

Osasuneko kontseilaria

Kontseilari andrea:

  1. 2014ko urriaren 8an [...] andreak aurkeztutako idazki bat jaso nuen; haren bitartez, kexa egiten zuen Osasun Departamentuaren aurka, Traumatologia zerbitzuaren lehenengo kontsultan artatua izateko pairatzen ari zen atzerapenarengatik.

    Idazki horretan, honakoa azaldu zidan:

    1. 2013ko irailaren 26an, kexa-egilearen familia-medikuak Traumatologia espezialitaterako kontsulta baterako eskaria eman zion. Biharamunean, Nafarroako Osasun Zerbitzuak idatziz jakinarazi zion ezen, egutegi arazoak tarteko, erreserban zegoela.

    2. Egun hartatik egunero sendagaiak hartzen egon da minari aurre egiteko.

    3. Joan den irailaren 8an, analisi batean, gibeleko kalte batzuk agertu zitzaizkion, segur aski sendagaiak modu jarraituan hartzearen ondorioz. Kaltearen norainokoa eta balizko konponbideak erabakitzeko kontsulta espezializatuaren zain dago.

    4. 2014ko abuztuaren 14an, erreklamazio bat aurkeztu zuen –haren kopia kexan erantsi du– Nafarroako Ospitaleguneko Eriaren Arretarako Zerbitzuan. Kexa hau aurkeztu arte, ez du inongo erantzunik jaso.

  2. Horren ondotik, Osasun Departamentura jo nuen, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.

  3. 2014ko abenduaren 16an, Navarro andreak mezu elektroniko bat igorri dio erakunde honi, non honakoa esaten duen:

    "Joan den azaroaren 3an, telefono-dei bat jaso nuen, biharamunerako hitzordua emateko Iruñeko [...] osasun zentroan, 12:15ean. Bertan, [...] jaunak (traumatologoa) artatu zidan, eta aztertu ondoren erradiografia bat eta gammagrafia bat egiteko agindu zuen. Erradiografia berehala egin zidaten, zentroan bertan. Abenduaren 2an, hitzordua eman zidaten Nafarroako Ospitalean gammagrafia bat egiteko.

    Gaur bertan, abenduaren 16an, berriz artatu nau traumatologoak, [...] jaunak, kontsultan. Bere ustez, nire arazorako konponbidea plantilla ortopediko batzuk erabiltzea izan daiteke. Haiek lau hilabetez erabili ondoren, kontsultara itzuli beharko dut, emaitzak baloratzeko.

    [...] jaunaren arreta eta tratua bikainak izan dira.

    Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokionez... esan beharra daukat saihesteko moduko gauza zela 15 hilabetez sendagaiak hartzen eta gibela suntsitzen egotea. Bai, noski! Sendagile espezialista baten arreta besterik ez zen behar.

    Hori dela eta, nire kexak bere horretan dirau. Inolako zalantzarik gabe".

  4. 2014ko abenduaren 19an, Osasun Departamentuaren txostena sartu da erakundean, eta bertan, honakoa azaltzen da:

    "2014ko irailaren 8an, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriaren Arretarako eta Kalitaterako zuzendariak [...] andrearen 2014ko abuztuaren 14ko idazkiari erantzun zion.

    2014ko urriaren 30ean, gaixoari kontsulta baterako hitzordua eman zitzaion; hitzordu hori bertan behera utzi zuen eta 2014ko azaroaren 4rako beste bat eman zitzaion.
    Gaur egun, emaitzak jasotzeko kontsulta baten zain dago; hartarako, abenduaren 16an, 12:30ean eman zaio hitzordua".

  5. Azaldu den bezala,kexa aurkeztu zen Traumatologia zerbitzuak lehenengo kontsultan artatzeko gertatu zen atzerapenarengatik. Jasotako txostena ikusita, ondoriozta daiteke kexaren xede den arazoari konponbidea eman zaiola, zeren eta, azkenean, Navarro andrea artatu egin baitute aipatutako zerbitzu medikoan, 2014ko azaroaren 4an.

    Hala eta guztiz ere, haren familiako medikuak traumatologia espezialitaterako kontsulta-eskaria egin zuen datari (2013ko irailaren 26a) eta azkenean artatua izan den datari (2014ko azaroaren 4a) erreparatuta, egokitzat jotzen dugu Osasun Departamentuari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari gogoraraztea arreta espezializatuko kontsuletarako hogeita hamar eguneko epean artatzeko betebeharra dagoela, Osasun Laguntza Espezializatuko Itxaronaldien bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legeko 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

  6. Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, egokitzat jo dut:
    Osasun Departamentuari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari gogoraraztea Laguntza espezializatuko itxaronaldien bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legeko 3. artikuluan ezarritako epeak betetzeko legezko betebeharra duela

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala legezko betebeharren gogorarazpen hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.

Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia