Partekatu edukia
Justizia
Gaia: Reserva de la identidad de los vigilantes de estacionamiento
Exp: 09/15/I
Nº: 43
Barne arloa
2009ko urtarrilaren 16an Nafarroako ELA-Zerbitzuak erakundearen idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen du Iruñeko aparkatze mugatuko eremuetako zaindarien intimitatea bermatzeari buruz.
Kexa-egileak azaltzen du kexaren arrazoia dela zaintza-zerbitzuko kudeatzailea den [?] enpresako kontrolatzaileen izen-abizenak salaketako tiketetan agertzea; udaltzainek, berriz, identifikazio kodetua erabiltzen dute. ELA sindikatutik adierazten dute 2008ko otsailean Iruñeko Udalari eskatu zitzaiola beharrezko kudeaketak egin zitzan zaintzako eginkizun publiko horretan ari diren langileek ez dezaten salaketetan beren burua identifikatu behar izen-abizenekin, baizik eta kode batekin. Izan ere, kode hori eduki badauka udalak, eta barne-funtzionamendurako erabiltzen du.
Udalean aurkeztutako idazkiaren arabera, hiru dira eskariaren arrazoiak: 1) Zerbitzu publikoan diharduten langile horiek intimitaterako eta datu pertsonalak babestuak izateko daukaten eskubidea; 2) Lur gaineko aparkatzea kontrolatzeko sistemak dituzten hiri askotan jada eskubide hori bermatuta egotea, kodetutako identifikazio baten bidez; 3) Epai judizial batzuetan adierazitakoa, kode bidezko identifikazio sistemak baliozkoak izateari buruz.
Kexa-egileak adierazten du Iruñeko Udalak ez diola inolako erantzunik eman ELAk aurkezturiko eskariari, eta hori dela-eta erakunde honen esku-hartzea eskatzen du, langile horien datu pertsonalak babesteko eskubidea zain dezan eta pertsona horiek Udaltzaingoko agenteen aldean pairatzen duten bidegabekeria deusezta dezan; izan ere, Udaltzaingoko agenteak bai identifikatzen dira kode-sistemaren bitartez.
Txosten hori jaso ondoren, hartatik honakoa nabarmendu behar dugu:
Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legeko testu artikulatuko 75.3 artikuluak dio, besteak beste, salaketetan salatzailearen izena, lanbidea eta helbidea jarri beharko dela, eta agintaritzaren agentea den kasuetan datu horien ordez haren identifikazio-zenbakia jarri ahalko dela. Araupeko aparkatze-eremuko zaintzaileen kasuan, agintaritzaren agenteak ez direnez, haien identitatea eta kontratuaren adjudikazioa diren enpresaren helbidea jartzen dira, enpresa horretako langileak baitira.
Nafarroako ELA-Zerbitzuak erakundeko arduradun federalak bere idazkian aipatzen dituen epaiak agintaritzaren agenteen salaketen bidez hasitako zehapen prozedurei dagozkie”.
Espediente honetan planteatzen den gaia da zehaztea ea aparkatze mugatuko eremuetako zaintzaileek edo kontrolatzaileek eginiko salaketetan bidezkoa ote den identifikazio kodetuko sistema bat aplikatzea, Udaltzaingo agenteentzat ezarritakoaren antzekoa, horrela hobeki bermatzeko eginkizun horretaz arduratzen diren langileek beren intimitaterako eta segurtasunerako dauzkaten konstituzio-eskubideak.
Aurretik, adierazi behar dugu sistema hori ez ezartzeak, gure iritziz, ez dakarrela langile horien konstituzio-eskubideak urratzea. Zaintzaile-kontrolatzaile horien datu batzuk (izena, abizena, enplegua eta lan zerbitzuetan diharduten entitatea) hirugarrenen eskura geratzea salaketako tiketak egiten dituztenean, berez, ez da intimitaterako eta datu pertsonalak babestuak izateko eskubidearen urratze bat, beren eginkizunetan aritzeagatik berezkoa duten zama bat baita hori. Izan ere, legea bera da inguruabar horiek jasota uzteko betebeharra ezartzen duena; identifikazio-zenbaki batekin ordeztea, berriz, arauak berariaz agintaritzaren agenteentzat aurreikusten duena, ez da nahitaezkoa, aukerakoa baizik. Besterik da informazio horretatik abiatuta, bestelako egintza batzuk egin ahal izatea, hain zuzen ere langileen eskubideak urra ditzaketenak, baina hori, gure ustez, ezin zaio egotzi gaur egun aplikatzen den identifikazio pertsonaleko sistemari.
Horretarako, Trafikoari, ibilgailu motordunei eta bide segurtasunari buruzko Legeko testu artikulatuko 75. artikuluan ezarritakoa aztertu behar dugu. Izan ere, artikulu horretako hirugarren idatz-zatian, hauxe ezartzen da:
“Zirkulazio egitateengatiko salaketetan honakoak jaso beharko dira: ustezko arau-haustea egin duen ibilgailuaren identifikazioa, salatuaren identitatea –ezagutzen bada–, egitateari buruzko kontaketa bat, inguruabarrak, tokia, data eta ordua jasoko dituena eta salatzailearen izena, lanbidea eta helbidea ere adieraziko dituena. Salatzailea agintaritzaren agentea denean, datu horien ordez haren identifikazio-zenbakia jarri ahalko da. Zirkulazioaz besteko egitateei buruzko salaketetan, egitate horiek zehatz deskribatzeko behar diren datu guztiak zehaztuko dira”.
Arauaren interpretazio hitzez hitzeko batetik abiatuta, ondoriozta liteke identifikazio kodetua agintaritzaren agenteen kasuan baizik ezin dela erabili. Aparkatze mugatuko eremuetako zaintzaile-kontrolatzaileak ez dira sartzen agintaritzaren agenteen artean, eta jurisprudentziak behin eta berriz deklaratua du alderdi hori (Auzitegi Gorenaren 1991ko urriaren 1eko epaia, guztiak ez aipatze arren). Hori dela eta, legea urratuko luke zaintzaile horiek kode baten bitartez identifikatzea, eta urratze horrek berarekin ekar lezake izapidetzen dituzten zehapen-espedienteak baliogabeak izatea. Interpretazio hori ezin da arrazoi gabekotzat jo, eta hura babes dezakeen erabaki judizialen bat topa daiteke (esate baterako, Murtziako Auzitegi Nagusiaren 1997ko urtarrilaren 22ko epaiko bigarren oinarria).
Hala eta guztiz ere, gure iritziz, egokiagoa da esatea eskatutako sistema ez dela Zuzenbidearen aurkakoa eta ez dituela urratzen salatutako hirugarrenen eskubideak, betiere salatzailearen identifikazioa egoki bermatzen duen bitartean. Horri dagokionez, gure ustez, legegileak ezarri baldin badu agintaritzaren agenteen kasuan datu pertsonalen ordez identifikazio zenbaki bat erabili daitekeela, hori da, hain zuzen ere horiek direlako, eta ez partikularrak, printzipioz, polizia-eginkizunetan ohikotasunez eta modu sistematikoan jardun behar dutenak. Horixe ondoriozta daiteke Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legeko testu artikulatuko 75. artikulutik bertatik. Izan ere, artikulu horretako bigarren idatz-zatian ezartzen da “trafikoa zaintzeko zerbitzuaz arduratzen diren agintaritzaren agenteek salatu egin behar dituztela bide zirkulazioa zaintzeko eta kontrolatzeko eginkizunetan dihardutenean ikusten dituzten arau-hausteak”.
Baina, kasu honetan gertatzen den bezala, Administrazioak erabakitzen badu zaintza zerbitzua zeharka kudeatzea, gutxienez partzialki, kontratatutako enpresa beten bitartez, orduan gertatzen da agintaritzaren agenteak ez diren pertsona batzuek, pertsona partikular batzuek, polizia administratiboaren funtzio bat esleituta izanen dutela, hain zuzen ere jardun-esparruari dagokionez agente horiek daukaten funtzioaren analogoa dena. Partikular horiek, aparkatze mugatuko eremuetako zaindariek, beren izatea utzi gabe, polizia-eginkizuna ohikotasunez eta modu sistematikoan betetzen dute (zentzu objektiboan uler bedi hau); hori dela eta, ez dugu eragozpenik ikusten identifikazio kodetuaz baliatu ahal daitezen, betiere –berriz diogu– salatuak salatzailearen identitatea ezagutzeko daukan eskubidea bermatzen den bitartean.
Horri dagokionez, atzematen dugu zaintzaile-kontrolatzaile horiek partikular batzuk direla –eta ez agintaritzaren agenteak– gogoratzen duten epai judizialak zuzenduta daudela zehaztera ustezko errugabetasunerako eskubidea dela-eta haien deklarazioek duten proba-balioak ez duela agenteek eginiko deklarazioen proba-balio bera, baina ez dutela errotik kentzen identifikazio kodetua sartzeko aukera; izan ere, sistema hori, kexan adierazi bezala, jada Espainiako Estatuko beste hiri batzuetan erabiltzen ari da.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Hori gorabehera, udal horri iradokitzea behar den neurria ezar dezan zaintzaile horien identifikazio kodetua bideratzeko, haien eskubideak hobeki babeste aldera, eta gogoratzea, nolanahi ere, sistema horrek bermatu behar duela salatzailearen identitatea jasota egotea.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari erabaki hau onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, gure erakundea arautzen duen foru legeko 34.2 artikuluan moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia