Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: No le valoran en fase concursal la experiencia como profesor
Exp: 10/761/F
Nº: 206
Funtzio Publikoa
2010eko urriaren 4an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurka, irakasle gisa emandako zerbitzuak ez sartzeagatik oposizio-lehiaketa batean puntuatzekoak ziren merezimenduen artean.
Azaltzen du Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioaren peko kudeaketa-esparruko Musikako Irakasleen Kidegora sartzeko oposizio-lehiaketa bidezko hautapen prozeduran hartu zuela parte, “Pianoa, gaztelaniaz” espezialitatean. Oposizio-lehiaketarako deia Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 2470/2009 Ebazpenaren bitartez egin zen.
Hautapen prozesuan zehar, lehiaketa faseari zegozkion merezimenduen behin betiko balorazioak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 14ko 1860/2010 Ebazpenaren bidez esleitu ziren behin betiko, eta, bestalde, ezetsi egin zen interesdunak aurkeztutako alegazioa –Vázquez de Mella ikastetxe publikoan destinoa edukita 1999ko irailaren 24tik 2003ko abuztuaren 31ra bitarte musikako (piano) irakasle espezialista gisa izandako irakasle esperientzia baloratzeko eskatzekoa, zeren eta epe horretan Hezkuntza Departamentua kontratatuta jardun baitzuen, gainerako irakasleen eginkizun eta eginbehar berak betez; esate baterako, jolastokiak, guardiak eta lehen hezkuntza orokorreko gainerako maisu-maistrak ordeztea. Kontratazio hori hautapen-proba batzuen ondorioz egin zitzaion, baina haietan, ez zitzaien izangaiei exijitu ez maisu-maistra titulua, ez oinarrizko hezkuntza orokorreko irakaslea izatearen diploma.
Azaltzen du bere asmoa zela irakasle gisa izandako esperientziari dagozkion lau ikasturteak baloratzea, baina asmo hori ezetsi egin zela, zeren eta Administrazioak alegazioei emandako erantzunean adierazi bezala, “erreklamatzen dituen zerbitzuak ez baitira hartzen irakasleen kidegoetako espezialitateetan izandako irakasle-esperientziatzat, deialdiko baremoan exijitzen den bezala”. Baieztapen horren aurrean, adierazten zuen ez zegoela ados, zeren eta “izangaia aurkezten den kidegoaz beste kidego batzuetako espezialitateetan, ikastetxe publikoetan, izandako irakasle-esperientziatzat hartu behar baitziren (deialdiko 1. eranskineko 1.2 idatz-zatia).
Gehitzen zuen, 1999tik 2003ra bitarteko lau ikasturtetan irakasle-kidegoetan hartu zuen irakasle-esperientzia ezesten bazitzaion, gutxienez ere kontuan hartu behar zitzaiola Vázquez de Mella Ikastetxeko Musikako Irakaskuntza Integratuen Zentroko hezkuntza proiektuan; izan ere, balorazio hori deialdiko I. eranskineko III. atalean jasota zegoen: “Hezkuntza proiektuetan izandako parte-hartzea: a) Ikasturte bakoitzeko parte-hartze bakoitzarengatik: 0’2000 ”.
Amaieran, eskatzen zuen lau ikasturteetako irakasle esperientzia deialdiko baremoko I. eranskineko 1.2 idatz-zatian ezarri bezala baloratzeko. Subsidiarioki aurreko idatz-zatian sartzerik ez badago, eskatzen du izan duen irakasle-esperientzia balora dakiola, I. eranskineko 1.1 idatz-zatian jasotakoaren arabera. Eta, azkeneko aukera gisa, ez ba da aintzat hartzen lau ikasturte horiek aurretik izandako irakasle-esperientzia gisa kontatu behar direla, eskatzen du hezkuntza-proiektuetan izandako parte-hartzeen gisara hartzeko (deialdiko I. eranskineko III. idatz zatia).
2010eko urriaren 25ean, Hezkuntza Departamentuak igorritako txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
[?] jaunak, zeinak Musika eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko piano espezialitatean parte hartu baitu, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 2370/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako oposizio-lehiaketan, eskatzen du kontuan har dakiola Vázquez de Mella ikastetxe publikoan pianoko irakasle espezialista gisa 1999ko irailaren 24tik 2003ko abuztuaren 31ra izandako irakasle-esperientzia.
Deialdian ezarritakoari jarraituz –merezimenduen baremoko I. idatz-zatia–, ikastetxe publikoetan izandako esperientziarengatik, baremoaren ondorioetarako, kontuan har daitekeen esperientzia edo irakasle-kidego berean izandakoa ( baremoko I.1 idatz-zatian jasotako merezimendua), edo sartu nahi den kidegokoak ez diren espezialitateetan izandakoa, betiere beste kidego batzuetakoa baldin bada.
Interesdunak eskatzen du bere zerbitzu-orrian “irakasle espezialista” lanbide-kategoriako esperientzia gisa jasotakoa kontuan har dakiola irakasle-kidego batean izandakoa balitz bezala, hain zuzen ere maisu-maistren kidegoan; horrenbestez, bere ustez, baremoko I.2 idatz-zatian ezarritakoaren arabera kontatu beharko litzaioke, edo, subsidiarioki, I.1 idatz zatian ezarritakoaren arabera.
Alabaina, bere zerbitzu-orrian jasota ageri da musikako irakasle espezialista gisa izandako esperientzia, piano espezialitatean, 1999ko irailaren 24tik hasi eta 2003ko abuzturen 31ra artekoa, hain zuzen ere Vázquez de Mella ikastetxe publikoan ondoz ondo egin zaizkion lau kontraturen bidez gauzatu zena.
Bestalde, irakasle espezialistaren figura Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legean (LOGSE) lanbide heziketaren esparruan dago jasota, 33. artikuluan, eta arte-irakaskuntzen esparruan, hamabosgarren xedapen gehigarriaren arabera.
Zehazki, azken xedapen horrek ezartzen du “administrazio eskudunek irakasle espezialistak kontratatu ahalko dituztela musikaren eta arte eszenikoen irakaskuntzetarako, hain zuzen ere lege honetako 33.2 artikuluan ezarritako baldintzetan”. Horrela, ezartzen da ezen ikastetxe publikoetan “profesional horiekin” aldi baterako kontratuak egin ahalko direla, zuzenbide administratiboaren araubidearen pean.
Abuztuaren 2ko 260/1999 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitaterako arautzen da profesional espezialisten kontratazioetarako eta izendapenetarako araubidea, beren esperientzia eta aritzen direneko produkzio sektorean dauzkaten ezagupenak ezagutzera eman ahal ditzaten, lanbide heziketaren arloan, arte plastikoetan, musikan eta arte eszenikoetan.
Irakasle espezialistek laguntza eman dezaketen arloa, gaiak edo moduluak Hezkuntza Departamentuak zehaztuko ditu, arloaren, gaiaren nahiz moduluaren izaera berritzailearen arabera, edo, bestela, arloan, gaian edo moduluan behar den espezializazio gehigarriaren mailaren arabera, hain zuzen ere kontratazioa justifikatzen duenaren arabera.
Nolanahi ere, foru dekretuak, LOGSEk bezalaxe, inoiz ere ez du kontratu mota hori irakasle kontratu gisa definitzen, horrelakotzat ulerturik irakasleen kidegoetakoak direnak, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako 1/1990 Lege Organikoan definitzen diren bezalaxe; izan ere, arau hori da indarra zuena errekurtso-egilearen kontratazioa gertatu zenean. Izan ere, foru dekretuak ezartzen du lan arloko profesional horrek gai edo modulu batzuetan parte hartuko duela, “lankidetza” gisa, eta haren kontratazioaren xedea honelaxe definitzen da, berariaz, xedapen horretako 1. artikuluan: “bere esperientzia eta ezagupenak ezagutzera ematea”.
Errekurtso-egilearen kontratazioari dagokionez, inoiz ere ez da irakasle gisako zerbitzu-prestazioaz hitz egiten, eta, horrenbestez, ezinen litzateke ulertu maisu gisa kontraturik egon zenik berak erreklamatzen duen aldian; bai, ordea, hartu behar dira horrelakotzat bere zerbitzu-orrian islatutako beste lan-aldi batzuk, besteak beste 2004an bigarren hezkuntzako irakasleen lanbide-kategorian egin zuena.
Horrenbestez, azken irakasle-figura horiek bereizi behar dira errekurtso-egileak musikako irakasle-espezialista gisa –hau da, profesional espezialista gisa– egin zuen hartatik, eta esan beharra dago azken hori ezin dela kontuan izan maisu-maistren kidegoan emandako esperientzia gisa, nahiz eta interesdunak zeregin horretan haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publiko batean jardun.
Azaldutakoaren arabera, [?] jaunak erreklamatzen duen irakasle-esperientzia ezin da merezimenduen baremoko I. idatz-zatian kontatu.
Bestalde, eta beste kasu batean interesdunak Vázquez de Mella ikastetxe publikoaren hezkuntza proiektuan parte hartu zuela jotzeari dagokionez, esan beharra dago interesdunak ez duela merezimendu hori alegatu administrazio-prozeduraren inongo unetan, ez eta aurkeztu zuen gora jotzeko errekurtsoan ere, eta ez duela aurkeztu lan hori merezimenduen baremoko III. ataleko hezkuntza-proiektu gisa hartzeko eskatzen zen dokumentazioa –hau da, organo eskudunaren ziurtagiri bat, non kreditatuko baita proiektu jakin batean parte hartu duela edo koordinazio lanak egin dituela. Horrenbestez, inolaz ere ezinen litzateke interesdunak irakasle espezialista gisa izan zuen esperientzia hezkuntza-proiektu bihurtu.
Hori guztia dela eta, jotzen dugu, ezen, musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketarako deialdiaren arabera, ezin dela ontzat jo interesdunaren asmoa.
Kexaren xedeari buruzko aipamen orokor gisa, gogoratu beharra dago ezen, behin eta berriz eman den jurisprudentziaren arabera, deialdiko oinarriak direla kasuko hautapen-prozesua egokitu behar zaion legea. Kasu honetan, musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoan sartzeko merezimenduen baloraziorako baremoko I. eranskinak, aurrez izandako irakasle-esperientziari buruzko epigrafean, 1.1 atalean, honakoa puntuatzen da: “izangaia aurkezten deneko kidegoko espezialitateetan ikastetxe publikoetan izandako irakasle esperientzia”. Horrenbestez, atal horri dagokion puntuazioa lehiaketa aplikatu ahal izateko bete behar den baldintza da kexa-egilearen irakasle-esperientzia, 1999ko irailaren 24tik 2003ko abuztuaren 31ra bitarteko aldian lortutakoa, musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoko espezialitateetako batean lortua izatea.
Bestalde, kexa-egileak bere idazkian eskatzen du, subsidiarioki, esperientzia deialdiko beste atal batzuetan kontatzen ez bazaio, kontuan har dakiola Vázquez de Mella Ikastetxeko Musikako Irakaskuntza Integratuen Zentroko hezkuntza-proiektuan parte hartu zuela (Hezkuntza proiektuetan izandako parte-hartzea: a) Ikasturte bakoitzeko parte-hartze bakoitzarengatik: 0’2000; eta b) Ikasturte bakoitzeko koordinazio-lan bakoitzarengatik: 0`5000 puntu).
Erakunde honen iritziz, ezin zaio III. ataleko berariazko puntuazioa aplikatu hemen aztertzen ari garen gaiari, hain zuzen ere ondoko arrazoiengatik:
III. atalean, besteak beste, “hezkuntza-proiektuetako parte-hartzea” puntuatzen da. Deialdiko baremoaren ikuspegi hermeneutiko batetik, hezkuntza-proiektuetan parte-hartzea honakoan datza: hezkuntzarekin zerikusia duten proiektuak lantzea, ikertzea, aztertzea edo proposatzea; baina ez da ezer aipatzen horrelako proiektuak betearazteari buruz, zeren eta betearazte hori ez baita irakaskuntza-lana gauzatzeaz besterik.
Horrenbestez, ezin da kexa-egilearen irakasle esperientzia deialdiko I. eranskineko III. atalak “beste merezimendu batzuei” esleitzen dien puntuazioarekin.
Horrenbestez, deialdiko oinarriak direnez lehiaketaren garapen osoak bete beharreko arau juridikoa, haren aginduari aurka egiteak oinarri horietan jasotako arau juridikoen aurkako urratze eta arau-hauste administratibo bat izanen litzateke.
Kexa-egilea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak kontratatuta jardun zuen pianoko irakasle espezialista gisa, lau ikasturtetan zehar, 1999ko irailetik 2003ko abuztuaren 31ra. Aldi horretan, irakasle espezialista lanetan jardun zuen Iruñeko Vázquez de Mella ikastetxe publikoan.
Lau ikasturte horietan, interesdunaren lanbide jarduna zen maisu-eginkizunak betetzean pianoko espezialitatean, zeren eta ikastetxe publikoko gainerako irakasleen zerbitzu berberak ematen baitzituen; esate baterako, jolastokiko arduradun-zaintzailea izatea, guardiak egitea, lehen hezkuntza orokorreko gainerako maisu-maistren ordezkapenak egitea eta 3 urteko ikasleen haur hezkuntzako etapako musika-eskolak ematea. Hau da, aipatutako irakasleak irakasle-esperientzia bat hartu zuen, zeina, Hezkuntza Departamentuak berak aitortu izan baitu aurreko baremazio batzuetan, pianoko irakasleen aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak egitekoetan hain zuzen ere.
Ez da kongruentea, bada, konfiantza legitimoaren printzipioa urratzen baitu, Hezkuntza Departamentuak, egoera berean –hau da, kexa-egileak Vázquez de Mella ikastetxean 1999ko irailetik 2003ko abuztura bitarte izandako lan-esperientzia–, prozedura batean irakasle-esperientziatzat hartzea eta beste batean halakotzat ez hartzea.
Aurreko lerrokadetan adierazitakoaren indargarri, adierazi beharra dago Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako 1/1990 Lege Organikoko (LOGSE) 33. artikuluaren babesean kontratatutako irakasle espezialistarena lan-esperientzia den ala ez erabakitzea, jada ebatzita dagoela Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Legean Organikoa garatzeko lege autonomikoetan, hain zuzen ere Andaluziako Hezkuntzari buruzko abenduaren 10eko 17/2007 Legean, hauxe ezartzen baitu 13.3 a) artikuluan: maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari jarraituz, “irakasle espezialistaren” irakasle-eginkizunak beteko dituela. Ildo beretik, Kataluniako Hezkuntzari buruzko uztailaren 10eko 12/2009 Legeko 113. artikuluak irakasle espezialista irakasleen funtzio publikoaren barruan sartzen du, eta esaten du irakasle hori lan kontratuduna nahiz administrazio-kontratuduna izan daitekeela.
Azken batean, erakunde honen iritziz jotzen denez kexa-egilearen lan esperientzia, Vázquez de Mella ikastetxe publikoko pianoko irakasle espezialista gisa izandakoa, “aurrez izandako irakasle esperientzia bat dela, bidezkoa litzateke hura puntuatzea egindako irakasle lanekin hobekien uztartzen den baremoko atalean, hau da, deialdiko I. eranskineko 1.2 atalean: “Izangaia aurkezten den kidegoaz beste kidego batzuetako espezialitateetan, ikastetxe publikoetan, izandako irakasle-esperientziako urte bakoitzeko: 0,350 puntu”.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoan sartzeko izangaia den kexa-egilearen irakasle-esperientzia balora dezala, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 2470/2009 Ebazpenaren bitartez deitutako oposizio-lehiaketako merezimenduen baremoaren arabera; zehazki, gomendatzen diogu balora dezala Vázquez de Mella ikastetxe publikoan 1999ko irailetik 2003ko abuztura bitarteko ikasturteetan egindako lana, hain zuzen ere interesduna aurkeztu deneko kidegoaz bestelako espezialitateetan ikastetxe publiko batean izandako irakasle-esperientziako urte bakoitzeko 0,350 puntu emanez.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hori onartu duela adieraz dezan edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia