Ekainaren 24ko 124/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.
2009 ekaina 24
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Negativa del Ayuntamiento a suprimir una rampa de entrada de vehículos sin utilidad y que supone un obstáculo para los peatones
Exp: 09/309/O
Nº: 124
Herrilanak eta Zerbitzuak
AURREKARIAK
- 2009ko apirilaren 30ean, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Tuterako Udalaren aurka, [?] kalean, [?] banku-entitatea dagoen tokiaren parean, ibilgailuen sarrerarako dagoen arrapala bat kentzeko eskariari ezezkoa eman diolako.
Azaltzen zuen, arrapala kentzeko eskaria egiten duela hura zanpatzerakoan oreka galdu eta eroriko bat izan zuelako. Horren ondorioz, lesioren bat izan zuen. Azaltzen du Udalera jo zuela izandako kalteengatiko kalte-ordainak eskatzeko, bai eta arrapala ken zezaten eskatzeko ere, erabiltzen ez den, eta horrenbestez alferrekoa den, oztopo arkitektoniko bat izateagatik. Bere ustez, arrapala hori ez da beharrezkoa, zeren eta garai batean bidea ematen baitzuen ibilgailuak saltoki batera iristeko, baina saltoki hori orain dela urte asko kendu zuten hortik. - Tuterako Udalari gaiari buruzko txostena eskatu eta 2009ko ekainaren 16an udal horren txostena sartu zen gure erakundean. Txostena ia guztiz zentratuta dago kexa-egileak bere garaian eskatutako ondare-erantzukizuneko erreklamazioa ezesteko udalak izan zituen arrazoietan.
AZTERKETA
- Hasteko, zehaztu beharra dago kexa-egilearen xedea –eta horrelaxe adierazten zen argi eta garbi txostena eskatzeko egin genuen idazkian– ez zela udalak ezetsi izana erorikoan izandako kalteengatik kexa-egileak udalari egindako kalte-ordainen erreklamazioa, baizik eta udalak ezezkoa eman izana erorikoa ekarri zion ibilgailuen sarrerarako arrapala kentzeko eskariari –arrapala hori gaur egun alferrekoa dela uste duelako egin zuen eskari hori–.
- Kexaren xedea den ibilgailuentzako arrapala [?] kalean dago, [?] banku entitatea dagoen kale-kantoian.
Erakunde honetako langileek ikusizko ikuskapena egiteko bisita bat egin zuten bertara, eta egiaztatu zuten gaur egun arrapala horrek ez duela betetzen berezkoa duen funtzioa –ibilgailuetarako sarbidea–; horrenbestez, ez du ezertarako balio. Halaber, egiaztatu da azalera inklinatu, lau eta leuna duenez, arrapala barrera edo oztopo bat dela hiri altzarian, eta desorekak eta irristaketak eragiten ahal dizkiela espaloian barrena dabiltzan oinezkoei, kexa-egileak izandakoa bezalako istripuak eragiteraino. - Auzitegi Gorenak (guztiengatik, 1994ko azaroaren 10eko epaia –RJ 8749–), behin eta berriz adierazia du Administrazioak jardun beharra duela kale publikoetako segurtasunerako gutxienezko eta funtsezko baldintzak mantentzeko, eta toki entitateek ezin saihestuzko betebeharra dutela oinezkoentzako bide publikoak baldintza egokietan mantentzeko; halako baldintzetan, hain zuzen, non haiek erabiltzen dituztenen segurtasuna normalean bermaturik egonen den, gutxienez ere bide horiek beren berariazko xederako mantentzearen alderdi materialei dagokionez; horrenbestez, ezin da onartu haietan zirkulazio normalerako premiarik gabeko zailtasunak edo oztopoak egotea.
Erakunde honek egiaztatu duen bezala, alde batetik ibilgailuak sartzeko arrapalak ez du betetzen gaur egun inongo xede berezirik, eta, bestetik, beharrik gabeko oztopo bat da oinezkoak normaltasunez ibil daitezen. Horrenbestez, bidezkoa da hura kendu eta espaloia hasieran zuen egituratze normalera lehengoratzea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
EBATZI DUT:
- Tuterako Udalari gomendatzea [?] kalean, [?] banku-entitatea dagoen kale-kantoian, ibilgailuen sarrerarako dagoen arrapala ken dezan.
- Bi hilabeteko epea ematea Tuterako Udalari erakunde honi jakinaraz diezaion azaldutakoaren bidetik neurri egokia hartu duen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.
- Interesdunari eta Tuterako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea