Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 15eko 114/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, herritar batek aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 ekaina 15

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Disconformidad con la coincidencia en día y hora de dos exámenes públicos y oficiales convocados por el Departamento de Educación

Exp: 09/365/E

: 114

Hezkuntza Departamentua

AURREKARIAK

1. 2009ko maiatzaren 27an, pertsona baten idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa azaltzen zuen Hezkuntza Departamentuak deitutako bi azterketa publiko eta ofizial egun berean eta ordu berean izatearekin. Laburbilduz, azaltzen du ingeleseko egiaztagiria lortzeko azterketa hilaren 16an 16:00etan zela, eta hartara aurkezteko asmoa zuela, baina azterketa horren egun berean eta ordu berean frantsesezko maila aurreratuko azterketa ezarrita dagoela, eta hura ere deialdi ofizial eta publikoa dela, eta hartara ere aurkezteko asmoa duela. Adierazten du bi azterketak egin ahal ez izateak maila profesionalean kaltea eragiten diola.

2. Kexa aztertuta, txosten bat eskatu genion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, hartan planteaturiko bi gaiei buruz. 2009ko ekainaren 9an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:

“Hezkuntza Departamentuak, apirilaren 27ko 50. NAOn, martxoaren 18ko 110/2009 Ebazpena argitaratu zuen. Haren bidez, atzerriko hizkuntzetan espezialistak ez diren irakasleei Bigarren Hezkuntzako hizkuntza bera ez diren arloak irakasteko baimena emateko deialdiaren oinarriak onetsi ziren.

Deialdi horrek ezartzen du bere espezialitatea ingelesez edo frantsesez irakasteko behar adinako ezagupenak egiaztatzeko biderik ez duten irakasleek Hezkuntza Departamentuak berariaz diseinatutako gaikuntza linguistikoko azterketa gainditu beharko dutela.

Azterketaren datari buruzko erabakia hartzeko, ahal diren faktore guztiak hartu dira kontuan. Besteak beste, eta batez ere, kreditatzearen motibazioa bera: guztiz determinantea da kreditatzeko prozesua amaitzea bigarren hezkuntzako lanpostuak adjudikatzeko ekitaldi publikoak egin aurretik, eta horiek ekainaren azken asterako deituta daude.

Gainera, honakoak hartu dira kontuan:

- Institutuetako irakasleen lan-ordutegia.

- Ekaineko selektibitate azterketak, zeinetan bigarren hezkuntzako irakasle askok esku hartzen baitute.

- Ingeleseko eta frantsesezko kreditatze azterketak batera ez gertatzea, bi hizkuntzetarako hautua egin dezaketen irakasleak egon daitezkeelako.

- Jende gehien aurkezten den hizkuntza bereko azterketak: hizkuntza eskola ofizialetako azterketen egutegia, ingeleserako Cambridgeko Unibertsitatearen azterketak eta frantseserako DALFen azterketak.

- Mailako azterketak, zerbitzu honek sustatzen duen irakasleentzako ingelesezko erdi bertaratzeko ikastarorako deitutakoak.

- Epaimahaiko kideen lan-egutegia.

Azterketei dagokienez ekainak duen konplexutasunak berarekin dakar kontuan hartu ez izana, gure ustez guztiz arrazoizkoa eta ulertzekoa den bezala, beste hizkuntza batzuetako azterketak eta maila desberdinetakoak, ez eta unibertsitateetako azterketak ere, edo irakaskuntza desberdinetarako sarbide-azterketak edo eta abar. Segur aski, kreditatze azterketetarako onartutako pertsona batzuek haietara ere aurkezteko asmoa izanen zuten.

Kexa-egileak kexa aurkeztu du batera direlako Hizkuntza Eskola Ofizialeko B2 mailako frantsesezko azterketa eta ingelesezko C1 azterketa –bigarrenak bere espezialitatea hizkuntza horretan irakasteko Hezkuntza Departamentuaren kreditatzea emateko balio du–. Adierazi beharra dago, horri dagokionez, izangaiak maila aurreratuko iraileko deialdi berezian ere aurkezteko aukera duela. Bestalde, oposizioetarako deialdietako baremoan 0,5 puntu lortzea, betiere azterketa bat gainditu ondoren, ez da berehalakoan adierazgarria, zeren eta Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako oposizioak 2010erako aurreikusi baitira.

Kexa-egileak azterketak atzeratzeko egin duen eskariari buruz, esan daiteke guztiz ezinezkoa dela data erabakitzeko kontuan hartu diren irizpideetatik ondorioztatzen diren arrazoiengatik, baina, gainera, hala eginez gero, beste pertsona batzuek, hain zuzen ere kexa-egileak aipatzen dituen 119 horiek, kexa egitea eraginen genukeelako, hain zuzen ere litekeena delako hilaren 17an eta 18an beste azterketa batzuk edukitzea.

Ezinezkoa da prozedura guztietan, ekainean, guztientzako egokiak diren azterketa datak jartzea. Hizkuntza eskola ofizialak Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeak badira ere, ez dago erlazio korrelatiborik herritar guztiei –ez soilik irakasleei– zuzenduta dauden ikastetxe horien irakaskuntza jardueraren antolamenduaren eta administrazio honek hezkuntza sistemarako deitzen dituen ekitaldien artean: oposizioak, lanpostuak hautatzeko ekitaldi publikoak, kreditatze prozesuak, epaimahaien izendapenak, sarbide-azterketak, prestakuntza ikastaroak, zuzendaritza bilerak, ekitaldietarako eta lan saioetarako deialdiak eta abar. Aztergai dugun kasuan, bi prozedura desberdinen aurrean gaude, eta unitate desberdinek kudeatzen dituzte. Unitate horiek ez dute helburu bera, eta haietan ez hizkuntzak (frantsesa/ingelsa), ez mailak (B2/C1) ez datoz bat.

Gure ustez, Hezkuntza Departamentuak modu arduratsuan eta arrazoizkoan jokatu du kreditatze azterketetarako daten egutegia ezartzeko garaian, eta inolaz ere ez da bidezkoa hura aldatzea.

AZTERKETA

1. Hemen planteaturiko kasuan, Hezkuntza Departamentuak justifikatzen du antolamenduzko arrazoi larriak daudela kexaren xedea diren azterketak egiteko ezarri diren datei eusteko. Txostenean argudiatzen da ez dela bidezkoa ekaineko azterketetarako deialdian guztientzat egokiak diren azterketa egunak jartzea, zeren eta ugari baitira egin beharreko azterketak; gainera, prozedura desberdinak dira, unitate desberdinek kudeatutakoak eta helburu bera ere ez dutenak; gainera, ez hizkuntzak (frantsesa/ingelesa), ez mailak (B2/C1) ere ez datoz bat.

2. Erakunde honen ustez, Hezkuntza Departamentuak adierazitako justifikazioa, oro har, baliozkoa izan daiteke. Hala eta guztiz ere, guztiz ulertzekoa da zeinen nahaste handia den azterketa-egileentzat aurkezteko asmoa duten bi azterketak aldi berean izatea.

Nahaste hori saihesteko, lehenengo eta behin, gomendagarria litzateke saihestea azterketak egun berean eta ordu berean izan daitezen; halere, antolaketa-arrazoiak tarteko –horiek ere ulertzekoak dira– halakorik bidezkoa ez denean, erakunde honek uste du konponbidea izan daitekeela ukitutako azterketa-egileak edo azterketa-egileek batera egitekoak dituzten bi azterketetako bat lehenago edo beranduago egitea, haiekin ados jarrita.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea ahal den guztian saihets dezan azterketak egun berean eta ordu berean izan daitezen. Antolamenduzko arrazoiak direla eta, halakorik ezinezkoa den kasuetan, behar diren bitartekoak jar ditzan azterketak jartzen dituztenek edo azterketa-egileek batera egitekoak dituzten bi azterketetako bat lehenago edo beranduago egiteko, haiekin ados jarrita.

2. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

3. Kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia