Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 7ko 178/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urria 07

Kirola

Gaia: Niño con sindrome de down que, tras ser admitido en cursillo de natación, no le dejan comenzar las clases

Exp: 09/451/B

: 178

Gazteria eta Kirola

AURREKARIAK

  1. 2009ko ekainaren 30ean [?] andrearen idazki bat aurkeztu zen. Haren bidez, Noiango Kiroldegian ekainaren 8an gertatukoari buruzko kexa bat aurkeztu zuen.

    Azaltzen zuen ekainaren 1ean bere semeari, down sindromeduna, igeriketako doako ikastaro batean izena eman ziola. Ikastaroa [?] enpresak antolatu zuen eta hasieratik jakinarazi zien semeak down sindromea zuela. Ikastaroko lehenengo egunean, haurrek bainujantzia soinean zutenean, begiralea etorri zen eta bere semearen ezintasuna ikusi zuenean, ikastarorik ezin ziola eman jakinarazi zion.

    Horregatik guztiagatik, eskatzen zuen egoera desatsegin hauek ez daitezela berriro errepikatu, ikastaroan ez zutela onarturen adierazteagatik baino gehiago, jasotako tratuagatik eta jendaurrean jasandako laidoagatik.

  2. Kexa aztertu ondoren eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Noaingo Udalari planteatutako gaiari buruzko informazioa eskatu genion.
  3. 2009ko uztailaren 31n, Noaingo Udalak espediente osoa igorri zuen. Bertan zeuden udal kirol teknikariak egindako txostena, Gesport enpresak egindakoa, enpresa honek antolatu baitzuen ikastaroa, eta gertatutakoaren inguruan prentsan agertutako eskutitzak.

AZTERKETA

Interesatuak adierazitakoa eta Udalak igorritako agiriak aztertu ondoren, honakoak laburtu daitezke:

  • [?] andrea ekainaren 1ean Noiango kiroldegiko igeriketa ikastaro batean bere semeari [?] izena ematera joan zen. Eskaria bete zuenean jakinarazi zion artatu zuen pertsonari semeak down sindromea zuela. Izena emateko orriaren goiko aldean dago haurrak ezintasun bat duela, ezintasuna zehazten ez den arren.

  • Gorabehera horretaz ez ziren ohartu erantzuleak. Markatutako datuei ez zitzaien garrantzirik eman, sendagilearen txosten osagarririk ez zegoelako eta izena eman zuen kirola egiteko kontraindikaziorik adierazten ez zelako. Beraz, [?] ikastaroan onartu zen.

  • Baina onartu ondoren, igeriketa ikastaroko lehenengo egunean, igerian ez zekiten 3 urteko 7 haur eta behar bereziekiko bat zituela ikusi zuen begiraleak. Hori horrela izanik, eta partaideen segurtasuna gogoan zuela, begiralea urduri jarri zen eta interesatuari jakinarazi zion [?] ezin zuela artatu. Hori guztia igerilekuan bertan gertatu zen, haur guztien aurrean, bainujantzia soinean zutela.

  • Gertakari horren ondoren, nahiz Udalak nahiz enpresa erantzuleak, begiraleak emandako tratuagatik barkamena eskatzeaz gain zenbait alternatiba eskaini zioten familiari: a) ama ere igerilekuan sartzea [?]rekin batera, begiralearen jarraibideei jarraituaz; b) [?]k doako berariazko ikastaroa egiteko aukera begirale espezializatuarekin; c) ikastaroan begirale laguntzaile bat jartzeko aukera. Familiak aukera horiei guztiei uko egin zien.

Aurreko horretatik ondorioztatzen da nola Udalak hala enpresa antolatzaileak barkamena eskatu zutela eta gertatutakoa konpontzen saiatu zirela, familiari zenbait aukera eskainita. Hala ere, egia da kaltea eginda zegoela; izan ere, haurra ikastaroan onartu ondoren, gainerako partaideen aurrean eta ikastaroa hasteko unean, kirol instalazioen barruan, begiraleak (ez Udalak ezta enpresa antolatzaileak ere) urduri adierazi baitzien [?]k ezin zuela parte hartu, zuen ezintasunagatik.

Beraz, [?]k ikastaroan parte har zezakeen edo ez alde batera utzita, edo duen ezintasunagatik begirale laguntzaile bat komenigarria izanen litzatekeela edo ikastaro espezializatua izanen litzatekeela komenigarria alde batera utzita, egia da begiraleak hasieran izan zuen jarrera ez zela zuzena izan.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Ekintza positibotzat nabarmentzea nahiz Udalak nahiz enpresa antolatzaileak haurraren amari barkamena eskatu izana eta alternatibak eskaini izana.

  2. Haurraren izena emanda zegoen igeriketa ikastaroko begirale arduradunaren profesionaltasun gutxiko eta errespeturik gabeko jarrera nabarmentzea.

  3. Noaingo Udalari iradokitzea kontuan izan dezala zerbitzuak esleitzen dituzten enpresek begiraleak kontratatzean behar bezala trebatutakoak eta ezintasuna dutenekiko behar adinako sentsibilitatea dutenak hartzeko.

  4. Noaingo Udalari bi hilabeteko epea ematea iradokizun hau onartzen duela jakinarazteko edo onartzen ez badu horretarako arrazoiak azaltzeko, eta hala egiten ez badu, kasua Nafarroako Parlamentuko urteko txostenean sarturen dugula ohartaraztea, aipaturiko legezko prezeptuaren bigarren atalean aurreikusitako terminoetan.

  5. Interesatuari eta Noaingo Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia