Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Disconformidad con el concepto de “empadronamiento ininterrumpido” en el procedimiento de adjudicación de viviendas protegidas
Exp: 09/93/U
Nº: 39
Etxebizitza
1. 2009k otsailaren 2an, [?] andreak aurkeztutako txosten bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen etxebizitza babestuak adjudikatzeko prozedurari buruz.
Azaltzen du azkan kanpainan parte hartu duela, eta Nafarroan etenik gabe erroldatuta egon dela egiaztatu duela. Hala eta guztiz ere, ez diote punturik batere eman kontzeptu horrengatik. Adierazi duenaren arabera, arrazoia da 2006an eta 2007an tarte laburretan Londresen lan egiten jardun duela.
Interesdunak uste du egoera hori zuzengabea dela berak bezala Iruñean bizitza osoa bizitzen eman duen pertsona batentzat. Halaber, baztertzailetzat jotzen du 35 urtetik gorako pertsonek puntu gutxiago izatea. Izan ere, bere kasuan paradoxa bat gertatzen da: zenbat eta urte gehiago izan eta, horrenbestez, inoiz ere jabetzan etxebizitzarik izan ez duen pertsona batentzat, premia handiagoa izan, orduan eta puntu gutxiago lortzen dira baremoan, eta, horrenbestez, orduan eta aukera gutxiago etxebizitza babestua lortzeko. Hori dela eta, datozen deialdietan baldintza horiek kentzeko eskatzen du.
2. Otsailaren 2an, erakunde honek Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gaiari buruzko informazioa eskatu zion.
Departamentuak erantzuna emateko txostena otsailaren 20an sartu zen erakunde honetan, eta honakoa zioen hitzez hitz:
“Horri dagokionez, esan beharra dago kexa-egileak otsailaren 3an alegazioak aurkeztu dituela behin-behineko puntuazioaren aurka. Hemendik gutxira alegazio erantzun formala emanen zaio.
Kexa-egileak, etxebizitza eskatzeko eskarian erantsi zituen 2005ean, 2006an eta 2007ko aldi batean Ingalaterran lortu zituen diru-sarrerak. Horrenbestez, 2005eko apirilaren 5etik 2006ko apirilaren 4ra Fernández andreak 26.942,52 libra (39.000 euro inguru) eskuratu zituen, eta 2006tik 2007ra bitarteko epe berean 18.287,38 libra (26.800 euro inguru) eskuratu zituen. Diru-sarrera horiek guztiak entitate beraren eskutik lortu zituen, eta horrekin erakusten du enpleguan egonkortasuna bazuela. Hori bateraezina da Londresen denbora-tarte txikiak egotearekin, are gehiago jasota ez dagoenean kexa-egileak, bere diru-sarrerak gorabehera, Foru Ogasunean PFEZaren aitorpena aurkeztu zuenik 2006an, hori egitera behartuta zegoen arren, foru komunitatean 6 hilabete baino gehiago egon zelako. Halaber, nabarmendu behar dela kexa-egilearen semea Londresen jaio zela 2006an, eta herritar britainiar bat duela bikotekide. Bikotekide horrek Espainian du erkidego-egoitza 2008ko urtarrilaren 2tik.
Horrek guztiak erakusten du, [?] andreak adierazitakoaren aurka, Londresen egin duen egonaldia ez dela tarte laburretakoa izan. Izan ere, ondoriozta daiteke kexa-egilearen bizitoki erreal eta efektiboa gutxienez ere 2005ean eta 2006an Londres izan zela.
Bestalde, kexa-egileak baztertzailetzat jotzen du 35 urtetik gorako pertsonek puntu gutxiago izatea. Izan ere, bere kasuan paradoxa bat gertatzen da: zenbat eta urte gehiago izan eta, horrenbestez, inoiz ere jabetzan etxebizitzarik izan ez duen pertsona batentzat, premia handiagoa izan, orduan eta puntu gutxiago lortzen dira baremoan, eta, horrenbestez, orduan eta aukera gutxiago etxebizitza babestua lortzeko. Hori dela eta, datozen deialdietan baldintza horiek kentzeko eskatzen du.
Horri buruz, esan beharra daukagu baremo bat ezartzeak berarekin dakarrela eskatzaile batzuk beste batzuen aurretik jartzea, inguruabar pertsonalei dagokienez. Hala eta guztiz ere, adina puntuatzen den baremoko atala kendu egin da departamentu hau prestatzen ari den etxebizitzari buruzko foru legearen aurreproiektuaren zirriborroan.
Zure erakundeak egiten duen lana errazteko, honako dokumentazioa eransten dizut:
1. Espainiako Konstituzioaren 42. artikuluak honakoa ezartzen du politika sozial eta ekonomikoaren printzipio zuzendari gisa: “Estatua bereziki arduratuko da atzerrian diren langile espainiarren eskubide ekonomiko eta sozialak zaintzeaz, eta langile horiek itzultzea izango du jomuga bere politikan”.
Atzerrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legeak, Konstituzioaren aipatu artikulua betetzeko, emigrazioari eta itzulerari buruzko politika integral bat ezarri zuen, emigranteen eskubide ekonomiko eta sozialak zaintzeko eta haien gizarteratzea eta laneratzea errazteko.
Legea, azken xedapenetako bigarrenean ezarri bezala, Espainiako Konstituzioko 149. artikuluko 1. idatz-zatiko 2. zenbakiaren babesean egin zen, hain zuzen ere, Estatuari emigrazioaren arloko eskumen osoa aitortzen baitio.
2. Horrenbestez, lege horren xedea da Estatuak, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta toki korporazioekin batera, politika integral bat sustatzea atzerrian bizi eta Nafarroako jatorria dutenen itzulera errazteko (26.1 artikulua), eta, aldi berean, 26.4 artikuluan botere publikoei (Nafarroako Gobernua) agintzen die itzuli diren emigranteen etxebizitzarako sarbidea susta dezaten, kolektibo horretakoen berariazko premia kontuan hartuta.
Halaber, lege horren 1.1 artikulua argia da horri buruz ari dela, eta printzipio gisa ezartzen du “atzerrian diren herritar espainiarrei bermatzea Konstituzioko eskubideez eta betebeharrez baliatu ahal izatea Espainiako lurraldean bizi diren espainiarrekiko berdintasun baldintzetan”. Konstituzioko eskubide horien artean, etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea dago (Espainiako Konstituzioko 47. artikulua).
Atzerrian dagoen espainiarra eta nazioko lurraldean geratzen dena berdin tratatzeari buruzko printzipio hori bera Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 5.2 artikuluan jaso zen. Agindu horren arabera, atzerrian bizi eta azken etxebizitza administratiboa Nafarroan eduki duten espainiarrek Nafarroan bizi direnen eskubide politiko berberak (eskubide politiko subjektiboak uler bedi) eduki beharko dituzte.
3. Bestalde, azpimarratu beharra dago erakunde honen ustez Atzarrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legearen edukia, Estatutuko legedi esklusiboa den aldetik, autonomia erkidego guztietan zabaltzekoa eta aplikatzekoa dela, Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan Etxebizitzari Babes Publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legeko bederatzigarren xedapen gehigarriaren tokia ere hartzeraino.
4. Azken batean, babes ofizialeko etxebizitza bat izateko aukera emanen dion puntuazioa emateari begira, Nafarroan azken bizitoki administratiboa izan duen espainiar bati atzerrian eman duen denbora erroldako antzinatasunaren ondorioetarako ez zenbatesteak, Londresen bizitzen (zentzu zabalean uler bedi) egon izate hutsarengatik, antolamendu juridikoak konstituzio-eskubideez baliatzeko orduan atzerrian den espainiarraren eta nazioko lurraldean bizi den espainiarraren artean ezarritako berdintasun printzipioa urratzen du, eta, horrenbestez, Espainiako Konstituzioko 14. artikuluak aldarrikatutako berdintasun printzipioa urratzen du. Era berean, Espainiako Konstituzioko 47. artikuluak etxebizitza duin eta egokia izateko ezarritako eskubidea ukatzen du.
Hori dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. [?] andreari “de facto” babes ofizialeko etxebizitza bat eskura dezan eragoztea, Iruñean azken urteetan egoitza efektiboa eta etenik gabea izateari buruzko puntuazioa ez emateagatik, emigrantea izan delako, bi urtez Londresen bizi izan baita, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluan ezarritako printzipio bat urratzea da, hain zuzen ere legearen aurreko berdintasunari buruzkoa, emigrantea izatearen inguruabar pertsonalaren ondoriozko bazterkeria nagusitu delako.
2. Deklaratzen dugu hautsi egin direla Espainiako Konstituzioaren 42. artikuluan ezarritako printzipio konstituzionalak, hain zuzen ere atzerrian diren langile espainiarren eskubide ekonomiko eta sozialak zaintzeari buruzkoa eta 47. artikuluan ezarritakoa, etxebizitza duin eta egokia izateari buruzkoa.
3. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoraraztea legez Atzerrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legeko 1.1 artikulua eta harekin lotutakoak zorrotz bete behar dituela.
4. Bi hilabeteko epea ematea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari egindako legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko egokitzat jotzen dituen arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dugula kasua, aipatu legeko bigarren atalean ezarritako moduan.
5. Ebazpen hau [?] andreari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinaraztea, eta adieraztea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.
Adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia