Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: No conceden cédula de habitabilidad tras obras de rehabilitación
Exp: 09/546/U
Nº: 187
Etxebizitza
2009ko abuztuaren 17an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen du etxebizitza zaharberritzeko diru-laguntza eman ez diotelako.
Azaltzen du bere gurasoek bainugela berritu dutela eta gas bidezko berokuntza-sistema jarri dutela bizi diren etxebizitzan.
Azaltzen du Zangozako [?] bulegoko arkitektoak ez duela bizigarritasun-zedula ematearen aldeko txostenik egin, zeren eta eraikineko oinarrizko egituraren zatia den habe batek, egindako obrekin zerikusirik batere ez duenak, ez baitu betetzen eskaileratik behar duen garaiera.
Departamentuko kontseilariak, joan den irailaren 7an, txostena igorri zuen, eta honakoak agertzen ditu hitzez hitz bertan:
Artxibo administratiboetan ageri den bezala, [?] jaunak zaharberritze babestuko espediente bat sustatu zuen, 31/P-0643/09 espedienteari bildutakoa, Oibarko [?] kaleko [?] zenbakiko etxebizitzan berokuntza sistema jartzeko eta bainugela egokitzeko. Erakunde horren idazkia jaso genuen egunean, espedientea behin betiko kalifikazioa emateko zain zegoen. Jasotako ofizioa ikusita, jarduera berrikusi dugu eta jakinarazi behar dizut ezen, egiazki, bidezkoa dela behin betiko kalifikazioa ukatzea, arauak ez betetzeagatik.
Etxebizitza gaietarako ekintza babesgarriak eta bizileku eraikinen sustapena arautzen duen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuko 76.2 artikuluak –haren edukiak zaharberritzearen aurrekontu babesgarriaren kontzeptua eta edukia arautzen ditu– honakoa ezartzen du hitzez hitz: “Lanek bidea eman beharko dute martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak betetzeko. Foru Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen ditu.”
Hau da, erregelamenduzko arauak baldintza argi bat ezartzen du zaharberritze babestuko espediente batera biltzen diren etxebizitzetarako, eta baldintza hori da diruz lagundutako jardueraren ondoren etxebizitzak bizigarritasun baldintza guztiak betetzea. Horri dagokionez, honakoa ezartzen du 142/2004 Foru Dekretuaren I. eranskineko 12. artikuluak:
“12. artikulua. Gutxieneko garaiera.
Etxebizitzako korridoreak 2 m garai izanen dira gutxienez. Marko, ateburu, habe eta abarren azpitik pasatzeko gutxieneko garaiera 1,90 m-koa izanen da.”
Egindako berrikuspenaren ondoren, egiaztatu da etxebizitzako lehen solairura iristeko eskailerako habearen azpiko garaiera librea 1,74 metrokoa dela, eta horrekin inolako zalantzarik gabe urratzen duela aipatutako arauetan ezarritakoa. Horrenbestez, ezezkoa eman zaio espedientearen behin betiko kalifikazioari eta ezezkoa, halaber, eskatutako diru-laguntzari.
Behin betiko kalifikazioari emandako ezezkoa, aplikatzekoa den araudia ez betetzearen ondoriozkoa, behar adina justifikatuta ageri da departamentuaren txostenean. Berretsitzat ematen ditugu txostenean ageri diren arau-erreferentziak, eta beste bat ere erantsi nahi dugu, hain zuzen ere martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuko I. eranskineko 1.1 artikuluan ezarritakoa; honakoa hain zuzen: “I. eranskinean etxe batean bizi ahal izateko baldintzak etxebizitza orori eta hau dagoeneko eraikinari eskatzen ahal zaizkion oinarrizko edo gutxienekoak dira”. Baldintza hauek bete ezik, bizigarritasun zedula ukatuko da edo haren indarraldia garaia baino lehen galduko da, etxebizitzak halakorik badu”.
Horrenbestez, departamentuak bere jarduera indarreko arauen edukiari egokitu dio. Hori dela eta, ez dago ez gaitzespenik ez legezko eskubideen gogorarazpenik egitea.
Aurrekoa ezarrita, bidezkoa da, halaber, honako gogoetak egitea:
"Espainiako Konstituzioko 47. artikuluak aitortzen du espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dutela, eta administrazio publikoei agintzen die beren eskumenak eta ahalmenak erabil ditzaten eskubide hori eragingarria izan dadin.
Halaber, Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 30eko legearen aitzinsolasean, honakoa ezarri zen: “aurrera egiten eta lanean jarraitu behar da baldintzak, neurriak eta prozedurak ezartzeko eta, horien bidez, modua egon dadin herritar guztiek etxebizitza batez gozatzeko duten eskubidea edukiz erabat betetzeko, eta modua ere arlo honetan eskubide subjektiboa aitortzeko oinarriak ezartzeko”.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Konstituzioaren aginduari jarraituz, bidea eman die diru-baliabide gutxien dituzten herritarrei beren etxebizitza zaharberritzeko laguntzak jasotzeko, eta horrekin edukia eman dio etxebizitza batez gozatzeko eskubideari. Hala eta guztiz ere, baldintza bat ezarri du: bizigarritasun-zedula lortzea (etxebizitzak bizigarritasuneko gutxieneko baldintzak betetzeari buruzko behin betiko sailkapena), zeina ematen baita etxebizitzak parametro batzuk betetzen dituenean; honakoak, besteak beste: “Marko, ateburu, habe eta abarren azpitik pasatzeko gutxieneko garaiera 1,90 m-koa izanen da.”
Alabaina, errealitate faktikoak erakusten du Nafarroako herrietako alde zaharretan badaudela jendea bizi den etxeak non xede duten helbururako –familia baten etxebizitza izatea– behar diren segurtasun, osasungarritasun eta higiene baldintzak bete arren, ez den toki jakin batean betetzen, esate baterako, pasatzeko gutxieneko garaiera.
Kexa-egilearen gurasoen etxea etxebizitza bat da ondorio guztietarako. Izan ere, bertan bizi dira eta halakotzat kalifikatuta dago erregistro publikoetan. Hala eta guztiz ere, Nafarroako Foru Komunitateko araudiak, garaieraren baldintza ez betetzeagatik –eskailerako tarte batetik habe nagusira 1,74 m-ko garaiera dago, eta ez gutxieneko gisa ezarri den 1,90 m-ko garaiera–, eragotzi egiten dio behin betiko kalifikazioa lortzea, eta, horrenbestez, obra batengatiko laguntza publikoak jasotzea, hain zuzen ere etxebizitza eta bertan bizi direnak duinago egiten duen obra bat izaki, nola baita bainugela konpontzea eta berokuntza sistema bat jartzea.
Administrazioak beste aukera batzuk eskaintzen ditu; esate baterako babestutako etxebizitza bat eskuratu ahal izatea edo munta handiagoko zaharberritzeari ekitea, gutxieneko garaieraren oztopoa gainditzeko. Alabaina, familia guztiek ez dituzte eskura, ez horretarako behar diren baliabide ekonomikoak, ez etorkizunean haiek eskuratzeko bidea (hipoteka bat ordainduta), ez eta, azkenik, behar diren indarra eta adina ere beste etxebizitza bat eskuratzen saiatzeko edo daukatenaren egitura zaharberritzeko.
Erakunde honek herritarren eskubideak defendatzea eta haien babes-maila hobetzea ditu helburu (kasu honetan, adineko pertsona batzuek etxebizitzarako duten eskubideaz ari gara), eta arrazoizkotzat jotzen du kexa-egilearen eskaria, eta, horrenbestez, gurasoek etxebizitza zaharberritzeko obretarako diru-laguntza edo laguntzak, zeren eta duinago egiten baitute adineko pertsona batzuen bizimodua eta aukera ematen baitiete etxebizitzaz gozatzeko eskubideaz baliatzeko.
Horrenbestez, zilegi bekit Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari zuzentzea, eta eskatzea egoera hori aintzat hartu dezan eta, behar diren izapideak egin ondoren, Nafarroako Gobernuak bultza dezan behar diren arau-neurriak hartzera egoera berezi batzuk positiboki eta modu iragankorrean bereizteko, esate baterako, diru-baliabideen gabezia edo adin aurreratua, etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak eskuratu ahal izateri dagokionez, zaharberritu beharreko etxebizitza familia baten etxebizitza izan denean eta gaur egunean ere badenean, nahiz eta bizigarritasun-zedula aurretik sekula eduki ez eta gaur egunean hura lortzeko baldintzak bete ez.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari iradokitzea arau-aldaketa bat bultza dezan, udalei eskumena emateko beren lurralde-esparruan kokaturiko etxebizitzen bizigarritasun baldintzak ezar ditzaten. Eta subsidiarioki eta modu iragankorrean, arau-aldaketa bat bultza dezan, adina eta diru-baliabideen gabezia aintzat hartzeko, zertarako-eta etxebizitzen zaharberritzerako laguntza publikoak emateko etxebizitzan bizi direnen segurtasunean, osasungarritasunean eta higienearentzat eraginik ez duen bizigarritasun baldintzen bat ez betetzeagatik zaharberritzeko etxebizitza gisa kalifikatzen ez diren etxebizitzetako titularrei.
Lehendakaritza, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten diot hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia