Partekatu edukia
Lana
Gaia: Falta de inclusión de un demandante de empleo en una convocatoria de empleo público
Exp: 09/75/T
Nº: 41
Lana
2009ko urtarrilaren 29an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Yamaguchi parkean duen bulegoaren aurka, Barañaingo Udalak abiatutako azterketa-deialdi batean bera ez sartzeagatik.
Azaltzen du 2007ko abuztutik Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Yamaguchi parkean duen bulegoan izena emanda dagoela, lan-eskatzaile moduan, pedagogiako lizentziadun gisa. 2008ko urrian, Barañaingo Udalak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari pedagogiako lizentziadunen zerrenda bat eskatu zion, haur hezitzaileak aldi baterako kontratatzeko, baina Nafarroako Enplegu Zerbitzuko bulegoak ez zion kexa-egileari deialdirik bidali. Arrazoiaz galdetuta, esan zioten ez zegoela udalak eskatutako profilaren barruan, baina udalean kontsulta egin ondoren esan diote hori ez dela egia, zeren eta, beste ikasketa batzuen artean, berariaz sartu baitzuten pedagogiako lizentziaduna izateari dagokiona.
Bere ustez, lanpostu batera sartzeko aukera eragozteaz gainera, engainatu egin dute, informazio okerra eman baitiote.
2008-10-2an, Barañaingo Udalak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Yamaguchiko Enplegu Agentziara deialdi bat igorri zuen; haren bideez lan-eskatzaileen zerrenda bat eskatzen zion, haur hezitzaileen ordezko lanak egiteko zerrenda bat osatu nahi zuelako.
Ondoren, Yamaguchiko Enplegu Agentzia harremanetan jarri zen Barañaingo Udaleko Langileria Departamentuarekin. Handik erantzun zuten ez zutela lan-eskatzaileen zerrenda itxi bat nahi, deialdian eskatutako betebeharrak betetzen zituzten interesdun guztien zerrenda bat baizik. Deialdia, berriz, udalak berak emanen zuen jakitera bere webgunearen bitartez, eta eskabidea zuzenean aurkeztu ahal izanen zen udaleko erregistro orokorrean.
Baldintza gisa ez dagoenez Nafarroako Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea, erakunde honen egitekoa da eskaintza zabaltzea, eta horretarako Yamaguchiko Agentziak honako urratsak egin zituen:
Gure webgunearen bitartez zabalkunde publikoa egitea, urriaren 2tik urriaren 10era.
Informazio-gutun bat igorri zitzaien Iruñeko gainerako enplegu agentzietara, iragarkien oholean jartzeko.
Une horretatik aurrera, udala da eskabideak jasotzeko, izangai onartuen eta baztertuen egiteko zerrendak prestatzeko, hautaprobak garatzeko eta hautaprobak gainditutako izangaien zerrenda kudeatzeko erantzukizuna duena.
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak adierazten du, zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egoteko betebeharra agertzen ez den lan-eskaintzei dagokienez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ohiko jarduera izaten dela eskaintzaren zabalkunde publikoa egitea webgunearen bitartez eta eskaintza igortzea balizko izangaien multzo bati, teknikoki egokienak direnak hautatu ondoren. Eskaintza modu pertsonalizatuan balizko izangaien zati bati igortzeko justifikazio gisa agertzen dute zaila izanen litzatekeela guztiengana iristea, zeren eta urtero 4.000 lan-eskaintza inguru jasotzen baitituzte, eta ikuspuntu operatibotik ezinezkoa izanen bailitzateke haiek modu pertsonalizatuan helaraztea balizko izangai guztiei.
Hala eta guztiz ere, izangaiak prestakuntza handiagoa izateagatik hautatzeak –halako hautapen gutxi-asko aleatorio bat eginez– nolabaiteko bazterkeria-maila bat du berarekin, enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden, eskainitako lanpostuan aritzeko behar diren baldintzak betetzen dituzten eta hautatzen ez diren gainerako eskatzaileekin alderatuta. Enplegu eskaintzaren publizitatea webgunearen bitartez egiteak ez du huts hori betetzen, zeren eta inolaz ere ez baitu bermatzen enplegu-bulegoak hautatu ez dituenek eskaintzaren berri izatea. Eta maiz gerta daiteke, izan ere, kexa hau eragin dutenak bezalako kasuak gertatzea; hau da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan izena emandako lan-eskatzaileek hautapenean parte ez hartzea eta, horrenbestez, lanpostu bat ezin eskuratzea soilik eskaintzaren berri izan ez dutelako; halakoetan, zalantzarik gabe, nekez justifika daitekeen desabantailako egoera baten egonen dira Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskaintzaren komunikazio espresa jaso duten gainerako langabetuen aldean.
Horrenbestez, egoera oker horiek saiheste aldera, nolabaiteko bazterkeria bat eragiten baitute, guztiz egokia ematen du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak behar diren ahalegin guztiak egitea enplegu eskaintzak kasuko bulegoan izena emandako lan-eskatzaile guzti-guztiei helarazteko, betiere eskainitako enplegurako behar diren baldintzak edo titulazioak baldin badituzte.
Izan ere, kexa eragin duen egitateak agian kaltetu egin du interesdunak, lan-eskatzaile gisa izena emandako gainerakoen aldean, Barañaingo Udalak egin eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatu duen enplegu eskaintzan berdintasun baldintzetan parte hartzeko zeukan eskubidea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Enplegu Zerbitzuari gomendatzea behar diren bitarteko guztiak jar ditzan lan-eskaintzak kasuko bulegoan izena emandako lan-eskatzaile guzti-guztiei helarazteko, betiere eskainitako enplegurako behar diren baldintzak edo titulazioak baldin badituzte.
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia