Partekatu edukia
Ondare-erantzukizuna
Gaia: Competencia desleal por caseta de fiestas.
Ingurumena
Cabanillasko alkatea
Alkate jauna:
2014ko abuztuaren 27an, [...] jaunak, Cabanillasko [...] tabernako jabeak, aurkeztutako idazki bat jaso nuen. Haren bidez, bi kexa aurkezten zituen, ondare-erantzukizuneko prozedura bat ez ebazteagatik (13/273 kexa-espedientearen harira), alde batetik, eta, bestetik, berak lehia desleialtzat jotzen duenarengatik, jaietarako etxetxo baterako emandako baimenaren ondoriozkoa.
Idazki horretan, honakoa azaldu zidan:
Beste aldetik, Cabanillasko Udalak baimena eman du udal plazaren ondoko zorupe batean jaietarako etxetxo bat irekitzeko. Instalazioak ez du sanitate-ikuskapenik pasatu (komunik ere ez dauka), eta ez du kontribuziorik ordaintzen, ez eta jarduera ekonomikoen gaineko zergarik edo zaborrengatiko tasarik ere. kexa-egileak, aitzitik, urte osoan kontzeptu horiengatik ordaindu beharra izaten du, eta ikuskapen guztiak behar bezala pasatu ditu.
Kexa-egileak jotzen zuen tratu-desberdintasun hori ez dela zuzena, eta lehia desleial bat dela.
Ondoren, Cabanillasko Udalera jo nuen, eta eskatu nuen sortutako gaiari buruz informa zezan.
2015eko otsailaren 9an, eskatutako txostena jaso genuen. Espedienteari gehitu zaio.
Jada azaldu den bezala, kexa-egileak dio, alde batetik, ez dagoela ados ondare-erantzukizuneko erreklamazioa ebatzi ez izatearekin.
Gai honi buruzko aurrekari gisa, adierazi beharra dago erakunde honek, 2013ko abuztuaren 5eko idazkiaren bitartez, Cabanillasko Udalari iradoki ziola ezen, [...] jaunak eskatzen duen kalte-ordainari dagokionez, Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizuneko prozedura bat abia zezala, eta interesdunari epe bat eman ziezaiola 2012ko abuztutik 2013ko otsailera izandako diru-sarren gutxitzea frogatzeko, garai horren aurreko hilabeteekin eta geroko hilabeteekin alderaketa eginez.
Cabanillasko Udalak iradokizuna onartu zuen, eta toki entitateak erakunde honi Cabanillasko alkatearen 2013ko urriaren 31ko 305. ebazpenaren kopia bat igorri zion. Erabaki horren bitartez xedatzen da espedienteari jarraipena ematea eta interesdunari dokumentazio jakin bat eskatzea (zehazki, erreklamatutako kopuruaren justifikazioa), ondare-erantzukizunen arlorako Administrazio Publikoen Prozedurei buruzko Erregelamendua onetsi zuen martxoaren 26ko 429/1993 Errege Dekretuari jarraituz.
Aurrekari hori abiapuntutzat hartuta, ezin da ondorioztatu, orain jaso dugun udal txostenean egiten den bezala, ondare-erantzukizuneko erreklamazioa ebatzi zenik Cabanillasko alkatearen 2013ko ekainaren 4ko 176. ebazpenaren bidez, zeren eta erreferentzian aipatutakoaren aurreko egintza administratibo bat baita, zeinaren bidez xedatzen baita espedienteari jarraipena ematea eta interesdunari eskatzen baitzaio dokumentazioa aurkez dezan; gainera, interesdunak dio errekerimendu horri erantzun egin ziola.
Azken batez, aipatutako ondare-erantzukizuneko prozedura ebatzi beharra dago, eta horri dagokionez gomendio bat egiten da.
Zaindariaren jaiegunetan etxetxo bat ezartzeari dagokionez, erakunde honek ez du egokitzat jotzen gomendiorik edo legezko betebeharren gogorarazpenik egitea.
Cabanillasko Udalari gomendatzea ahal bezain azkar ebatz dezala kexa-egileak egindako ondare-erantzukizunarengatiko erreklamazioa, Cabanillasko Udalak baimendutako lokal baten bidegabeko funtzionamenduak eragindako balizko kaltea dela eta.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Cabanillasko Udalak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.
Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.
Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia