Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Queja en relación con la disminución de las ayudas que venía percibiendo por ser padre de familia numerosa
Exp: 09/51/B
Nº: 97
Gizarte ongizatea
2009ko urtarrilaren 27an, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen familia ugariko (seme bat eta hiru alaba hiruki) aita izateagatik jasotzen dituen laguntzak gutxitu dizkiotelako.
Azaltzen du joan den urtean, alaba hirukiak jaio zirenean, Nafarroako Gobernuak eta Estatuak emandako laguntzei esker egoki bizi ahal izan zirela, baina aurten, bera langabezian geratu ondoren, egoera ekonomikoa asko okertu zaiela, halako punturaino non ezin izanen baitute etxea ordaindu.
Eskatzen du kontuan har daitezen berea bezala egoera berezietan dauden Nafarroako familien inguruabarrak.
2009ko otsailaren 5ean, txostena eskatu zitzaion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, baina ez zuen eskatutako epean igorri. 2009ko apirilaren 14an, berriz eskatu zitzaion informazioa. Eskari horren erantzunik ere ez zaigu heldu, emandako epean.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan. "
Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.
Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du."
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez bete behar duela beti Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea behar den guztian osa ditzan [?] jaunari ematen aritu den laguntzak, behar bezalako arreta eman ahal izan diezaien bere lau seme-alabei, horietako hiru hirukiak.
Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nabarmentzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak laguntzarik ez emateko jarrera izan duela, 2009ko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasotzearen ondorioetarako, eta halaber, udal hori Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan –Nafarroako Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. NPAO)– sartzea, eta sartze horren berri ematea erakundearen webgunean, baldin eta ebazpen honi arrazoiak emanez erantzuten ez badio edo hartan ezarritako irizpidea onartzen ez badu.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia