Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Urtarrilaren 29ko 16/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urtarrila 29

Extranjería

Gaia: Queja por la situación de desprotección que sufre un menor de nacionalidad marroquí

Exp: 08/589/T

: 16

Lana, Gizarte Segurantza eta Atzerritarrak

AURREKARIAK

1. 2008ko azaroaren 24an, Antsoainen helbidea duen [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez kexa bat aurkezten zuen Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurka, Marokoko nazionalitatea duen [?] adingabeak pairatzen duen babesgabetasun egoerari buruz.

Azaltzen zuen Zolinako Behaketa eta Harrera Zentroan, Foru Administrazioaren zaintzapean, 2007an egon zen bitartean tratu desegokia eman ziotela bere adinerako eta eskola-egoerarako, eta kalera ateratzeko muga handiak jarri zitzaizkiola; ez zuela ikastetxera ateratzeko aukerarik izan; tratu laidogarria jasan zuela (delitu-egilea izan balitz bezala); eta edozein tontakeriarengatik zigortu egiten zutela “eusteko” baldintzetan (bakartze ziega).

2007ko irailean, “Félix Echegaray” adingabeentzako zentrora aldatu zuten. Egoitza horretan ez zegoen adingabeentzako inolako hezkuntza programarik. Bertan, irakasle batek etengabeko mehatxuak, zigorrak eta eraso fisikoak eragin zizkion.

Gero, Fiskaltzaren aholkuari jarraituz, kexa-egileak Gizarte Ongizate Departamentuari [?] adingabearen “harrera” edo “zaintza” eskatu zion. Eskari hori 2008ko abuztuaren 8an ezetsi zen.

Abuztuaren 4an [?] adingabeari agindu zioten hezitzaile bat izanen zuela eta 500 euro ordainduko zizkiotela janari, etxebizitza eta abarretako gastuetarako. Azaroaren 24an, oraindik ere asignazio ekonomiko hori eman gabe zegoen, eta kexa-egileak mantenurako, janzteko, eskola-materialerako eta gela bat alokatzeko gastuak aurreratu behar izan zituen. Gainera, berak lagundu behar izan zion eskola-matrikula egitera, sendagilearengana eta abarretara.

2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, 2008ko azaroaren 27an idazki bat igorri genion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentura, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

3. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren txostena urtarrilaren 15ean iritsi zitzaigun. Haren edukitik, egitate jakin batzuk baizik ez ditugu transkribatuko; beste jokabide eta balorazio batzuk, txostenean luze eta zabal azaldutakoak, lagungarri izan zaizkigu egungo egoera zehatzera eraman gaituzten egitateak zein inguruabarretan gertatu diren hobeki ulertzeko, baina gure ustez ez dira hemen jaso beharrekoak, departamentuak emandako datuen konfidentzialtasuna eta [?] Banlaide adingabearen intimitatea errespetatzeko.

Laburbilduz, honakoa azaltzen da departamentuaren txostenean:

[?] 2007ko urtarrilaren 27an sartu zen lehendabiziko aldiz Ilundain Haritz-Berri Fundazioak kudeatzen duen Zolinako Behaketa eta Harrera Zentroan, polizia batek lagunduta eta Fiskaltzaren aurretiko baimenarekin. Ez zuen dokumentaziorik, ez eta hartaz ardura zitekeen inongo pertsona heldurik ere.

Behin zentroan sartuta, adingabeak adierazi zuen Malagan senide batzuk bazituela. Datu hori egiaztatuta, adingabearen beraren ekimenez eta Malagako senide horiek ados zeudela, hara eramateko izapideak egin ziren, eta baja eman zitzaion Behaketa eta Harrera Zentroan. 2007ko martxoaren 25ean, aldiz, [?] Iruñean aurkitu zuten, aurreko inguruabar berdinetan.

Foruzaingoak, Fiskaltzaren jarraibideak betez, adingabea Zolinako Harrera eta Behaketa Zentrora eraman zuen, berriz ere dokumentaziorik gabe zegoelako eta hartaz ardura zitekeen inongo pertsona heldurik ez zuelako.

Egoera horretan, familia-sustrairik gabeko, dokumentaziorik gabeko eta bizirauteko bitartekorik gabeko adingabea zenez, haren babesgabetasun egoera deklaratu zen, Familia, Haur eta Kontsumo zuzendari nagusiaren ekainaren 28ko 795/2007 Ebazpenaren bitartez.

Zolinako Behaketa eta Harrera Zentroan bigarren aldiz sartu zen unetik (2007-03-25) babesgabetasun deklarazioa egin zen egunera (2007-06-28) iragan zen denbora funtsezko bi arrazoirekin azaldu behar da:

a) Alde batetik, adingabea babes-ingurune batean zegoen, eta, horrenbestez, zainduta zegoen. Babesgabetasun egoera teknikoki gertatzen da eta aitortzen da guraso-botereari dagozkion ardurak beteko dituen pertsonarik ez dagoenean. Horri dagokionez, ikertu beharra dago adingabeaz ardura daitekeen beste seniderik ba ote dagoen.

b) Babesgabetasun deklarazioari buruzko ebazpena Poliziaren Goi Buruzagitzara, Atzerritartasun Atalera eta Marokok Bilbon duen Kontsulatura helarazi zen, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltza Nagusira ere.

[?] Zolinako Behaketa eta Harrera Zentroan geratu zen 2007ko irailaren 12ra arte.

Behaketa eta Harrera Zentroan sartu zenetik (2007ko martxoa) [?] adingabearekin lan egiteko hiru ildori ekin zitzaion:

Hari dokumentazioa emateko eta haren egoera erregulatzeko izapideak hastea.

Erroldatzea, osasun laguntza izan zezan.

Haren profilari eta beharrei erantzunen zien prestakuntza-esparru bat bilatzea.

Denbora iragan ahala, [?] Behaketa eta Harrera Zentroko lan egiteko eta bizikidetasuneko sisteman integratzen joaten zen. Profesionalen esanetan, haren ibilbidea oso positiboa izan zen. Bilakaera positibo horrek berarekin ekarri zuen Behaketa eta Harrera Zentrotik kanpora ere denbora librea eduki ahal izatea.

Ez dago haren espedientean jasota inongo diziplina gorabehera larririk, hezkuntza baliabide bereziak erabiltzea eragin duenik.

2007ko irailaren 12an bukatutzat eman zen Behaketa eta Harrera Zentroko egonaldia, eta adingabea “Félix Echegaray” Babes Egoitzara eraman zuten. Egoitza hori Asociación Sin Fronteras elkarteak kudeatzen du. Bertan, adingabearentzako egoitza-harrera administratiboa formalizatzeko izapideak egin ziren.

[?] 2008ko apirilaren 10era arte egon da zentro horretan.

2008ko martxoan, Lodosan (Nafarroa) bizi den haren senide bat, Mohamed... izenekoa, agertu da. Mohamedek adierazten du [?] adingabeaz arduratu nahi duela. [?] adingabeak, bere aldetik, aitaren aldetiko osaba duela adierazten du, eta harekin bizitzea onartzen du. Dirudienez, senide horrek iloba bat ere badu, [?] adingabearen lehengusua dena eta Tuteran (Nafarroa) bizi dena. [?] zaintzen eta artatzen lagunduko dio.

Une hartan baloratu zen [?] adingabearen jarrerak eta jokabideak egoitza-laguntzaren baliabideak bilakaera zuzena izatea eragozten dutela, eta berezitasun horiei erreparatuta erabaki zen egoitzan baja ematea eta babesgabetasun-egoera kentzea, hartaz arduratzeko prest dagoen senide bat badagoelako. Adingabeak berak horixe adierazten eta eskatzen du.

Arrazoi hori dela eta, 2008ko apirilaren 10ean, Familia, Haur eta Kontsumo zuzendari nagusiaren 689/2008 Ebazpenaz, [?] adingabeari baja ematen zaio Asociación Sin Fronteras Elkartean, eta babesgabetasun ebazpena deuseztatzen da.

2008ko ekainaren 19an, [?] Zolinako Behaketa eta Harrera Zentrora sartzen da berriz, Polizia Nazionalak bertara eramaten duelako, eta departamentuko Familia, Haur eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideak betez, poliziak Iruñean eta dokumentaziorik gabe aurkitu duelako.

Errealitate horren aurrean, ondorioztatzen da Mohamed osabak ez duela jakin eskaintzen edo ezin izan duela eskaini [?] adingabeak behar zuena. Adingabea berriz ere babesgabetasun egoeran dago, eta egoera hori berriz ere aitortzen da Familia, Haur eta Kontsumo zuzendari nagusiaren 1057/2008 Ebazpenaren bitartez.

[?] adingabeak ez du inolaz ere onartzen ez Behaketa eta Harrera Zentroan bizitzea, ez Félix Echegaray Egoitzan bizitzea, eta argi eta garbi adierazten du horretara behartzen badute ihes eginen duela. Konponbide egokia bilatu nahi da adingabearentzat, Administrazioaren tutoretzapeko egoerarekin bateragarria izan daitekeena.

Garai horretan, Torres Rubio jaunak sinaturiko eskabide bat jaso zen administrazio honetan . Haren bidez adierazten du [?] adingabeari familia-harrera egin nahi diola.

2008ko abuztuaren 8an, Torres Rubio jaunari erantzun zitzaion, eta jakitera eman zitzaion adingabearen ezaugarriak direla-eta, familia-harreraren figura ez dela harentzako egokiena, eta, horrenbestez, ez dela Torres Rubio jauna adingabearen balizko harreragile gisa baloratuko.

Azkenik, [?] adingabearen goi-interesa aintzat hartuz –datorren urtarrilean 17 urte beteko dituen gaztea da–, harentzat onuragarria izan daitekeen konponbide bat aurkitu dugu, eta bera ere ados dago horrekin: pisu konpartitu batean bizitzea, Familia Zuzendaritza Nagusiaren Adingabeak Babesteko Atalaren laguntzarekin, ikuskatzearekin eta jarraipenarekin, Nerabeentzako Hezkuntza Programaren bitartez. Gainera, laguntza ekonomiko bat emanen zaio pisuaren alogeraren bere zatia ordaintzeko, jateko eta janzteko.

Hori dela eta, Familia, Haur eta Kontsumo zuzendari nagusiaren 1560/2008 Ebazpenaren bitartez, erabaki da adingabea Helduentzako Hezkuntza Programan sartzea eta hileko 500 euroko laguntza ekonomikoa ematea, aurtengo abuztutik abendura bitarterako.

Programa horretan egiaztatzen da [?] adingabeak bere eskola-prestakuntzarekin jarraitzen duela, arazo larririk ez duela eta arazo ekonomikoak besterik ez duela, bere gastuei aurre egiteko dirurik ez duelako. Baliabide ekonomikoak ematen ari zaizkio, eta haiek ikuskatzen, administratzen eta kontrolatzen dira, Nerabeentzako Hezkuntza Programaren bitartez.

Diru-sarreren bide horretaz gainera, Adingabeak Babesteko Ataletik eskudirutan muntako kopuru bat eman zaio, bizi den pisu partekatuko ordainketa bermatzeko. Diru-kopuru hori programako hezitzailearen bidez kudeatzen da.

AZTERKETA

1. Erakunde honen eginkizun garrantzitsuena da herritarrak babestea Administrazioaren balizko gehiegikeriaren eta arduragabekeriaren aurka. Administrazioaren jarduketa goitik behera aztertuta, ez dugu ondorioztatu utzikeriaz, bazterkeriaz, tratu desegokia emanez edo axolagabekeriaz jokatu duenik [?] adingabeak bizi duen egoera dramatikoaren aurrean. Administrazioak etengabe jardun du [?] adingabearen nortasuna bera garatzeko aldekoen edo onuragarrien gerta zitekeen egoera bilatzeko.

Nahikoa da gertatutakoen kontakizuna, departamentuaren txostenean ageri dena, jarraitzea konturatzeko ezin dela egindako lana auzitan jarri. Gertatutako horiek, bestalde, funtsean bat datoz kexa-egileak azaldutakoarekin. Izan ere, Administrazioak erantzun efektiboa eman du egoera dramatiko jakin batean (zentro batean harrera egitea, babesgabetasun deklarazioa, laguntza psikologiko eta sanitarioa, hezkuntza eta mantenua); eta adingabearen goi-interesa bilatu du (jarduera proaktiboz), bai adingabearen familia-ingurunean babesa bilatzeko egin diren bi ahaleginetan, bai beste bizipen baten aldeko apustua eginez (pisu partekatua), azken hori beste aukera bat baita adingabearen nortasunaren garapen osoa eta harmoniatsua lortzeko, betiere Administrazioaren babesaren pean (laguntza, ikuskatzea eta jarraipena).

2. Kexa-idazkian, erakunde honentzat oso kezkagarriak diren egitate eta egoera batzuk jasotzen dira –bakartze ziegak, irainak, zigorrak, tratu txarra–, Konstituzioak babesturiko eskubideen eta askatasunen urratzea suposatzen dutelako.

Aztergai dugun kasu zehatzean, Administrazioak ez ditu ez aitortu, ez onartu jarduera horiek. [?] adingabearen eta zaintzaileen/hezitzaileen arteko ika-mikak adingabearen eraso-jokabideari, konfiantza ezari eta sentiberatasun nabarmenari egozten dizkio.

Bi jarrera horietan dauden kontraesanen aurrean, erakunde honek ezin dio bati besteari baino egiazkotasun handiagorik aitortu. Bestalde, Administrazioari egotzitakoak ez ditu adingabeak berak formulatzen, baizik eta kexa-egileak, zeinak ez baitzituen zuzenean ikusi salatzen dituen egitateak.

Hala eta guztiz ere, erakunde honek berebiziko arreta jarriko du adingabe etorkinen harrera-zentroak ikuskatzerakoan.

3.- Familia, Haur eta Kontsumo zuzendari nagusiaren 1560/2008 Ebazpenaren bitartez, [?] Nerabeentzako Hezkuntza Programan sartu zen, eta hileko 500 euroko laguntza ekonomikoa eman zitzaion, 2008ko abuztutik aurrera ordainduko zena. Laguntza ekonomikoarekin, adingabeak jan, jantzi eta bizi zen pisu partekatua ordaindu behar zuen.

Inguruabar guztiz burokratikoen ondorioz (txosten teknikoa onestea, kontu-hartzailetza), azaroaren 27an adingabeari oraindik batere dirurik ordaindu gabe zegoen Administrazioa, eta jakinarazten dio abenduaren 20tik aurrera ordaintzen hasiko zaiola.

Dirusarrerarik ez izateak antsietate nahasteak eragin zizkion adingabeari (pisukideek kanporatzeko mehatxua egiten zioten, ordaintzen ez bazuen); eta erabateko babesgabetasuna (ez zuen zerekin jantzi, jan, sendagaiak ordaindu).

Nerabeentzako Hezkuntza Programaren helburuak ez ziren betetzen ari. [?] adingabeak ez zuen agindutako laguntza ekonomikoa jasotzen; ezin zien, horrenbestez, bere bizitzako oinarrizko premiei erantzun.

Administrazioaz eta adingabeaz besteko hirugarren pertsona baten esku-hartzeak konponbidea eman zion, neurri batean, arazoari, bere poltsikotik [?] adingabearen gutxieneko gastuak ordaintzeko behar zen dirua aurreratu baitzuen. Jokabide txalogarria, berebiziko garrantzia izan duena eta agerian utzi duena Administrazioak muturreko egoerei berehalako erantzuna emateko duen ezintasuna. Administrazioaren erantzuna, bestalde, jada modu zuzen eta eraginkorrean bideratua zegoen.

Horrenbestez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ez zuen jardun Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3. artikuluan ezarritako eraginkortasun printzipioaren arabera, eta bere jardunaren ondorioz urratu egin zuen Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen arabera adingabeak aitortuak dituen gutxieneko zerbitzuak eta prestazioak jasotzeko duen eskubidea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1.. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren jardunak kaltetu duela [?] adingabearen eskubidea, hain zuzen ere Administrazioak berak bere buruari ezarritako babes eta zaintza betebeharrei dagokiena.

2. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez bere jarduna eraginkortasun printzipioari egokitu behar diola eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak exijitzen dituen prestazio sozialetan kalitate gutxienekoak bete behar dituela.

3. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

4. Interesdunari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia