Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Falta de contestación a petición de cambio de denominacion oficial del municipio
Exp: 10/7/D
Nº: 97
Eskubideak Sustatzeak
2010eko urtarrilaren 5ean, [?] jaunak, [?] ordezkatuz, aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Xulapaingo Udalaren aurka.
Azaltzen du 2008ko irailaren 16an, eskari bat egin ziotela Xulapaingo Udalari, hura premiatuz udalerriaren izen ofiziala aldatzeko prozedura abiaraz zezan.
Azaltzen zuen udalak ez ziola eskariari inongo erantzunik eman. Hori dela eta, 2009ko ekainaren 10ean, administrazio-isiltasunari buruzko ziurtagiri bat eskatu zuten, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legean ezarritakoaren babesean.
Kexan azaltzen zuen, iragan den denbora iragan ondoren ere, udalak eskaria ebazteko duen legezko betebeharra bete gabe jarraitzen duela, eta administrazio-isiltasunari buruzko ziurtagiria ere ez duela eman.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Xulapaingo Udalari.
Behar den informazioa igorri ez zuenez, erakunde honek eskaera berretsi zion Xulapaingo Udalari, eta gogorarazi zion legez Nafarroako Arartekoari laguntza emateko behartuta dagoela.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.
Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.
Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.”
Erakunde honetan aurkeztutako kexak salatzen du Xulapaingo Udalak ez diola erantzunik eman [?]k eginiko eskari bati. Eskaera horretan, udal hori premiatzen zuen behar zen prozedura abiaraz zezan herriaren euskarazko izena ofiziala egiteko.
Eskari hori lotu beharra dago Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 21. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin, izan ere haietan ezartzen baitira udaletako izena aldatzekotan jarraitu beharreko arauak.
Gai horri buruzko erabakia udalari dagokion alde batera utzita, argi dago udalaren eskumenekoa den gai bati buruzko eskari edo eskabide bat aurkeztu ondoren, Administrazioak erantzuna emateko legezko betebeharra duela. Horixe ondorioztatzen da Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikulutik, zeinak honakoa ezartzen baitu: Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Eta gauza bera ondorioztatzen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikulutik, zeinak ezartzen baitu toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituela. Bidezkoa den erantzuna igortzeko betebeharra Eskariak Egiteko Eskubidea arautzen duen azaroaren 12ko 4/2001 Lege Organikoan ere jasota dago.
Azken batean, administrazio publiko batera jo eta eskabide edo eskaera bat aurkezten duen herritar orok erantzun bat jasotzeko eskubidea du, edozein dela ere erantzunaren eduki zehatza.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Xulapaingo Udalari gogoraraztea legez beti bete behar duela Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa, eta foru lege horretan ezarritako legezko ohartarazpenak egiten dizkio.
Xulapaingo Udalari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako eskabide eta eskaerei erantzun espresa eman behar diela; eta, zehazki, kexa-egileak ordezkatzen duen entitateak aurkeztutakoei.
Xulapaingo Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen ala ez, eta behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan 2010eko urteko txostenean jasoko dudala.
Nabarmentzea Xulapaingo Udalak laguntzarik ez emateko jarrera izan duela, 2010eko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasotzearen ondorioetarako, eta halaber, udal horri ohartaraztea bere jokabideari eusten badio Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan –Nafarroako Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. NPAO)– sartuko dudala, eta bidezkoa denean sartze horren berri emanen dudala erakundearen webgunean, Xulapaingo alkatea eta ardurak izan ditzaketen gainerakoak berariaz aipatuz, baldin eta ebazpen honi arrazoiak emanez erantzuten ez badio edo hartan ezarritako irizpidea onartzen ez badu.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia