Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q14/1036); horren bidez, Galarko Udalari gomendatzen zaio […] kaleko argi publikoak areagotzeko aukera balora dezala, interesdunaren etxebizitzaren inguruan, zerbitzu hori Ezkirotzeko erdiguneko beste toki batzuetako zerbitzuaren parekoa edo antzekoa izan dadin.

2015 martxoa 03

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Falta de iluminación en su calle y trato discriminatorio.

Zerbitzu publikoak

Galarreko alkatea

Alkate jauna:

  1. 2014ko abenduaren 29an, […] jaunak […] andrearen ordezkaritzan aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, kexa bat egin zidan Ezkirotzeko (Galar) […] kalean, hots, bere bizilekuan, argi gutxi zegoelako.
  2. Ondoren, Galarreko Udalera jo nuen eta kexaren berri eman nion. Hala, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatu nion.

    2015eko otsailaren 12an, udal txostena jaso nuen eta kexa espedientean sartuta ageri da.

  3. Ezkirotzeko […] kaleko ustezko argi faltaren ondorioz aurkeztu da kexa, udalerriko beste kale batzuetan dagoen zerbitzuarekin alderatuta.

    Galarko Udalaren ustez, ez da salaketan aipatu den diskriminaziorik eman, kalean argi egokiak baitaude, eta, are gehiago, udalerriko beste kale batzuetan baino argi gehiago daude. Era berean, azaldu denez, argia murrizteko irizpideak martxan jartzen ari dira eta, interesdunaren eskaria ukatu eta Nafarroako Administrazio Auzitegian errekurtsoa aurkeztu zenean (zehazki, argi puntu berri bat jartzeko eskatzen zuen), berau ezetsi egin zen.

  4. Toki Araubideko Oinarriei buruzko Legeak argi publikoen zerbitzua udalerrien eskumena dela dio [(26.1 artikulua, a) letra].

    Aipatu zerbitzua, berdintasunaren printzipioari jarraiki, baldintza berberetan edo guztiz uniformeetan eman behar da, auzokideen eta euren etxebizitzen artean parekideak edo alderagarriak diren baldintzetan, horiek baitira zerbitzuaren hartzaileak eta mantentze lanak ordaintzen dituztenak.

    Erakunde honen iritziz, kontuan hartuta kexan salatutako egoera, eta interesdunak herriko kale batzuetako gaueko argiei buruz aurkeztu duen dossier fotografikoa ikusita ([…] kalea, Intzura kalea, Soto kalea, Salinas kalea eta San Adrián kalea), argia apur bat baxuagoa da […] kalean, eta, zehazki, […] andrea bizi den etxebizitzaren inguruan.

    Hori dela eta, egokia iruditzen zaio udalari iradokitzea aipatu kalean eta gunean argia areagotzeko aukera baloratu dezala, zerbitzua udalerrian bizi diren auzokideen zerbitzuaren antzera edo modu parekidean jaso dadin.

    Adierazpen hau egin da, hain zuzen ere, erakundeak zerbitzu publikoen hobekuntza eta horiekin lotutako neurri berrien ezarpena iradokitzeko duen lege eskumenaren barruan [uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 16 b) artikulua]. Erakunde honek hobekuntzak iradokitzeko duen gaitasuna independentea da Nafarroako Administrazio Auzitegiak emandako edo berretsitako administrazioen ekintza zehatzen baliagarritasunarekiko edo baliaezintasunarekiko, eta horien oinarriak ez du zertan bat egin berrikuspen organoak administrazio bidean betetzen duen legezkotasunaren kontrol irizpideekin (izan ere, jurisdikzio organoek Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenak indargabetu ditzakete).

  5. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:

    Galarko Udalari iradokitzea, […] kaleko argi publikoak areagotzeko aukera balora dezala, interesdunaren etxebizitzaren inguruan, zerbitzu hori Ezkirotzeko erdiguneko beste toki batzuetako zerbitzuaren parekoa edo antzekoa izan dadin.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Galarko Udalak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du iradokizun hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.

Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, iradokizun hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.

Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia