Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoak, ebazpen (Q19/481) honen bitartez, bularreko minbizia detektatzeko Programaren jakinarazpena, hala eskatzen dutenei, gaztelaniaz eta euskaraz, eskaria egin eta denbora labur barne, bidaltzeko gomendioa egiten dio Osasun Departamentuari.

2019 ekaina 17

Euskara

Gaia: La comunicación del programa de detección de cancer de mama únicamente en castellano, a pesar de que la autora de la queja había solicitado su remisión en bilingüe.

Euskara

Osasun kontseilaria

Kontseilari jaun/andrea:

  1. 2019ko maiatzaren 7an erakunde honek (……) andrearen idazkia jaso zuen. Osasun Departamentuaren aurkako kexa adierazten zuen, bularreko minbizia detektatzeko Programaren komunikazioa gaztelania hutsean iritsi zitzaiolako, eta orobat, Departamentuari eskatu zion Hizkuntza Plana ez zitzaiolako helarazi.

    Idazki horretan, hauxe adierazi zuen:

    1. Osasun Departamentuak bularreko minbizia detektatzeko programari buruz bidaltzen duen gutuna gaztelania hutsean idatzia dago.
    2. 2015etik eskatzen ari da jakinarazpen hori bi hizkuntzetan bidaltzeko berari, baina urte hartan bakarrik bidali zioten berak eskatu bezala. Hala ere, ez zuen ontzat hartu erantzunaren edukia.
    3. 2018an gutuna euskaraz eta gaztelaniaz jaso gabe jarraitzen zuenez, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, euskararen erabilera arautzen duenak, Nafarroako administrazio publikoetarako, beren erakunde publikoetarako eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetarako, 6. eta 20. artikuluetan ezartzen duena baliatuz, Osasun Departamentuaren hizkuntza plana eskatu zuen.
    4. Oraindik ez du jaso eskatutako informazioa. Gainera, 2018an eta 2019an jakinarazpena gaztelania hutsez jaso zuenez, osasun Departamentura jo zuen euskaraz eta gaztelaniaz bidaltzeko eskatuz. Oraindik ez du jaso eskari horien erantzunik.

      Horregatik eskatu zuen bularreko minbizia detektatzeko Programaren jakinarazpena euskaraz eta gaztelaniaz jaso nahi zuela, Osasun Departamentuaren Hizkuntza Planaren ezarpenaren berri jakin nahi zuela eta, gainera, departamentu horrek eskari/iradoki/kexa egiteko inprimakiak euskaraz eskuratzeko aukera izan nahi zuela.

  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Osasun Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    2019ko ekainaren 13an, erakunde honek eskatutako txostena jaso zuen, eta haren kopia bat helarazi zaio interesdunari.

  3. Azaldu denaren arabera, kexa aurkezteko arrazoia izan zen interesdunari bularreko minbizia detektatzeko Programaren jakinarazpena gaztelania hutsez idatzita bidaltzea, berak elebiduna bidaltzeko eskatu arren. Gainera, interesdunak adierazten du osasun Departamentuaren Hizkuntza Plana eskatu duela, baina dokumentu hori ez zaiola helarazi.

    Osasun Departamentuak azaldu duenez, orain denbora asko ez dela onartu da departamentuaren Hizkuntza Plana, eta interneten argitaratuta dago inork interesa balu. Bestalde, Osasun Departamentuak bere txostenean adierazten duenez, aurrerapausuak ematen ari dira kexan adierazten direnak bezalako eskaerei erantzun egokia emateko.

  4. Kexak planteatzen dituen auziei buruz, abenduaren 15eko Euskararen 18/1986 Foru Legean xedatutakoa da aplikagarria. Lege horrek, gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla onetsi ondoren, gaztelania Nafarroako Hizkuntza Ofiziala dela ezartzen du, eta euskara harekin batera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezartzeko eta Hobetzeko Lege Organikoaren 9. artikuluan eta haren ondoriozko foru-legean (2. artikulua) aurreikusten denaren arabera.

    Lege horren 2. artikuluan aurreikusten diren funtseko helburuak hauek dira: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) euskararen berreskurapena eta garapena babestea Nafarroan, haren erabilera sustatzeko neurriak adieraziz; eta c) euskararen erabilera bermatzea, borondateari begiratuz, mailaka eta errespetuz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.

    Foru Legeak, besteak beste, euskararen erabilera arautzen du eremu mistorako (interesduna Iruñean bizi da, beraz, eremu horretako udalerri batean), eta hark xedatzen duenez, eremu horretan bizi diren herritarrek gaztelania eta euskara, biak erabiltzeko eskubidea dute, Nafarroako Administrazio publikoekin dituzten harremanetan (17. artikulua).

  5. Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duenak, 3. artikuluan ezartzen dituen helburuetako bat da honako hau: Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, haien erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana, bai eta beharrezkoak diren tresnak zehaztea ere, ahalbidetzeko euskara eta gaztelania erabil daitezen herritarrei zerbitzua emateko; betiere, eremu horretako udalerrien errealitate soziolinguistikoarekin bat.

    Halaber, Administrazioaren zerbitzu zentralek herritarrei helarazten dizkieten komunikazioei dagokienez, Foru Dekretu horren 20.1 artikuluak ezartzen du ezen: Herritarrei helarazten zaizkien jakinarazpen eta komunikazio orokorrak elebidunak izanen dira.

    Horregatik, kexaren egileak hainbat aldiz eskatu duenez bularreko minbizia detektatzeko Programaren jakinarazpen elebiduna bidaltzeko, erakunde honek beharrezkoa ikusten du Osasun Departamentuari komunikazio hori gaztelaniaz eta euskaraz bidaltzeko gomendioa egitea, gutxienez hala eskatzen dutenei, eskaria egiten denetik denbora labur barne.

  6. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Osasun Departamentuari gomendioa egitea, bularreko minbizia detektatzeko Programaren jakinarazpena, hala eskatzen dutenei, gaztelaniaz eta euskaraz, eskaria egin eta denbora labur barne, bidal diezaien.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, egoki da Osasun Sailak gehienez ere bi hilabeteko epean jakinaraztea, aginduzkoa denez, erabaki hau onartu duen, eta hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak Arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2019. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan ematea horren berri, Nafarroako Arartekoaren ustez berez posible izan arren aldeko jarrera hori izan ez duen administrazio publikoa berariaz aipatuz.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia