Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (11/787/B), [?] jaunak aurkeztutako kexa ebazten duena.

2012 urtarrila 23

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Prioridad por discapacidad y mayor de 55 años en las listas de aspirantes a ocupar puestos de trabajo

Exp: 11/787/B

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

 

  1. 2011ko abenduaren 1ean erakunde honetan [?] jaunak aurkeztu zuen idazki bat jaso zen. Horren bitartez, kexa bat aurkeztu zuen Hezkuntza Departamentuaren aurrean Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen zuzendariaren urriaren 31ko 2209/2011 Ebazpenaren bidez bere eskaera bat gaitzetsi zelako. Eskaera horrekin lortu nahi zuena zen, behin-behineko kontrataziorako deialdian gainontzeko hautagaien aurrean lehentasuna aplikatzea.

    Kexa-idazkian azaldu zuen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan deialdiaren lehentasunak ezarri direla, bai % 33ko (edo gehiago) ezintasuna edukitzeagatik, bai 55 urte baino gehiago edukitzegatik, betiere, gutxienez, 15 urtetan zerbitzuak eskaini badira.

    Azaldu zuen ezintasun bat daukala, % 34ko ezintasun-maila hain zuzen (ziurtagiria erantsi zuen) eta, gainera, 55 urte baino gehiago ditu eta 15 urtetan baino gehiagotan zerbitzuak eskaini ditu baina aipatutako ebazpenak, lehentasuna ematerakoan, soilik hartu du kontuan 55 urte baino gehiago dituela eta gutxienez 15 urtetan zerbitzuak eskaini dituela. Bere ustez, bi lehentasunak aplikatu beharko lizkiokete, hau da, % 33 baino gehiagoko ezintasuna eta 55 urte baino gehiago izateaz gain, 15 urtetan baino gehiagotan zerbitzuak eskaini izana, beraz, behin-behineko kontrataziorako deitu behar zioten.

  2. Kexa behin aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Hezkuntza Departamentuari.

    2011ko abenduaren 29an, Hezkuntza Departamentuaren txostena jaso genuen erakunde honetan.

 

AZTERKETA

 

  1. Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 31ko 2209/2011 Ebazpenari jarraiki eta Hezkuntza Departamentuak egindako txostena aintzat hartuta, kexagileak egindako eskaera, hau da, behin-behinean kontratatzeko eskaera, gaitzetsi egin zen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduaren 9. artikulua oinarritzat hartuta. Artikulu horrek hautagaien zerrendan lehentasunaren araubide orokorraren bi salbuespenak arautu ditu eta garrantzi handiagoa ematen dio 100eko 33ko (edo gehiago) ezintasun-maila edukitzeari, 55 urte baino gehiago edukitzeari eta 15 urtetan zerbitzuak eskaini izanari baino. Lehentasun ordena hori kontuan hartuta, Hezkuntza Departamentuak ez zuen kexagilearen eskaera onartu, hau da, bere kontratazioari lehentasuna ematea argudiatutako egoera dela-eta -55 urte baino gehiago edukitzea eta gutxienez 15 urtetan zerbitzuak eskaini izana-.

     

  2. Hala ere, kexagileak argudiatu zuen eta egiaztatu zuen bere kasuan bi salbuespenak aplikagarriak direla. Alde batetik, ezintasun-mailaren ziurtagiria aurkeztu zuen, % 34ko ezintasun-maila aitortu diotela frogatuz eta, bestetik, 55 urte baino gehiago dituela eta 15 urtetan zerbitzuak eskaini dituela egiaztatu zuen. Hortaz, bere nahia zen, bi salbuespenak batuz, behin-behineko kontratazioan berari lehentasuna ematea. Hala ere, ematen du Hezkuntza Departamentuak bigarren salbuespena besterik ez zuela aintzat hartu, lehenengoa baztertuz.

    Erakunde honen aburuz, kexagileak foru aginduaren 9. artikuluan xedatutako bi salbuespenak betetzeak bere nahia justifikatzen du, hau da, behin-behineko kontrataziorako hautagaien zerrendan lehentasuna emateko nahia, foru aginduan bi salbuespenak aldi berean aplikatzearen inguruan berariaz ezer xedatu ez den arren.

 

Aurreko guztia dela-eta, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

 

EBATZI DUT:

 

  1. Hezkuntza Departamentuari gomendatzea kexagileak aurkeztu duen dokumentazioa egiaztatu dezan eta abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduaren 9. artikuluan aipatutako bi salbuespenak betetzen direla egiaztatuz gero, kontrataziorako hautagaien zerrendan lehentasuna eman diezaion eta, ondorioz, berehala kontratatu dezan. Bestela, kontratatua egon zitekeen eta egon ez den denboragatik dagokion kalte-ordaina ordaindu diezaion.

     

  2. Hezkuntza Departamentuari bi hilabeteko epea ematea gomendio horren onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean ezarritakoarekin bat eginez.

     

  3. Ebazpen hau interesdunari eta Hezkuntza Departamentuari jakinaraztea.

 

Nafarroako Arartekoa

 

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia