Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Irailaren 1eko 142/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 iraila 01

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: No contestación a instancias sobre colocación de barandilla que dificulta la limpieza de un escaparate

Exp: 10/570/D

: 142

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko uztailaren 6an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Tuterako Udalaren aurka, erantzunik ez emateagatik [?] kaleko [?] zenbakian jabetzan daukan lokal baten fatxadari itsatsita baranda bat jartzeari buruz eta baranda horren kokapen desegokiari buruz aurkeztutako bi eskabideri.

    Kexa-idazkian azaltzen zuen udalean bi idazki aurkeztu zituela, bata 2009ko azaroaren 25ean eta bestea 2010eko otsailaren 8an, eta ez zaiela erantzunik eman. Idazki horietan, protesta egiten zuen lokalaren fatxadan baranda bat itsatsita jartzearen aurka, erakusleihoaren zati bat estali eta haren garbiketa eragozten baitzuen.

    Eskatzen zuen idazkiei erantzun dakien eta baranda ken dadin, eta espaloiaz beste aldean jar dadin, zeren eta hor ez baitio inori kalterik egiten.

  2. Kexa jasota, Tuterako Udalera jo nuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko.

2010eko abuztuaren 24an, Tuterako Udalak igorritako txostena sartu da erakunde honetan. Honakoa dio, hitzez hitz:

“[?] jaunak azaltzen du 2009ko azaroaren 25ean eta 2010eko otsailaren 8an kexa-idazki batzuk aurkeztu zituela, baina udalak ez diela erantzunik eman. Idazki horietan, protesta egiten zuen bere jabetzeko lokal baten fatxadan baranda bat itsatsita jarri delako, [?] kaleko [?] zenbakian, zeren eta baranda horrek lokalaren erakusleihoaren zati bat estaltzen baitu eta hura garbitzea eragozten baitu.

Hari erantzunez, atsegin zait jakinaraztea 2009ko azaroaren 25ean, [?] jaunaren idazki bat jaso genuela udal honetan; hartan, izan ere, kexa egiten zuen baranda bat jarri delako bere jabetzapeko lokal baten fatxadan. Baranda erretira zedin eskatzen zuen. Kexa horri erantzuteko, idazki bat sortu genuen, 2010eko urtarrilaren 27an, 1323 irteera-zenbakiarekin. [?]k 2010eko urtarrilaren 29an sinaturiko jaso-agiria daukagu.

Honako erantzuna eman zitzaion idazki horri: “Hirigintza Kudeaketarako Zentrotik informatu behar dizugu asko sentitzen dugula eragindako enbarazua, baina baranda, udal teknikariek egiaztatu dutenez, jabetza publikoan jarrita dagoela. Haren kokapena ez da administrazioaren “kapritxo” bat izan; izan ere, udalak 2004an onetsitako Eskuragarritasun Planean oinarrituta dago, eta guztion onurarako da”.

Geroztik, beste idazki bat jaso zen, 2010eko otsailaren 16an, 2.638 zenbakiarekin. Hartan, [?] jaunak eskatzen zuen baranda hori jartzeko irizpidea berraztertu eta kokapena alda zedila.

Baranda hori jartzeko arrazoia izan zen oztopoak kentzeko obrak exekutatzea, Tuterako Eskuragarritasun Planeko 8. sektoreko oinezkoentzako pasabideetan.

AZTERKETA

  1. Bi dira kexa-egileak planteaturiko gaiak. Lehenengoa, Tuterako Udalean bi idazki aurkeztu zituela, bata 2009ko azaroaren 25ean eta bestea 2010eko otsailaren 8an, eta haien bidez protesta egin zuela baranda bat jarri zelako [?] kaleko [?] zenbakiko lokaleko fatxadari itsatsita, eta udalak ez diela idazki horiei erantzun. Bigarrena, barandak lokaleko erakusleihoaren zati bat estaltzen duela eta haren garbiketa oztopatzen duela. Horrenbestez, eskatu zuen hura ketzeko eta espaloiaz bestaldean jar zedin, zeren eta horrela ez baitzion inori kalterik eraginen. Eskaera horri ezezkoa eman dio udalak.

  2. Lehenengo gaiari dagokionez, Tuterako Udalak egiaztatu du erantzuna eman ziola kexa-egileak 2009ko azaroaren 25ean egindako eskariari, baina ez 2010eko otsailaren 8an egindakoari.

    Bada, idazki horri ez erantzuteari dagokionez, gogorarazi beharra dago Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa dela administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, Administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio Administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat.

    Kexaren xedea den kasuan, Tuterako Udalak ez dio interesdunak 2010eko otsailaren 8an egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.

    Azken batean, Tuterako Udalak ez dio idazki horri inolako tramiterik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.

  3. Bigarren gaiari dagokionez, erakunde honetako langileek begi-ikuskapena egin baitute, egiaztatu da baranda ederki jar zitekeela espaloiaz bestaldean, haren kanpoko aldean, espaloiaren tarte horretan dauden hiru zuhaitzen ondoan. Izan ere, espaloiak horretarako behar adinako zabalera dauka, eta baranda espaloiko kanpoko aldean jartzeak ez du deuseztatzen edo zailtzen oinezkoen pasabidea, ez eta automobilen aparkatzea ere. Azken batez, erakunde honen iritziz, proposatzen den kokapenak oraingoak baino eragozpen gutxiago sortzen ditu. Gainera, nabarmendu beharra dago kale honen bestaldean dagoen espaloian baranda bat jarrita dagoela hain zuzen ere kanpoko aldetik.

Horrela, saltoki horren titularra izan eta kexa egin duenari eragindako kalteak saihestuko lirateke, zeren eta baranda erakusleiho horri itsatsita egoteak erakusleihoaren ikusgarritasun eta garbitasuna zail baititzake.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Tuterako Udalari gogoraraztea legez beti erantzun behar dizkiela, eta ezarritako epean, herritarrek aurkeztutako idazki eta eskariei eta, zehazki, erantzun espresa eman behar diola kexa-egileak 2010eko otsailaren 8an aurkeztutako eskabideari.

  2. Tuterako Udalari gomendatzea [?] kalean, [?] zenbakiaren parean dagoen baranda espaloiaz beste aldean jar dezan, hau da, haren kanpoko aldean, espaloi tarte horretan dauden hiru zuhaitzen ondoan.

  3. Tuterako Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta azaldutako zentzuan neurriak hartu dituen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Kexa-egileari eta Tuterako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia