Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 9ko 222/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 azaroa 17

Gizarte ongizatea

Gaia: Falta de recursos asistenciales para enfermos mentales

Exp: 09/523/B

: 222

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2009ko abuztuaren 3an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen du bere anaiak, [?] jaunak, pairatzen duen egoera dela eta.

    Azaldutakoaren arabera, [?] jaunak buru-gaixotasun bat dauka, eta gaur egun laguntza hartzen du Palentziako San Luis Ospitalean. Ospitale horretara joateko orientabideak Nafarroako Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan eman zizkioten.

    Kexa-egileak azaltzen du [?] jauna Nafarroako Gobernuko Infanta Elena Zentroan hiru urtez ingresaturik egon zela, baina jokabide-arazoak tarteko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan gomendatu zioten hartatik ateratzeko. Ondoren, Zaragozako zentro batean ingresatu zuten, baina hartan hamabost egunez baino ez zen egon. Gero, urte erdiz, bere anaiarekin –kexa aurkeztu duena– bizi izan zen, harentzako zentro egokia bilatu bitartean.

    Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak eskainitako aukera guztietatik batere ez zen egokia (Kadiz, Sevilla eta Palentzia). Horiek guztiak ikusita, Palentzian ingresatzearen aldeko hautua egin zuten familian, geografikoki hurbilena zelako, nahiz eta familiarentzat kostu handia izan, arlo emozionalean zein ekonomikoan.

    Azaltzen digu behin eta berriz eskatu duela bere anaia Nafarroako zentro espezializaturen batera ekar dezaten, baina departamentuak ezezkoa ematen diola behin eta berriz, tokirik ez dagoela argudiatuta. Zuzengabetzat jotzen du bere anaiari behar duen zerbitzua ez ematea Nafarroan, horrek harentzat eta senideentzat ere dakarren kaltearekin.

  2. 2009ko abuztuaren 10ean, txostena eskatu zitzaion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari. Emandako epea txostenik jaso gabe iragan zenez, 2009ko irailaren 29an berriz ere eskatu zitzaion informazioa. Eskari horren erantzunik ere ez zaigu heldu, emandako epean.

AZTERKETA

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.

Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.

Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.”

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Ulertzea urratu egin dela [?] jaunak Nafarroan zentro espezializatu batean egoitza-toki bat edukitzeko daukan eskubidea, zeren eta inplikaturiko Administrazioak ez baitu kontrakoa egiaztatu.

  2. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez bete behar duela beti Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa.

  3. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea behar diren urratsak egin ditzan [?] jaunari ahal den bezain azkar egoitza-toki bat emateko Nafarroako zentro espezializatu batean.

  4. Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  5. Nabarmentzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak erakunde honi laguntzarik ez emateko jarrera erakutsi duela, 2009ko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasotzearen ondorioetarako; halaber, udal hori Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan –Nafarroako Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. NPAO)– sartzea, eta sartze horren berri ematea erakundearen webgunean, (kargua) eta (kargua) izenak berariaz aipatuz, baldin eta ebazpen honi arrazoiak emanez erantzuten ez badio edo hartan ezarritako irizpidea onartzen ez badu.

  6. Erabaki hau Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eta kexa-egileari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin dela ebazpen honen aurkako errekurtsorik aurkeztu.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia