Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 15eko 111/2009 EBAZPENA, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, Behatokiko […] […] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 ekaina 15

Euskara

Gaia: Falta de atención en euskera en el teléfono de atención a usuarios del Servicio Navarro de Salud-Osasunbidea

Exp: 09/293/C

: 111

Elebitasuna

AURREKARIAK

1. 2009ko apirilaren 28an, Hizkuntza Eskubideen Behatokia Fundazioaren ordezkari […] jaunaren kexa-idazki bat aurkeztu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka, telefonoz erabiltzaileei euskaraz ez erantzuteagatik.

Azaltzen zuen aurtengo urtarrilaren

8an, 9:15ean edo, herritar batek […] telefono zenbakira hots egin zuela, eta grabatutako ahots batek erantzun ziola, informazioa gaztelania hutsez emanda. Jarraian, pertsona batek (emakume batek) erantzun zion, eta harekin ezin izan zuen euskaraz komunikatu.

2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Osasun Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

3. 2009ko ekainaren 2an, departamentuko kontseilari andrearen idazki bat jaso genuen, non agertzera ematen baitzuen Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordetzaren plantillan ez dagoela lanposturik euskarazko ezagutza derrigorrezkoa duenik, uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuan jaso bezala.

AZTERKETA

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko II. tituluak, zeinak ezartzen baititu herritarrek Administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, arreta egokirako eskubidea arautzen du, eta 6.2 artikuluan honakoa dio: “era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz”.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.

2. Euskara Nafarroako hizkuntza berekietako bat da. Hala ezarrita dago 18/1986 Foru Legeko 2. artikuluan. Artikulu horretan, halaber, foru legearen beraren ezinbesteko helburutzat jotzen da (1.2.a artikulua) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzea, bai eta eskubide horretaz baliatu ahal izateko tresnak zehaztea ere.

3. Halaber, aipatu 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak aitortzen du eskualde mistoko herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko. Horrenbestez, herritar guztiek, legez, eskubidea dute ahoz euskara erabiltzeko Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordetzako harrera zerbitzuari zuzentzerakoan, zeina eskualde mistoan baitago, eta Administrazioak eskubide hori nahitaez ezagutu behar du.

Zerbitzuan telefonoz erantzuten dagoen funtzionarioak edo enplegatuak hizkuntza horretan ez baldin badaki, Administrazioak ezinbestez itzultzaile bat eduki
beharko du ahozko harreman horretan laguntzeko. Ezin baitio herritarrari eskubide duena eragotzi, euskaraz hitz egitea erabaki badu, zeren eta horrekin abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 1., 2. eta 3. artikuluetan xedatua urratuko bailuke.

4. Foru Komunitateko Administrazioak, bere burua antolatzeko daukan ahalmenaz baliatuta, erabakitzeko tarte zabal bat dauka, aplikatu beharreko bideei eta baliabide osagarriei dagokienez, herritarrak eskualde mistoan dauden zerbitzuetan hitzezko harremanetan euskara erabiltzeko duen eskubidea eraginkorra izan dadin. Baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea edo deiak beste telefono batzuetarako desbideratzeko aukera Administrazioak erabaki beharreko kontu bat da, baina, edonola ere, herritarrek nahi dutenean euskara erabiltzeko eskubidea eraginkorra izan dadin bermatzeko behar adinakoak eta egokiak izan beharko dute.

Kasu honetan, herritarrak euskaraz hitz egin nahi izan du Laguntza Anbulatorioa Koordinatzeko Zuzendariordetzaren […] telefonora deituta, eta komunikazio hori ezin izan zen hizkuntza horretan gauzatu. Horrenbestez, herritarraren eskubide urratu zen. Urraketa hori gertaturik, legezko betebeharren gogorarazpena egin beharrean gaude, bidezkoa baita.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea legez, eskualde mistoko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko zerbitzu guztietan, herritar guztiek euskaraz hitz egiteko duten eskubidea eraginkor bihurtu behar duela.

2. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko
txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

3. Kexa-egileari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia