Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 1eko 146/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 01

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Le impiden el ejercicio del derecho vecinal a examinar las cuentas concejiles

Exp: 10/516/D

: 146

Eskubideak Sustatzea

AURREKARIAK

  1. 2010eko ekainaren 24an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu da gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen du Narbarteko Kontzejuaren aurka, bi arrazoirengatik:

    Lehena. Kontuak onesteari buruzko arauak ez betetzea.

    Bigarrena. Bizilagunei kontuak berraztertzeko duten eskubideaz baliatzea eragoztea.

    Azaltzen du 2009ko azaroaren 30ean, gutun ziurtatu bat igorri zuela Narbarteko Kontzejura; haren bidez eskatzen zuen kontzejuko batzarrak iragarkien oholean jar zezala 2008ko ekitaldiko kontzejuko kontuak onesteko akordioaren gaineko Nafarroako Aldizkari Ofizialaren argitalpenaren kopia bat, bai eta kontu horiek aztertu ahal izateko ordutegia ere. Kontuak 2009ko azaroaren 6an onetsi ziren. Eskabidea zekarren gutuna atzera bota zuen kontzejuak eta kexa-egileari itzuli zion Posta Zerbitzuaren bitartez.

    Gehitzen zuen kontu orokorra onesteko adierazitako epeei dagokienez, kontzejuak ez zuela bete arauetan ezarritakoa.

    Bukatzeko jotzen zuen kontzejuak ez zuela errespetatu kontzejuko kontuak aztertzeko zeukan eskubidea.

  2. Kexa jasota, Narbarteko Kontzejura jo nuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko.

    2010eko abuztuaren 24an, kontzejuak igorritako txostena sartu da gure erakundean. Hauxe dio, hitzez hitz:

    “Bizilagunei kontzejuaren kontuak berraztertzeko duten eskubideaz baliatzea eragozteari dagokionez, 2008ko ekitaldiko kontuak eskatzeko idazkia ez genuen jaso; horrenbestez, ez dugu haren edukia ezagutzen”.

AZTERKETA

  1. Kontuak onesteari buruz aplikatzekoak diren arauen ez-betetzeren bat izan den ala ez erabakitzeko, kontu horiek onesteko prozesua adierazi beharra dago. Nafarroako Aldizkari Ofizialeko 2009ko abenduaren 18ko 155. aleko iragarkiaren bitartez, jendaurreko epea hasi zen, interesdunek 2008ko ekitaldiko kontuen espedienteko txostenari buruz egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkezteko; txosten hori Narbarteko Kontzejuak 2009ko azaroaren 6ko bilkuran onetsia zuen.

    Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 242.2 artikuluak honakoa ezarri zuen: “Kontu orokorra, ekainaren 1a baino lehen, toki entitatearen kontu batzorde bereziaren esku jarriko du haren buruak”. Narbarteko Kontzejuan, kontu batzorde berezia kontzejuko batzarra bera da.

    Halaber, kontu orokorra, batzorde bereziaren (kontzejuko batzarra) txostenarekin eta jendaurreko epean aurkezturiko erreklamazioekin batera, udalbatzaren osoko bilkuraren (kontzejuko batzarra) erabakiaren menpe utziko da, hala behar denean, irailaren 1a baino lehenago onets dezan (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 242.4 artikulua).

    Aztertzen ari garen kasuan, ez dira arauetan ezarritako epeak bete, zeren eta kontu orokorraren onespena, zeina 2009ko irailaren 1a baino lehen egin behar baitzen, ez baita gertatu; izan ere, onesteko prozeduraren faseak 2010eko urtarrilaren 1a eta gero osatu ziren.

    Azken batez, Narbarteko Kontzejuko Batzarrak ez du bete Kontzejuaren 2008ko urteko kontu orokorra onesteari buruz aplikatzekoak diren arauak.

  2. Bizilagunei kontuak berraztertzeko duten eskubideaz baliatzea eragozteari dagokionez, kexa-egileak dio 2009ko azaroaren 30ean eskaera bat igorri zuela kontzejura; haren bidez, zenbait eskaera egiten zituen 2008ko kontu orokorraren azterketari buruz, baina ez du aurkeztu idazki hura kontzejuko bulegoetara sartzearen egiaztagiririk. Bere aldetik, kontzejuak dio ez duela halako eskabiderik jaso.

    Ezin izan denez ofizialki egiaztatu kontzejuak jaso ala errefusatu duenik kexa-egileak 2009ko azaroaren 30ean igorritako idazkia, ez da bidezkoa erakunde honek erabakitzea puntu horretan kexa-egilearen eskubideak urratu diren ala ez.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Narbarteko Kontzejuari gogoraraztea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 242. artikuluko 2. eta 4. idatz-zatietan ezarritakoa betetzeko legezko betebeharra duela, eta, horrenbestez, kontu orokorra arauetan ezarritako epeetan onetsi behar duela.

  2. Narbarteko Kontzejuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2010eko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  3. Erabaki hau Narbarteko Kontzejuari eta kexa-egile [?] jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin dela ebazpen honen aurkako errekurtsorik aurkeztu.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia